Gazarako menia hautsi eta biharamunean, Israelgo armadak jakinarazi du «lurreko operazioak» berrabiarazi dituela zerrendako erdialdean eta hegoaldean. Gaur kaleratu duen oharrean azaldu duenez, azken 24 orduetan, bonbardaketez gain, lurreko operazioak egiten ere hasi da; hau da, lurrez ere eraso egingo duela Gazan. Gainera, azken orduetan egin dituen erasoek helburu jakin bat zutela zehaztu du: Netzarim pasabidearen kontrola berreskuratzea. Urtarrilaren 19an indarrean sartu zen meniaren arabera, Israelek guztiz kendu behar zituen tropak pasabidetik.
Israelgo armadak bonbardaketak egin ditu gaur ere Gazako zerrendan, eta gutxienez 29 palestinar hil ditu, Al-Jazeera hedabidearen arabera. Zerrenda osoan zehar egin ditu erasoak; besteak beste, Khan Yunis, Rafah eta Gaza hirietan. Eta zenbait errefuxiatu esparru ere bonbardatu ditu, hala nola Israelek «gune humanitario» gisa izendatutako Al-Mawasi. Wafa Palestinako berri agentziaren arabera, droneekin eta gerra abioiekin kanpadendei egin diete eraso. Israelgo armadak zehaztu duenez, Gazako kostaldea eta iparraldea bonbardatu ditu; eta komunikatu batean zehaztu du «Hamasek erabiltzen dituen postu militarrak» eta «itsasontziak» izan dituela jomugan.
Egoerak, baina, ez du baretzeko zantzurik. Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek adierazi du «aurki» hasiko direla herritarrak «borroka eremuetatik ebakuatzeko» operazioekin. Sare sozialetan argitaratu duen bideo batean egin du ohartarazpena, eta zerrendako herritarrei eskatu die «munduko beste leku batzuetara» alde egiteko. Hori egiteko, baina, aurrena «Hamas amaiarazteko» esan die gazatarrei: «Hartu AEBetako presidentearen [Donald Trumpen] aholkua. Itzuli bahituak eta ezabatu Hamas, eta beste aukera batzuk izango dituzue... munduko beste leku batzuetara joatea, adibidez».
Urtarrilaren 19an indarrean sartutako menia hautsi zuen atzo Tel Avivek, eta laurehun palestinar baino gehiago hil zituen zerrendan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, gutxienez 186 adingabe hil ditu Israelgo armadak azken 48 orduetan. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak ohar batean salatu du azken urtean egun bakarrean haur gehien hildako egunetako bat izan zen atzokoa. Gainera, Catherine Russel Unicefeko zuzendari exekutiboak gaitzetsi du Tel Avivek eraso egin diela familiak lotan zeuden aterpeei, eta «Gazan gune segururik ez dagoela gogorarazi». Russelek su etena berriz ere indarrean jartzeko deia egin du, eta «eragina duten herrialdeei» eskatu die bermatzeko Gazako egoerak okerrera ez egitea.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, ostera, ez dago prest berriz ere menia ezartzeko. «Aurrerantzean, negoziazio guztiak su azpian egingo dira», ohartarazi zuen Netanyahuk atzo arratsaldean, sare sozialetan zabaldutako bideo batean. Hamas egin zuen gerraren erantzule, bahituak ez askatzea leporatuta. Eta gaineratu zuen Tel Avivek onartu zuela AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkari Steve Witkoffek otsaileko azken astean egindako proposamena; ez, ordea, Gazako erakunde islamistak. Witkoffek proposatzen zuen meniaren lehen fasea 42 egunez luzatzea eta tarte horretan bahitu guztiak aske uztea.
Taher al-Nono erakunde palestinarreko ordezkariak AFP berri agentziari adierazi dio Hamasek ez diola «aterik itxi» negoziatzeari. Al-Nonoren arabera, ez dago beste akordiorik egin beharrik: «Ez daukagu beste proposamenik aurkeztu beharrik: badago sinatutako akordio bat». Hamaseko ordezkariaren hitzetan, Netanyahu izan da urtarrilean sinatutakoa bete ez duena, eta, beraz, Israeli egin behar zaio presio adostutakoa bete dezan, «ez Hamasi».
Martxoaren 1ean amaitu zen meniaren lehen fasea. Aldeek, baina, ez zuten lortu ados jartzea bigarrena abiatzeko. Urtarrilean sinatutako akordioaren arabera, bigarren etapan, Israelek Gazan dituen tropa guztiak atera beharko lituzke handik; eta presoen eta gatibuen trukeak aurrera jarraituko luke. Tel Aviv, berriz, ez zen prest agertu bigarren fasera igarotzeko eta tropak zerrendatik ateratzeko.
Protestak Israelen
Su etena hautsi izanak poztu duenik ere bada. Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro ohi ultraeskuindarrak goraipatu egin zuen Netanyahuren erabakia, eta gobernura itzuliko da. Urtarrilaren 19an utzi zuen kargua, Israelgo Goberrnuak su etenerako akordioa sinatu zuenean, eta atzo prest agertu zen gobernura itzultzeko. Atzo gauean, gobernuak onespena eman zion Ben Gvirren itzulerari.
Berriz ere Gaza bonbardatzeak, baina, oposizioa ere sortu du Israelen. Hamasek bahitutako israeldarren senideek su etena berrezartzeko eskatu zioten Netanyahuri. Israelgo Gobernuaren arabera, 59 bahitu israeldar daude oraindik Gazan; haietatik gutxienez 24 bizirik daudela uste dute.

Israelgo lehen ministroak Shin Bet Israelgo zerbitzu sekretuen buru Rone Bar kaleratuko zuela iragarri zuen herenegun, eta horrek ere haserrea eragin du Israelen. Protesta jendetsuak egin dituzte bart Tel Aviven eta Jerusalemen, menia berrezartzea eskatzeko eta Shin Beteko buruaren kaleratzea salatzeko. Manifestazio horietan dozenaka mila herritar elkartu ziren, Hareetz Israelgo egunkariaren arabera. Gaur milaka herritar Netanyahuren egoitzaren aurrean elkartu direla kaleratu du Hareetz-ek.
bonbardaketen ondorioz NBE-ko langile bat hil da gazako erdialdean
NBE Nazio Batuen Erakundeko langile bat hil eta beste bost zauritu dituzte Deir al-Balah hirian, Gaza erdialdean. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, UNOPS Proiektu Zerbitzuetarako Nazio Batuen Bulegoaren egoitza batean zeuden hildakoa eta zaurituak, guztiak atzerritarrak. Israelgo armadak, aitzitik, ukatu egin du NBEren eraikin bati eraso egin izana, komunikatu batean. UNOPSeko buru Jorge Moreira da Silvak, berriz, salatu du gertatutakoa ez dela «istripu bat» izan, eta Bruselan emandako prentsaurrekoan gehitu du Israelgo armadak bazekiela eraikin horretan NBEko lankideak zeudela.