Israelek ez du asmorik bere tropak Libano hegoaldetik ateratzeko

Libanoko Gobernuak esan du Tel Aviv presionatzen ari dela akordioa bete dezan. Hezbollahk ez du baztertzen eraso egitea, Israelek ez badu errespetatzen menian jasotakoa.

Libanoko armadako soldadu bat herrialdearen hegoaldean, hilaren 2an. EFE
Libanoko armadako soldadu bat herrialdearen hegoaldean, hilaren 2an. EFE
Igor Susaeta.
2025eko otsailaren 17a
11:00
Entzun

Libanorako su etena bihar bukatuko da, eta, Hezbollak eta Israelek AEBen eta Frantziaren bitartekaritzarekin adostutako testuaren arabera, Israelek bere tropak atera behar ditu herrialdearen hegoaldetik. Tel Avivek, baina, ez du horretarako asmorik. Horiek horrela, milizia xiitak ohartarazi du ez duela baztertzen erantzun gisa eraso egitea, Israelek ez baditu soldaduak ateratzen. Libanoko presidente Joseph Aounek adierazi du ohar batean bitartekariekin hitz egiten ari dela Israel presionatzeko.

Menia azaroaren 27an sartu zen indarrean, eta joan den urtarrilaren 26an erabaki zuten bihar arte luzatzea. Akordioan jasota dago Israel herrialdearen hegoaldetik aterako dela —mugakideak dira—, Libanoko armada han hedatzen denean eta Hezbollahren lekua hartzen duenean. Tel Avivek argudiatu du armada behar baino motelago ari dela zabaltzen, eta, orduan, Israelen «segurtasuna» arriskuan dagoela; horregatik daudela oraindik han.

Israelek han jarraitu nahi du otsailaren 28ra arte, gutxienez. Hori kaleratu zuten zenbait hedabidek joan den astearen erdialdean, Libanoko eta Israelgo iturri ofizialak aipatuz. AEBak ari dira bitartekari, eta ez diote eskaera horri baietz esan.

Talde xiitako buruzagi Naim Qassemek atzo telebista bidez emandako diskurtso batean nabarmendu zuenez, Israelek ez dauka «aitzakiarik» tropak ez ateratzeko. «Okupazioarekin jarraitzen badu eta ez badu ituna betetzen, ez diogu esango gaiari nola helduko diogun; mundu guztiak daki okupazio bati nola heltzen zaion», ohartarazi zuen.

Eta Libanoko Gobernua presionatu du Hezbollahko buruzagiak, iruditzen baitzaio hura dela «erantzule nagusia». Beraz, Israelgo tropek herrialdearen hegoaldetik alde egin dezaten, «indar betean» lan egitera deitu zuen.

«Nahita» txikituz

Horrekin lotuta, HRW Human Rights Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean azpimarratu du Israelek Libano hegoaldean egindako erasoek azpiegiturak eta zerbitzu publikoak txikitu dituztela, eta, orduan, milaka libanoarrek ezin dutela beren bizilekuetara itzuli. Tel Avivi egotzi dio, hain zuzen, etxebizitzak eta azpiegitura zibilak «nahita» txikitzea. Horren harira, Yarun herriko herritar batek —Israelekin muga egiten du— kontatu dio Efe berri agentziari ikusi zuela Israelgo soldaduek nola su ematen zioten bere etxebizitzari. Ezin da zehaztu Israelek zenbat azpiegitura txikitu dituen Libanon, baina Munduko Bankuak auziaz argitaratutako azkeneko txostenean  —iazko azarokoa— kaltetutako 99.209 etxebizitza zenbatu zituen; horietatik %18 guztiz txikitu zituen Israelek.

HRWek gogorarazi du, menia indarrean egonda ere, Israelek 57 zibil hil dituela Libanon azkeneko bi hilabeteotan, eta horietatik 26 bere etxera itzultzeko ahaleginean ari zirenean hil dituela. Gaur bertan beste bat hil dute Sidonen, mugatik 50 kilometro ingurura, drone batekin egindako bonbardaketa batean.

Datu orokorragoak ere jarri ditu mahai gainean GKE horrek, NBE Nazio Batuen Erakundearen zenbakiak aintzat hartuta. Esaterako, oroitarazi du Israelek 4.000 pertsona inguru hil zituela Libanon 2023ko urria eta iazko azaroa artean, eta milioi bat desplazatu eragin zituela; horietatik 100.000 inguru desplazatuta daude oraindik.

Herrialdea berreraikitzeko behar den diruari dagokionez, hainbat herrialdeak, Frantzia buru zutela, iragarri zuten 750 milioi dolar —715 milioi euro inguru— emango zizkiotela Libanori. Munduko Bankuaren azken txostenean zioen, ordea, 3.400 milioi  dolar —3.220 milio euro inguru— beharko direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.