Dohan (Qatar), ez dute soilik su etenaz hitz egin. Hura indarrean sartu ostean berreraikitze lanak nola egingo dituzten ere izan dute hizpide; eta, bide batez, nork gobernatuko duen Gazan. Horren harira, Antony Blinken AEBetako Defentsa idazkariak plan bat aurkeztu zuen atzo, eta, haren arabera, PAN Palestinako Aginte Nazionalak aginduko luke zerrendan behin-behinean, nazioarteak lagunduta. Hain zuzen, PANen lehen ministro Mohamed Mustafak nabarmendu du gaur PANek ez beste inork ezin duela gobernatu zerrendan —Zisjordanian agintzen du—.
Oslon mintzatu da Mustafa, gatazka konpontzeko bi estaturen irtenbidea proposatzen duen aliantzak egindako bilera batean. Wafa Palestinako berri agentziak jaso duenez, PANeko buruzagiak esan du Gazako gobernabideari begira «tokiko, eskualdeko eta nazioarteko bazkideekin» lan egiteko prest daudela, lurralde palestinarretako gobernuak «integratzeko». Blinkenek atzo esan zuen PANek bere burua «erreformatu» beharko lukeela zerrendako agintea hartzean. Meniarako negoziazioen inguruan filtratutako zirriborroetan ez dute zehaztu ez nor arduratuko den zerrenda berreraikitzeaz, ez nork gobernatuko duen han.
Mustafak ez dio aipamenik egin Blinkenek egindako ñabardurari, eta azpimarratu du bi estaturen irtenbidea hauspotze aldera «neurri praktikoak» hartzeko ordua heldu dela. Eta nazioarteari belarrietatik tira egin dio, iruditzen baitzaio ez dela aurrerapausorik ematen ari bide horretan.
Bonbardaketak
Negoziazioek aurrera jarraitzen duten bitartean, baina, Israelek jarraitzen du zerrenda bonbardatzen, eta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azkeneko 24 orduetan beste 62 pertsona hil ditu. Horrenbestez, 46.700 lagun hil dira 2023ko urriaren 7az geroztik.
Iturri horrek berak gaur zehaztu duenez, goizaldean 33 lagun hil ditu Israelgo armadak. Esate baterako, bonbardaketa baten ondorioz familia bateko zazpi kide hil dira Gaza hirian, eskola batean; han ari ziren babes hartzen. Zerrenda erdialdeko Deir al-Balah hirian egindako aire eraso batean 11 lagun hil dituzte. Handik gertu, Nuseirat errefuxiatu esparruan, zazpi pertsona hil dira Israelen bonbardaketa baten ondorioz. Gainera, Gazako Osasun Ministerioak nabarmendu du goizaldeko erasoetan 253 lagun zauritu direla, eta gogorarazi azkeneko hamabost hilabeteetako setioaren ondorioz gutxienez 110.000 direla zaurituak. Aintzat hartu behar da, bide batez, OME Osasunaren Mundu Erakundeak abenduan ohartarazitakoa: lau zauritutik bati gorputz atalen bat anputatu behar izan diotela, eta lautik batek kaltetua duela orno muina.
Sei palestinar hil dituzte Zisjordanian
Israelgo armadak Jeningo (Zisjordania) errefuxiatu esparru bat bonbardatu zuen atzo gauean, eta eraso horretan sei palestinar hil zituen. Hori jakinarazi zuen Gazako Osasun Ministerioak. Joan den abendu erdialdean, Hamasi eta Jihad Islamikoari lotutako milizianoen eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren indarren arteko borrokak hasi ziren, eta ordutik Israelek lurralde okupatuen aurka egindako aurreneko erasoa izan zen atzo gauekoa. 2023ko urritik areagotu egin dira Israelek Zisjordanian egindako sarekadak eta erasoak.