Palestinako gatazka

Israelek Gazarako su etena hautsi du, eta gutxienez 400 palestinar hil

Tel Avivek AEBen oniritziarekin egin du erasoaldia, argudiatuta Hamasek «behin eta berriz uko egin» diola bahituak askatzeari. Erakunde islamista prest agertu izan da urtarrilean su eten akordioan adostutako prozesuarekin jarraitzeko; Israel, aldiz, ez.

Haur palestinar bat Israelen erasoetan suntsitutako eskola batean gaur, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Julen Otaegi Leonet - Aitor Garmendia Etxeberria
2025eko martxoaren 18a
11:20
Entzun 00:00:0000:00:00

Bi hilabete ere ez du iraun Israelek eta Hamasek Gazarako adostutako meniak. Gaur goizaldean, tregoa hasi zenetik egindako erasoaldi handiena egin du Israelek zerrenda osoan zehar: gutxienez 400 lagun hil ditu, eta bostehun lagun zauritu, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Goizeko hirurak aldera hasi dira aire bonbardaketak, eta Gaza iparraldetik hegoalderainoko zenbait hiri eta errefuxiatu esparruri egin die eraso: Gaza eta Khan Yunis hiriak, eta Jabalia, Nuseirat, Al-Maghazi eta Al-Bureikh kanpalekuak, tartean.

Israelek Hamasi leporatu dio «behin eta berriz uko egitea» bahituak askatzeari, eta AEB Ameriketako Estatu Batuek su etenaren lehen fasea —urtarrilaren 19an sartu zen indarrean— luzatzeko eginiko proposamenei ez entzunarena egitea. Gazarako menia bigarren fasera igarotzeko ezintasuna ikusita —martxoaren 2an zen indarrean sartzekoa— Washington eta Hamas lehena luzatzeari buruz eztabaidatzeko bildu ziren duela aste eta erdi inguru, Dohan; Donald Trump AEBetako presidenteak, ordea, kolokan utzi zituen elkarrizketa horiek, eta mehatxu egin erakunde islamistari: geratzen diren 59 bahituak «berehala» askatu ezean, «infernu bat» biziko zuten zerrendan.

Are, Israelek adierazi du Etxe Zuriari «kontsulta egin» diola erasoa egitear zela, eta Trumpen administrazioak oniritzia eman diola. Karoline Leavitt Etxe Zuriko prentsa idazkaria: «Hamasek bahituak askatzeko aukera izan du tregoa luzatzeko, baina ezezkoa eta gerra aukeratu ditu».

gaurko erasoetan zauritutako palestinarrak, Gaza hiriko Al Ahli ospitalearen inguruetan. AHMED AWAD / EFE
Gaurko erasoetan zauritutako zenbait palestinar, Gaza hiriko Al-Ahli ospitalearen inguruetan. AHMED AWAD / EFE

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak eta Israel Katz Defentsa ministroak agindu diote armadari Hamasen aurkako «eraso gogorra» hasteko; hala azaldu du lehen ministroaren bulegoak, sare sozialetan. Haren arabera, Israelgo armadak asteburuan aurkeztu zuen zerrendari eraso egiteko plana, eta agintariek oniritzia eman diote. Gainera, Netanyahuren bulegoak ohartarazi du hemendik aurrera «gero eta gogorrago» egingo diotela eraso Hamasi. Eta zehaztu dute gaurko erasoen xedea «gerrako helburuak» betetzea dela; besteak beste, bahitu guztiak askatzea.

Ez da iritzi berekoa Gazako erakunde islamista; menia eta bahituen askatzea «oztoparaztea» egotzi dio Netanyahuri, eta bahituak arriskuan jarri dituela oldarraldiaren bidez. Gazan atxilo dituztenak «patu ezezagun baten pean» jarri ditu Israelgo lehen ministroak, Hamasek sare sozialetan zabaldu duen mezu batean adierazi duenez. Gainera, Palestinako erakundeak gehitu du Netanyahuk «gerra berpiztu» duela «barne krisiei» irtenbide bat topatzeko. Israelgo lehen ministroa gaur zen lekukotza ematekoa ustelkeria egotzita bere aurkako epaiketa batean, baina bertan behera utzi dute, Gazako erasoak direla medio.

Bonbardaketetan Gazako Gobernuko lau kide hil dituztela jakinarazi du zerrendako agintaritzak, ohar batean —Hamasen esku dago gobernua—. Gaurko erasoetan hildakoen artean haur asko daudela kaleratu du Al-Jazeera hedabideak, Gazako iturri ofizialak aipatuz. Gainera, zerrendako ospitaleak baliabide faltan daudela jakinarazi dio Al-Xifa ospitaleko zuzendari Muhammad Abu Salmiyak Al-Jazeerari: «Minutuero zauritu bat hiltzen da baliabide eskasiagatik». Gazako Osasun Ministerioak, komunikatu baten bidez, odola emateko deia egin die zerrendako herritarrei, odol erreserba guztiak amaitu direla eta. Israelek eten egin zuen Gazara sartzen zen laguntza humanitarioa duela bi aste pasa.

Senideen gaitzespena

Hamasek bahitutako israeldarren senideek ere Tel Aviven erasoak gaitzetsi dituzte. «Su etena ezarri behar da berriz», agindu du Bahituen Senideen Foroak, ohar bidez. Eta gaineratu du «iruzurra» dela gaurko erasoen helburua bahituak askatzea denik: «Israelgo Gobernuak albo batera utzi ditu gatibuak». Elkarte horren arabera, 59 bahitu israeldar daude oraindik Gazan; haietatik gutxienez 24 bizirik daudela uste dute. Senideen erakundeak protestara deitu du gaurko, azken erasoek gatibuen «bizitza arriskuan» jartzen dutela salatzeko.

Kontrara, Israelgo politikari ultraeskuindarrenek goraipatu egin dituzte gaurko erasoak. Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalerako ministro ohiak «ongi etorria» eman dio borrokara itzultzeko erabakiari, sare sozialetan. Eta gehitu du gerran jarraitzea dela «bide zuzena», Hamas «suntsitzeko». Urtarrilaren 19an Tel Avivek eta Hamasek menia akordioa adostu zutenean, gobernua utzi zuen Ben-Gvirrek. Gaur bere alderdi Otzma Yehuditek iragarri du Israelgo Gobernura itzuliko dela, Israelgo hedabideek zabaldu dutenez. 

Urtarrilean adostutako menia akordioak hiru faseko su etena aurreikusten zuen; horietako bakoitza 42 egun zen irautekoa. Lehen fasean, Hamasek 33 gatibu askatu zituen, horietatik 25 bizirik, eta zortzi hilik; eta Tel Avivek 1.900 preso palestinar inguru utzi zituen aske. Tarte horretan, Israelgo armadak mugatu egin zituen aireko erasoak, eta zerrendaren hegoaldera lekualdatutako palestinarrei Gazako iparraldera itzultzeko modua eman zien.

Duela bi aste pasa amaitu zen meniaren lehen fasea, martxoaren 1ean. Aldeek, baina, ez zuten lortu ados jartzea bigarrena abiatzeko. Urtarrilean adostutakoaren arabera, bigarren etapa horretan, Israelek Gazan dituen tropa guztiak atera beharko lituzke handik; eta presoen eta gatibuen trukeak aurrera jarraituko luke. Tel Aviv, berriz, ez zen prest agertu bigarren fasera igarotzeko eta tropak zerrendatik ateratzeko.

AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek, su etenaren harira, proposamen bat aurkeztu zien otsaileko azken astean bi aldeei. Bertan, meniaren lehen fasea 42 egunez luzatzea proposatzen zuen, hau da, ramadana eta juduen Pazko astea amaitu arte, eta tarte horretan bahitu guztiak aske uztea. Israel ados agertu zen; ez, ordea, Hamas. Ados jarri ez baziren ere, Tel Avivek ez zituen erasoak areagotu gaur arte. Israelgo armadak ramadan betean berrekin die bonbardaketei; martxoaren 30ean amaituko da musulmanen hilabete santua.

siriak eta libanok mugako borrokak etetea adostu dute

Siriako Gobernuak eta Libanokoak su etena adostu zuten atzo gauean, azken hiru egunetan bi herrialdeen arteko mugan izandako borrokak amaiarazteko. Siriako gobernu berriaren armadako hiru kide hil zituen larunbatean Hezbollah Libanoko talde xiitak, Sirian. Orduan piztutako borroketan gutxienez zazpi lagun hil dira, eta 52 zauritu, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Bada, bi herrialdeetako berri agentzia nazionalek kaleratu zutenez, Siriako eta Libanoko Defentsa Ministerioek gatazka horiei amaiera ematea adostu zuten atzo, baita Damaskoren eta Beiruten arteko elkarlana sustatzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.