Aste hasieratik «berehalakoa» behar zuen Gazarako su eten baten iragarpenak, baina Ameriketako Estatu Batuen adierazpen baikorrek talka egin dute, behin eta berriz, Israelen eta Hamasen adierazpen ezkorrekin. Negoziazioetan murgilduta egon diren talde guztien arabera, hori bai, «txikikeriak» baino ez ziren falta urtebete pasatxoz eztabaidatzen aritu diren akordioari baiezkoa emateko. Eta, azkenean, gaur arratsaldean iritsi da albistea: Israelek eta Hamasek su etenerako akordioa adostu dute. Israelgo Gobernua bihar da akordioa bozkatzekoa; Hamasek dagoeneko eman du baiezkoa.
Zertxobait geroago, Qatarko lehen ministro Xeikh Mohammed bin Abdulrahman al-Thanik baieztatu du Israelek eta Hamasek menia akordioa adostu dutela; esan duenez, igandean sartuko da indarrean, hilaren 19an. Dena den, nabarmendu du menia «arrakastatsua» izateko ezinbestekoa izango dela bi aldeek adostutakoa betetzea.
Palestinians celebrating ahead of the announcement of the ceasefire agreement in Gaza. pic.twitter.com/XiOGFJSQup
— Eye on Palestine (@EyeonPalestine) January 15, 2025
Negoziazioetan parte hartu duten iturri ofizialak aipatuz nazioarteko hedabideek kaleratu dutenez, su etenak lau hilabete pasatxo iraungo du, eta hiru fase izango ditu, bakoitza 42 egunekoa. Fase horietako bakoitzean hainbat gatibu aske utziko ditu Hamasek, eta, trukean, zenbait preso palestinar askatuko ditu Israelek. Informazio horien arabera, gatibu zibil bakoitzeko 30 preso palestinar askatuko ditu Tel Avivek; eta, gatibu militar bakoitzeko, 50 preso. Nolanahi ere, trukaketa horretatik kanpo geratuko bide dira 2023ko urriaren 7ko erasoan parte hartu zuten preso palestinarrak.
Erasoei dagokienez, lehenengo fasean eten egingo dituzte lehorreko borroka guztiak, baina Israelek segitu ahalko du aire bidez eraso egiten; neurri txikiagoan. Bigarren fasetik aurrera, mota orotako erasoak eten beharko ditu. Eta, hirugarren fasean, asmoa da Israelen oldarraldia bukatu ondorengorako Gaza nola berreraiki argitzeko eztabaidei ekitea.
Nolanahi ere, oraingoz akordioa behin-behinekoa da. Horren inguruan hitz egin du gaur Antony Blinken AEBetako Estatu idazkariak, CNN telebista katean egindako elkarrizketa batean, eta nabarmendu du akordioa «hauskorra» dela, eta eztabaidatzen jarraitzea ezinbestekoa izango dela su etenari eusteko. Luze gabe borroken behin betiko etenaldirik lortzea posible izango litzatekeen galdetuta, Blinkenek aitortu du hori dela helburua, baina hori lortzea «zaila» izango dela.
Hamasek, Israelek eta bitartekariek —Egipto, AEBak eta Qatar— urtebete pasatxo daramatzate su eten bat adosteko negoziazioetan murgilduta. Bidea gorabeheratsua izaten ari da. Kasurako, Qatarko Gobernua negoziazio mahaitik irten zen iazko azaro hasieran, iritzita ez zirela aurrerapausoak ematen ari, eta Israel eztabaidak «boikotatzen» ari zela. Israelek 2023ko urriaren 7an Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, Palestinako erakunde islamistak eta Tel Avivek adostutako bigarren menia izango da oraingoa. Aurrena urte hartako azaroan sartu zen indarrean, eta zazpi egun iraun zuen.
Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, Israelek 46.700 pertsonatik gora hil ditu 2023ko urriaren 7az geroztik; horietatik 17.400 inguru, haurrak. Zaurituak, berriz, 109.000 baino gehiago dira, eta 11.160 lagun daude desagertuta. Denbora tarte berean 1.200 pertsona inguru hil dira Israelen, ia denak 2023ko urriaren 7ko erasoan.
Zatiketa Israelen
Gazaren aurkako erasoaldiak eta hori eteteko negoziazioek bitan zatitu dute Israelgo gizartea: batetik, herritarren zati handi batek eskatzen dio gobernuari ahalik eta lasterren adostu dezala su eten bat, Hamasek gatibu hartutako guztiak aske utz ditzan; bestetik, herritarren eta Israelgo Gobernuaren sektorerik kontserbadoreena balizko akordio baten aurka azaldu dira azken orduotan, iritzita «bukaeraraino» iritsi behar direla.
Zatiketa horren erakusle da, adibidez, Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek atzo X sare sozialean argitaratu zuen bideoa. Horretan, dei egiten dio Finantza ministro Bezalel Smotrichi, harekin batera akordioari boikota egin, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroa buru duen gobernua uzteko. «Iragan urtean, gure botere politikoari esker, lortu genuen akordioak aurrera ez egitea. Orain, meniaren alde dauden beste pertsona batzuk gehitu dira gobernura, eta gure hitza jada ez da erabakigarria», dio mezuan. Mehatxuak mehatxu, oraingoz ez batak, ez besteak ez dute iragarri Israelgo Gobernua utziko dutenik.
Horiek hala, Israelgo Gobernua bihar da Hamasek dagoeneko onartu duen meniari buruz erabaki bat hartzekoa; gobernuko kideek bozketa bidez erabakiko dute baiezkoa edo ezezkoa emango dioten su etenari. Netanyahuren bulegoak komunikatu baten bidez adierazi duenez, oraindik «txikikeria» batzuk gelditzen dira argitzeko, baina espero dute horiek gaur gauean zehaztea.
Aurreneko erreakzioak
Bost egun barru Etxe Zuriko maizter bihurtuko den Donald Trump AEBetako presidente hautatua izan da akordioari buruz hitz egin duen aurrenetarikoa. Ohiko dituen letra larriekin, hauxe idatzi du bere sare sozial Truth Social-en: «Lortu dugu gatibuak askatzeko akordio bat. Laster izango dira libre». Presidentetzari bigarrenez heldu baino lehen, Trumpek ordezkaritza talde bat bidali zuen Israelera, abenduan, Netanyahuri «presio» egiteko.
Joe Biden presidentearen taldeak ere xede zuen haren agintaldia amaitu baino lehen su etena adostea. Horren harira, Bidenek berak ere jakinarazi du, komunikatu baten bidez, Israelek eta Hamasek akordioa egin dutela: «Gaur, hilabete luzez diplomazia lan nekeza egin ondoren, akordio bat daukagu». Haren arabera, indarrean sartuko den akordioak hark iazko maiatzean aurkeztutako menia proposamena du oinarri.
MENIAREN GAKOAK
Zenbat iraungo du?
Zer gertatuko da lehenengo fasean?
Meniak hiru fase izango ditu, eta horietako bakoitzak 42 egun iraungo du, hau da, denera 126 egunez egongo da indarrean; lau hilabete pasatxo.Lehenengo fasean Hamasek 33 gatibu israeldar utziko ditu aske, bizirik nahiz hilik. Gatibu horiek emakume zibilak, 50 urtetik gorakoak edo zauritutakoak izango dira. Israelek gatibu zibil bakoitzeko 30 preso palestinar utziko ditu aske; eta emakumezko militarrak diren gatibu bakoitzeko 50.
Bestalde, Israelgo armada atera egingo da «eremu jendetsuetatik», hala nola Netzarim pasabidetik. Fase horrek irauten duen artean, etxea utzi duten palestinarrek aukera izango dute horietara itzultzeko, eta laguntza humanitarioaren zirkulazio askea bermatuko da. Asmoa da egunean 600 kamioi inguru sartzea zerrendan, eta, elikagaiak ez ezik, horietan erregaia ere eramatea. Fase honetan eten egingo dituzte lehorreko eraso eta borroka guztiak, eta Israelek mugatu egingo ditu aire bidezkoak.
Zein dira beste faseetako baldintzak?
Lehenengo fasearen 16. egunean dira hastekoak bigarren fasearen behin betiko baldintzak zehazteko negoziazioak, eta, beranduenez ere, bosgarren asterako bukatu beharko dituzte. Fase horretan borroken etenaldia erabatekoa izango da, eta Israelgo armadak Gazan dituen tropa guztiak atera behar ditu handik. Kopuruari dagokionez, presoen eta gatibuen trukeak berdin jarraituko du. Hori bai, fase horretan, zibilak ez ezik, Hamasek gatibu dituen gizon militarrak ere utziko bide ditu aske.
Hirugarren eta azken fasean, borroken erabateko etenaldiari eutsiko diote. Trukean, ordea, bada aldaketarik: Hamasek hildako gatibuen gorpuak emango bide dizkio Israeli; eta, Israelek, hildako milizianoenak Hamasi.
Eta meniaren ondoren, zer?
Su etenean adostutakoaren arabera, Israelek ezingo ditu berriro atxilo hartu meniaren bidez aske utzitako presoak. Bestalde, hirugarren fasearen bukaeran Gaza berreraikitzeko plan bat ontzen hasiko dira bai Hamas, bai Israel. Plan horren diseinatze lanek 3 eta 5 urte iraungo bide dute, eta Egiptok, Qatarrek eta NBE Nazio Batuen Erakundeak egingo dituzte bitartekari lanak.