Zertxobait baretu diren arren, oraingoz ez dute etenik Israelgo armadaren bonbardaketek. Gazara jaurtitako erasoen hirugarren eguna da gaurkoa, eta militarrek dagoeneko 28 palestinar baino gehiago hil dituzte: horietatik gutxienez lau emakumeak ziren, eta, sei, haurrak. Gainera, Gazara jaurtitako misilek 80 lagunetik gora zauritu dituzte, Palestinako Osasun Ministerioaren arabera.
Ezkutua eta gezia operazio militarraren barruan ari dira egiten aire erasoak. Jihad Islamikoa dute helburu, eta, hain justu, gaur organizazio horretako bi liderren heriotzaren berri eman du Israelgo armadak: Ali Ghali eta Ahmed Abu Daqqa. Jihad Islamikoko beste bi kideren heriotzak ere jakinarazi ditu Israelek.
Hamasek eta Jihad Islamikoak eraso horiei erantzun diete; atzo hasita, bostehun suziritik gora bota dituzte egunotan Israelera —hango armadak emandako datuak dira—. Besteak beste, Ramla, Ashkelon, Sdero eta Rehovot hirietan lehertu dira horietako batzuk. Azken bi horietan, zenbait eraikin kaltetu dituzte, eta pertsona bat hil da Rehovoten —Tel Avivetik 20 bat kilometro hegoaldera—.
Gazatik jaurtitako suzirietatik 110 inguru zerrendan bertan erori dira, eta gutxienez lau palestinar hil dira horien ondorioz —horietatik bi, adingabeak—, Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagariren arabera. Baina Jihad Islamikoak gezurtatu egin du halakorik gertatu izana.
Gazako milizia guztiak fronte bateratu gisa ari dira antolatzen Israelgo indarrei aurre egiteko. Hamasen buruzagitzako kide Moxeer al-Masriren esanetan, «erresistentziak bere herritarrekin eta martiriekin duen konpromisoaren» erakusle bat da palestinarren erantzuna.
Erasoen erdian, zaurituei laguntzeko lanean ari dira GKE gobernuz kanpoko erakundeak eta erreskate taldeak. Are, dozenaka etxe birrinduta gelditu dira bonbardaketen ondorioz, eta zenbait familiari etxetik irteteko eskatu diete Palestinako agintariek.
Su etenerako bidean
Israelek aire erasoekin jarraitzen duela ikusita, su etenerako deia egin du gaur goizaldean Egiptoko Gobernuak. Reuters albiste agentziaren arabera, Kairo menia bat lortzeko bitartekaritza lanetan hasi da. Harekin bat egin dute Alemaniako, Frantziako eta Jordaniako Atzerri ministroek. Halere, lan horiek ez dute arrakastarik izan oraingoz. Hala esan du Egiptoko Atzerri ministro Sameh Shukryk.
Jihad Islamikoak hiru baldintza jarri ditu su etena adosteko: lehenik, «Israelek organizazioko goi kargudunen hilketa selektiboa amaitzea»; bigarrenik, taldeko bozeramaile ohi Khader Adnanen hilotza ematea —joan den astean hil zen, Israelgo espetxe batean, gose greban 85 egun baino gehiago egon ostean—; eta, azkenik, bertan behera uztea Jerusalemgo Egunerako antolatu duten desfilea —datorren astean izango da—.
Eskaerak iritsi eta ordu gutxira erantzun du Israelek: Jihad Islamikoko liderren «hilketa selektiboak» mahai gainean daudela oraindik, bereziki, «zuzeneko mehatxu» bat badira. Are, datozen egunetan «operazio gehigarriak» egingo dituztela iragarri du Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak. Herrialdeko lehen ministro Benjamin Netanyahuk ere esana du oraindik ez dela amaitu Israelen «kanpaina militarra».
Hamasek eta Jihad Islamikoak, berriz, erantzuten jarraituko dutela adierazi dute adierazpen bateratu batean, eta Israeli ohartarazi diote «oker neurtu» dituela bere erasoaren ondorioak. «Erresistentziaren esku pisutsua gai da etsaiari sufrimendua eragiteko».
Nazioartearen deia
Arabiar Ligak Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari eskatu zion, atzo, Israeli «beharrezko presioak egiteko», eraso horiek gelditu ditzan. NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek gaur goizaldean erantzun du, eta Israeli eskatu dio bete ditzala nazioarteko araudi humanitarioaren betebeharrak.
EB Europako Batasuna bi aldeei zuzendu zaie su eten bat eskatzeko. «Berehalako su etena eskatzen dugu, Israel Gazan egiten ari den operazio militarrak amaituko dituena, baita Israelen kontrako suziri jaurtiketak ere, onartezinak baitira», adierazi du EBko diplomazia buru Josep Borrellek.
AEB Ameriketako Estatu Batuek ere hitz egin dute egunotako erasoen inguruan. Bakerako deia egin dute, baina berretsi dute «erakunde terroristen suzirien aurrean defendatzeko eskubide osoa» duela Israelek.
Nazioarteko su eten eskarien aurrean, Hamasek adierazi du menia lortuko dela Israelek «sarraskia» gelditzen duenean. «Zergatik ari gara eskatzen su eten bat? Zergatik ez diogu Israeli eskatzen basakeria amaitzeko?», adierazi dio Khaled Qadomi Hamaseko kideak Al-Jazeerari. «Kontua ez da palestinarrek zer egiten duten, nazioarteko komunitateak zer egin behar duen baizik».