Israelek giza hondamendia eragin du Libanon

Israelgo tropak atsedenik hartu gabe erasotzen ari zaizkie Hezbollahren kokaguneei, eta atergabe zigortzen ari dira milizia hori dabilen eskualdeetako herritarrak. Izan ere, Hezbollahren kontra altxatzera bultzatu nahi dituzte libanoarrak.

Libanoko barne desplazatu batzuk Beirut erdialdean, joan den urriaren 9an. EFE
Libanoko barne desplazatu batzuk Beirut erdialdean, joan den urriaren 9an. EFE
Beirut
2024ko urriaren 12a
05:05
Entzun

Aurreko astearte gauean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk dei egin zien libanoarrei Hezbollahrekiko lotura hauts dezaten eta Ekialde Hurbileko perla bihur dezaten berriz Libano. Haren hitzek zur eta lur utzi zituzten Mohamed Al-Amin meskita kolosalean sartzeko arkupetan zeudenak, Beiruteko Martirien plazan. Han, dozenaka lagunek orduak eta orduak ematen dituzte lurrean etzanda, alfonbra gainean, ihesi alde egin behar izan baitute beren auzoetatik, israeldarren bonbardaketa etengabeen ondorioz. Askok ez dakite etxea zutik daukaten ere.

Bi aste badira israeldarren tropek dozenaka misil jaurtitzen dituztela egunero Dahie-n, Beiruteko aldirietan, non Hezbollahk presentzia handia baitu. Israelek dio miliziaren kokaguneen kontra ari dela, baina Libanoko hiriburuaren muin demografikoa dira auzo horiek. Hantxe bizi dira ehunka mila lagun —kalkulu batzuen arabera, 700.000—, eta gehienek ez dute inolako zerikusirik Hezbollahrekin. Orain ia inor ez dago Dahien, hango hondamendiak gero eta antz handiagoa baitu Gazakoarekin.

Meskitako eskaileretan babesa hartuta daude Baalbek-etik iritsitako hainbat ere: 500 metrora erortzen zaizkie bonbak Bekaako mendietako hiri horretan, zeina ezaguna baita erromatarren garaiko ondareagatik. Han ere badago Hezbollah, eta Israel gogor erasotzen ari zaio. «Niri ez zaizkit gustatzen ez Hezbollah eta ez Israel», azaldu du Baalbeken bizi den gazte batek, Alik. «Niri natura gustatzen zait, igeri egitea, tekno musika. Bizitzea», esan du purrustaka, haserre. Hizketan egin bidenabar, ezin konta ahala argazki erakutsi dizkigu: bere lurra, bere baratzea, bere traktorea. «Horra hor paradisua», nabarmendu du berriz.

«Desplazatu gehienek ez dute ezeren kulparik, eta ez dute batere loturarik inolako erakunderekin»

MARWABeiruteko herritarra

Ondoan eserita, arreba Marwa dago, eta hark ere ezin du sinetsi Libano halako zoritxarrak jota egotea. Israelek behin eta berriz esaten du Hezbollahren kontra ari dela, baina gazteak argi azaldu du zein den Libanoko askoren irudipena: «Desplazatu gehienek ez dute ezeren kulparik, eta ez dute batere loturarik inolako erakunderekin», segurtatu du Marwak, hunkituta eta bere eta ingurukoen egoeragatik minduta. «Libanoarrak gara, musulmanak, eta gorroto ditugu alderdi politikoak», bota du, Hezbollah aipatu gabe.

Zibilen mina estrategia militar gisa

Zenbait aditu militarrek uste dute gaur egungo historiako gerra kanpainarik handiena dela israeldarrak Gazaren kontra egiten ari direna, Bigarren Mundu Gerran Dresden eta Alemaniako hiri batzuetan izandakoa baino ere larriagoa. Bada, aditu talde batzuek, hala nola Airwars taldeak, adierazi dute 2023ko urriaz geroztik Gazan gertatutakoarekin baino ezin dela parekatu Israel Libanoren kontra egiten ari den erasoaldia.

Aditu talde horrek segurtatu du Israelek 1.000 misil baino gehiago ere jaurti izan dituela egunean Libanoren kontra —Nafarroaren tamainakoa da Libano—. Halaxe dabiltza irailaren 23az geroztik, egun hartantxe gogortu baitzuen Israelek Libanoren kontrako erasoaldia, eta gerra-gerra bihurtu, argudiaturik «mugaz bestaldeko egoera aldatu» eta, hartara, Libanora bidali nahi dituztela Israel iparraldean urtebete baino gehiago daramaten libanoarrak —Israelentzat gastu handia da haiei ostatu ematea—.

Badirudi Israelek bi bidetatik irabazi nahi diola Hezbollahri. Bata, zuzenekoa, hauxe: miliziak Libano hegoaldean duen indarra ahuldu nahi du, eta, aldi berean, hornigaiei bidea itxi —horrexegatik bonbardatzen ditu Siriako mugak, hala nola Masnaa pasabidea, handik egin baitute ihes ia milioi erdi lagunek joan deneko bi astean—. Estrategia horren parte da, era berean, Hezbollahren buruzagirik garrantzitsuenak hiltzea: besteak beste, Hasan Nasrallah, 30 urtean buru nagusia izandakoa. Hura hil izana miliziaren kontrako kolpe polikoa ez ezik kolpe morala ere izan da, jainko halako bat baitzen bere jarraitzaileentzat, aita moduko bat.

(ID_14317941) LEBANON ISRAEL CONFLICT
Beiruteko herritar batzuk Israelek eragindako txikizioari begiratzen, urriaren 7an. WAEL HAMZEH  / EFE

Beste bidea, zeharkakoa, gizarteari egindako minarekin lotua dago. Israelen asmoa zera da: jendea hilez, lekuz aldatzera behartuz eta triskantzak eraginez, Israelek giza hondamendia eragin nahi du Hezbollahk presentzia eta eragina duen Libanoko eskualdeetan, herritarrek berek ekin diezaioten Hezbollahren kontra. Kontua da, ordea, ez ote zaion kontra bihurtuko jokaldia. Hezbollah, hain zuzen, 1982an sortu zen, israeldarrek Libano hegoaldea okupatu zutenean: umiliazio hari emandako erantzun bat izan zen.

Hezbollahren kontra Israel egiten ari den gerran, israeldarrak etengabe bonbardatzen ari dira Beiruteko aldiriak, herrialdeko populatuenak, nahiz eta orain ez den inor geratzen han. Hain segidan ari dira misilak bota eta bota, non salbamendu taldeak ezin baitira lanean aritu; beraz, ez dago zehatz-mehatz jakiterik zenbat hil diren herrialdean guztira. Astebete bada komunikabideak esaten ari direla mila lagun baino gehiago hil direla irailaren 23az geroztik.

Era berean, israeldarren tropek zona militar bat ezarri dute Libano hegoaldearen heren batean: 110 udalerri husteko agindu dute —ehunka mila lagun bizi dira han—, eta mehatxu egin dute bonbaz erasoko diotela mugatik dozenaka kilometrora autoz dabilen guztiari. Gainera, israeldarrek dozenaka osasun etxe bonbardatu eta itxiarazi dituzte Libanon. Suhiltzaile etxe batean ere bonbardatu dute, eta haietako hamar hil. Israelek fosforo zuria bota ondoren, sutan egoten dira basoak eta landa lurrak, eta suhiltzaileak ibiltzen dira itzali nahian. Aste honetan, israeldarrek beren bandera goratu dute Libanoko Marun al-Ras herrian. Ikusteko dago hemendik aurrera zer egingo duten israeldarren tropek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.