Israelen eta Gazaren arteko gerraren hamargarren egunean, zerrendaren eta Egiptoren arteko mugan dago tentsio gune bat; Rafahko pasabidean, hain zuzen. Israelgo armadak Gaza iparraldeko herritarrei emandako ultimatumak eraman du tentsioa Tel Avivek kontrolatzen ez duen pasabide bakarrera. Gazako biztanleen ia erdiek —1,1 milioi lagunek— atzo goizera arteko epea izan zuten, Israelgo armadaren aginduz, Wadi Gaza ibarretik hegoaldera joateko; gutxienez 600.000 gazatarrek bete dute agindua. Ehunka Rafahko pasabidearen kanpoaldean daude zain. Hala ere, Israelgo Gobernuak eta Hamas organizazio islamistak esan dute pasabideak itxita segituko duela.
Are, gezurtatu egin dute Antony Blinken AEB Ameriketako Estatu Batuetako Estatu idazkariak egin duen iragarpen bat. Hark, Egiptoko presidente Abdel Fattah Al-Sisirekin bildu eta gero, adierazi zuen Israelek eta Hamasek behin-behineko menia bat adostu zutela pasabidea zabaltzeko, bi helbururekin: atzerritarrak Egiptora ebakuatzea, eta laguntza humanitarioa Gazan sartzea. Israelgo Gobernuko lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, ezetz esan du: «Une honetan ez dago su etenik Gazan laguntza humanitarioa sartzeko eta atzerritarrak ateratzeko». Hamasek ere gezurtatu egin du Blinkenek esandakoa.
Egiptoko Atzerri ministro Same Xukrik gaitzetsi egin du Israelen jokabidea: «Israel oztopatzen ari da laguntza Gazan sartzea». Nabarmendu du Egiptoko Gobernua ahalegindu dela Rafahko pasabideari irekita eusten, baina esan du itxita jarraitu duela «Israelen posizioagatik». Aurreko astean, Kairo prest agertu zen korridore horren bitartez Gazara giza laguntza helarazten laguntzeko, baina argi utzi zuen ez duela zibilentzako korridore bat irekiko, «palestinarren exodoa» eragingo lukeelako horrek.
Bien bitartean, laguntzaz beteriko kamioiak eta anbulantziak sartzeko zain daude Egiptoko aldean. PAE Palestina Askatzeko Erakundeak eta Liga Arabiarrak pasabide humanitario bat zabaltzeko eskatu dute. Europako Batzordeak jakinarazi du gaur, ohar baten bidez, Egiptora laguntza humanitarioa bidaliko duela hegazkinetan, handik Gazara eramateko.
NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, «inoiz ez bezalako giza hondamendia» gertatzen ari da Gazan, Israelen erasoaren ondorioz. Aireko erasoak etengabeak dira, eta zerrendako mugak itxita daude; are, elikagai, ur, argindar eta erregai hornidura etenda dago Gazan, Israelen aginduz, aurreko astelehenetik. Osasunaren Mundu Erakundeak esan du 24 ordu geratzen direla ura, erregaiak eta argindarra bukatzeko eta, ondorioz, «benetako katastrofe bat» gertatzeko.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2.750 lagun baino gehiago hil dituzte Gazan, eta zaurituak, 9.750 baino gehiago dira. Gainera, beste 1.000 pertsona desagertuta daude Israelgo Armadak suntsituriko eraikinen hondakinen azpian. Ministerioak salatu du Israel «garbiketa etniko bat» egiten ari dela lurralde horretan. Gainera, jada milioi bat desplazatu eragin ditu urriaren 7an lehertu zen gatazkak, NBEren arabera. Tel Aviven arabera, berriz, 1.300 lagunetik gora hil eta 3.500 zauritu ditu Hamasek Israelen. Israelgo armadak nabarmendu du Hamasek bahitutako israeldarrak 199 direla gutxienez.
Palestinako lehen ministro Mohamad Xtayyehk «genozidioa» egitea leporatu dio Tel Avivi, eta AEBei eskatu die «urgentziaz» esku har dezatela, «erasoa gelditzeko, zibilak babesteko eta haiek lekualdatu behar ez izateko».
Lurreko erasorako «prest»
Israelgo armadak Gaza airez bonbardatzen jarraitzen du —esan du bart «dozenaka helburu militarri» egin diela eraso—, eta lurreko erasoa «laster» hasiko dela dio; Israelgo armadaren tropa ugari daude Gazako mugaren inguruan. «Gure ardura Gazan sartzea da, Hamas erasoak prestatzen eta jaurtigaiak botatzen ari den lekuetara joatea. Kokagune guztiei egingo diegu eraso, hango kide guztiei, eta azpiegitura suntsituko dugu. Hitz batean, irabaztera goaz», esan zuen atzo Herzi Halevi jeneralak. Netanyahuk berak nabarmendu zuen herenegun armada «hurrengo faserako» prestatzen ari dela, Gazari «lehorrez, airez eta itsasoz» eraso egiteko.
Gazan ez ezik, Israelen eta Libanoren arteko mugan ere izan dira erasoak. Israelgo armadaren eta Hezbollah milizia xiitaren arteko borrokek aurrera jarraitzen dute, eta Tel Avivek gaur iragarri du Libanoko mugatik bi kilometrora arte dauden 28 herritako biztanleak ebakuatzekoak direla. Daniel Hagarik, Israelgo armadako bozeramaileak, azaldu du «arriskuak gutxitzeko» hartu dutela erabakia. Armadak adierazi du, gainera, Hamasen buruzagietako bat, miliziaren Khan Yuniseko espioitza zerbitzuko burua hil duela bonbardaketetako batean.
Irango Atzerri ministroak, berriz, ohartarazpena egin die AEBei. Hossein Amir-Abdollahianen arabera, AEBek «kalte larria» pairatuko dute Gazako gatazka zabaltzen bada. «Erregimen sionistari mezua bidali diogu haren aliatuen bitartez: ez badituzte izugarrikeriak gelditzen Gazan, Iran ez da begira geratuko». Ministroaren bozeramaile Naser Kananik esan du Washington «gerran sartuta» dagoela. AEBetan «kezkaturik» daude gatazka eskualdean zabaltzeko arriskuaz. Aurreikusita dago aste honetan Joe Bidenek, AEBetako presidenteak, Israel bisitatzea. Europako Batasuneko estatuburuak eta gobernuburuak bihar biltzekoak dira Europako Kontseiluan.