Israelek ez du asmorik Libanon su etena onartzeko

Libanorako 21 eguneko menia bat eskatu dute AEBek eta Frantziak, besteak beste. Libanoko lehen ministroak begi onez ikusten du proposamena; Tel Avivek, ordea, ez.

Kea Libano hegoaldeko herri baten gainean, Israelgo armadak gaur egindako eraso baten ostean. EFE
Kea Libano hegoaldeko herri baten gainean, Israelgo armadak gaur egindako eraso baten ostean. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria - Mikel Garcia Martikorena
2024ko irailaren 26a
17:25
Entzun

Israelgo armadaren eta Hezbollah Libanoko talde xiitaren arteko gatazka hiru astez geratzeko eskatu dute AEBek eta Frantziak. Etxe Zuriak atzo —gaur goizaldea Euskal Herrian— zabaldu zuen oharrak dio Beiruten eta Tel Aviven arteko egoera «jasangaitza» dela iazko urritik. Horregatik eta gatazka eskualdera hedatzeko arriskuagatik, «berehalako» su etena eskatu du. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren bulegoak, ordea, baztertu egin du proposamena. Are gehiago, jakinarazi du lehen ministroak armadari eskatu diola borrokarekin «indar osoz» jarraitzeko. Azken egunetan asko gaiztotu da Israelgo armadaren eta talde xiitaren arteko gatazka. Astelehenetik seiehun lagun baino gehiago hil ditu Israelek Libanon; eta lurreko eraso bat prestatzen ari zirela jakinarazi zuen buruzagi militar batek atzo.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusia urteroko bilkura egiten ari da New Yorken. Testuinguru horretan batzartu ziren atzo Joe Biden AEBetako presidentea eta Emmanuel Macron Frantziakoa. Bilkura horretan onartu zuten su eten proposamena. Bi herrialde horiek ez ezik, beste hamar sinatzaile ere baditu Etxe Zuriak zabaldutako oharrak: Europako Batasuna, Erresuma Batua, Italia, Alemania, Japonia, Kanada, Australia, Saudi Arabia, Arabiar Emirerri Batuak eta Qatar.

Su etena «posible» dela esan dio gaur goizean Libanoko lehen ministro Najib Mikatik Reuters berri agentziari. Begi onez hartu du proposamena, baina uste du menia hori indarrean sartzeko «funtsezkoa» dela Tel Avivek konpromisoa hartzea nazioarteko ebazpenak onartzeko. Israelgo Gobernuak, baina, ez du horretarako asmorik. Libanoko lehen ministroak adierazpen horiek egin eta ordu batzuetara, bere bulegoaren adierazpen bat zabaldu du Netanyahuk, X sare sozialean. Gainera, Gazan ere borrokan jarraituko dutela gogorarazi du, «gerraren helburu guztiak bete arte». X sare sozialean bertan, Israel Katz Atzerri ministroak ere baztertu egin du su etenik egongo dela.

Gideon Saar Israelgo Gobernuko beste kide bat harago joan da. Hark ere X-n zabaldu du mezu bat, eta, dioenez, «hanka sartzea» izan da azken egunetan —asteartetik aurrera— Beiruten, Bekaa haranean eta Libano hegoaldean aire erasoak murriztea. Erasoek «etengabeak eta sistematikoak» izan behar dutela ziurtatu du.

Atzo 72 herritar hil zituen Israelgo armadak Libanon, herrialde hartako Osasun Ministerioaren arabera. Gaur ere aire erasoak egiten jarraitu dute. Horietako batean, herrialdearen ekialdean, 23 siriar hil dituztela jakinarazi dio Yunine herriko alkateak Reuters berri agentziari. Arratsaldean, Beiruten egin du eraso Israelgo armadak Telegram kanalean baieztatu dutenez.

Netanyahu, NBEn

Netanyahu gaur da New Yorkera bidaiatzekoa bihar NBEren Batzar Nagusian hitz egiteko. Azalpenak eman beharko ditu han. Izan ere, Etxe Zuriak zabaldutako oharrak aurreikusten du hiru asteko su etenak ahalbidetu lezakeela «akordio diplomatikoa» lortzea. Eta, sinatzaileek diotenez, akordio horrek bermatu beharko luke gatazkaren ondorioz etxetik ihes egin duten Israelgo eta Libanoko biztanleak «modu seguruan» itzuli ahal izatea. Horixe da, Tel Aviven hitzetan, Hezbollahren aurkako operazioaren xedea: Israel iparraldeko biztanleak etxera itzultzea.

Israelgo Gobernuko ordezkariek esan izan dute 60.000 inguru direla desplazatuak iazko urrian Hezbollahren eta Israelen arteko gatazkak koska bat gora egin zuenetik. Bestalde, Libanon dozenaka mila herritarrek utzi dute etxea azken egunetan —500.000 inguru direla esan zuen atzo Libanoko Atzerri ministroak—. Batez ere herrialdearen hegoaldetik egin dute ihes biztanleek, han ari baita eraso gehien egiten Israelgo armada.

Gazako biharamuna

«Ez dugu alde egingo. Palestina gure sorterria da eta gurea izaten jarraituko du». Hitz horiekin hasi du Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak NBEren Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran egindako adierazpena. Bertan, Israelek Gazaren aurkako oldarraldia eten eta biharamunean egin beharrekoen inguruko plana aurkeztu du PANek.

Hamabi puntu ditu planak, eta horien artean daude, besteak beste, Israel guztiz erretiratzea zerrendatik, «zentimetro bakarra bereganatu gabe», eta NBEk gainbegiratutako nazioarteko bake konferentzia bat antolatzea oldarraldia amaitu eta hurrengo hamabi hilabeteetan. Gainera, bi estatuen «segurtasuna» ziurtatuko duten «nazioarteko indarrak» zabaltzea eskatu du. Izan ere, Abbasek azpimarratu du haiek Israeli estatu izaera aitortzen diotela —«Palestinarekin egiten ez dutena»— eta esan du bi estaturen konponbidea indarrean jartzea nahi duela.

Horrez gain, PANeko presidenteak esan duenez, «mundu osoa da Gazako genozidioaren erantzulea». Hala ere, erantzukizun horren parte handia izatea leporatu die AEB Amerikako Estatu Batuei: «Israeli gerra krimenak eta genozidioa egiteko erabiltzen dituen armak saltzeari utzi behar diote». NBEren Segurtasun Kontseiluak Israelen aurka egitea eragotzi izana egotzi die AEBei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.