«Azken aste honetan puxika lehergaiak jaurti dituzte Gazatik Israelgo lurraldeetara. Horri erantzunez, Israelgo eraso hegazkinek eta tankeek eraso egin diete Hamasen hainbat helburu militarri», adierazi du Israelgo armadak ohar bidez.
Aurreko egunetan, hainbat gune bonbardatu ditu Israelek Gazako zerrendan, eta, horrez gain, lurraldeak salgaientzat duen sarbide bakarra itxi eta arrantzarako eremua murriztu du hemezortzi itsas miliatik hamabost miliara. Neurri horiei gehitu die lurraldean erregaia sartzeko debekua. Benny Gantz defentsa ministroak eman zuen agindua, atzo.
Gazako Arrantzaleen Kofradiak asteazkenean salatu zuen Israelek arrantzarako itsas eremua hamabost miliara murriztu duen arren, Israelgo itsasontzi militarrek gehienez ere zortzi miliatan arrantzatzera behartu dituztela.
Gazatik Israelera puxika bidez bidalitako dozenaka lehergaiek gutxienez 24 sute eragin zituzten asteazkenean, eta 70 inguru asteartean.