Hamaseko buruzagi Yahya Sinwar hil eta nazioarteak ondoren egindako bake eskaerei entzungor egin die Israelek. Atzo baieztatu zuen talde islamistak Sinwarren heriotza, eta gaur erasoan jarraitu du Tel Avivek: gutxienez 37 lagun hil ditu Gazan. Hala adierazi du zerrendako Osasun Ministerioak. Azken egunetan, Gaza iparraldea izan dute jomugan Israelgo armadaren zerrendako operazio askok. Azken hamabost egunetan, esaterako, Jabalian bostehun lagun hil ditu armadak. Are gehiago, Jabaliako errefuxiatu esparruan 33 lagun hil zituen Israelek atzo.
Zerrenda iparraldean, bonbardaketez gain, ospitaleen aurka egin du Israelek. Gaur goizean, tankeek hango hiru ospitale nagusiak inguratu dituzte —Indonesiarra, Kamal Adwab eta Al-Awda—, eta haien aurka egin dute tiro. Erasoan, hiru paziente hil dira, gutxienez; egoerak, ordea, okerrera egin dezakeela ohartarazi du ospitale Indonesiarreko zuzendariak, bideo baten bidez: «Berrogei lagun inguru ditugu ospitaleraturik. Horietako asko larri daude, eta oxigenoa behar dute bizirik irauteko». Izan ere, zerrenda iparraldeko hiru ospitale horiek garrantzi berezia hartu dute azken egunetan, oldarraldian zauritutako asko bertan artatzen baitituzte.
Gazan geratzen den osasun sistema gutxia «suntsitu nahi izatea» leporatzen diote Israeli. Gazako ospitaleen zuzendari nagusi Muhammad Zaqoutek, esaterako, salatu du «nahita» eraso dietela ospitaleei: «Gaza iparraldearen aurkako erasoan, ospitaleak nahita ari dira bonbardatzen, egoera humanitarioa are gehiago okertzeko». Gazako Osasun Ministerioak Telegram bidez zabaldutako bideoan, Zaqoutek nazioarteari laguntza eskatu dio, Israel zerrenda iparraldean egiten ari den setioa apurtu dezan.
MEP Munduko Elikadura Programaren arabera, Gaza iparraldean ez da laguntza humanitariorik sartu urriaren 1etik, Israelek ezarri duen blokeoa dela eta. Eremu hartan, 400.000 palestinar inguru bizi dira. Horiek horrela, Krisiak Kudeatzeko Europako komisario Janez Lenarcicek Gazako «ateak irekitzeko» eskatu dio Tel Avivi, horrela laguntza humanitarioa zerrendan sartu eta «zibilen sarraskia» eragotzi ahal izango delakoan. Israelek urrian hartu dituen blokeo neurri horiek gaitzetsi ditu X sare sozialean argitaratutako mezu batean, palestinarrak «egoera apokaliptiko batean» bizi direla esanez. «Gazako biztanleen %86k ez dituzte elikagaiak ziurtaturik, eta horietako 133.000 egoera katastrofikoan daude», nabarmendu du komisarioak.
Israelek ez ditu soilik ospitaleak bonbardatu; ezta soilik zerrenda iparraldea ere. Gaza erdialdean dagoen Al-Maghazi iheslarien gunearen aurka egin du gaur eraso, besteak beste. Hamasei lagun hil dituzte Israelek jaurtitako bonbek, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera. Iturri horrek berak ohartarazi du, halere, kopurua handiagoa izan daitekeela. Izan ere, hondakinen azpian pertsona gehiago daudela jakinarazi du.
Netanyahuren etxea
Israelgo armadak bart baieztatu zuen Hezbollah Libanotik bidalitako drone batek Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk Zesarean duen etxearen aurka jo zuela. Iturri horien arabera, ez zegoen inor etxean une horretan, eta, beraz, ez zen inor zauritu. Erasoan hiru drone erabili zituzten, eta horietako bat heldu zen lehen ministroaren etxera. Gertatutakoa ikertuko du Israelek.
Gainera, Israelgo armadak baieztatu du Libanotik 50 misil jaurti dituztela Israel iparraldeko hirien aurka. Alta, Al-Jazeerak baieztatu du Israel iparraldearen aurkako erasoa handiagoa izan dela, eta gutxienez ehun misil bota dituztela. Hezbollahk berak adierazi du zortzi eremuren aurka jo duela. Israelgo iturriek adierazi arren orain arte bi zauritu baino ez daudela, telebista kate horrek baieztatu du Haifa hirian pertsona bat hil dela.
Mugaren beste aldean, Libano hegoaldean, Israelgo armadak baieztatu du airez egindako eraso batean Hezbollah miliziaren buruzagietako bat hil duela.