Palestinarrak Gazatik kanporatzeko plan bat prestatzen hasi da Israel

Israel Katz Defentsa ministroaren esanetan, «Gazako herritarrek ere mugitzeko eta migratzeko askatasuna eduki behar dute». Trumpek esan du zerrenda AEBei «entregatuko» diela Israelek, behin «borrokak» bukatu ondoren.

Palestinar batzuk Gaza iparraldera bidean, joan den astelehenean. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk Gaza iparraldera bidean, joan den astelehenean. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2025eko otsailaren 6a
10:00
Entzun

Donald Trump AEBetako presidenteak palestinarrak Gazatik kanporatu nahi dituela adierazi eta biharamunean, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek jakinarazi du handik «boluntarioki» alde egin nahi dutenentzako plan bat prestatzeko eskatu diola herrialdeko armadari. «Gazako herritarrek ere mugitzeko eta migratzeko askatasuna eduki behar dute, mundu osoan ohikoa den moduan», nabarmendu du Katzek, bere bulegoak gaur kaleratutako ohar batean.

Ez du zehaztu nola eraman nahi duen aurrera plan hori, baina Israelek hainbat bide ezarriko ditu gazatarrak beren lurretatik kanporatzeko; lurrez, baita itsasoz eta airez ere, «akordio berezien» bidez. AEBetako presidenteak planteatu du Gazan dauden ia bi milioi palestinarrak Egiptora edo Jordaniara bidaltzea. Herrialde horiek eta mundu arabiarrak, baita nazioarteak ere, oro har, Trumpen asmoen kontra egin dute. Trumpek berak gaur azpimarratu du, Truth Social bere sare sozialean, behin «borrokak» bukatuta, Gaza AEBei «entregatuko» diela Israelek.

Katzek beste herrialde batzuen izenak aipatu ditu palestinarrak hara bidaltzeko aukera gisa: Espainia, Norvegia eta Irlanda. Israelgo Defentsa ministroaren esanetan, herrialde horietara jo beharko lukete palestinarrek, herrialde horiek «gazatarrak hartzera behartuta» baitaude, Israelen aurkako «gezurrezko akusazioak» egin dituztelako Israelek Gazan «egindako ekintzen» harira. Haren ustez, palestinarrak hartzeari uko egiten badiote, agerian geratuko da «beren hipokrisia». Katzek aipatutako ekintza horien ondorioz, hain zuzen, Israelek 40.000 pertsona baino gehiago hil ditu Gazan 2023ko urriaren 7tik duela hiru astera arte, Hamasekin adostutako tregoa indarrean sartu zen arte.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ondoan zuela eman zuen Trumpek bere asmoen berri. Hitza hartu zuenean, Netanyahuk AEBetako presidentea laudatu zuen. «Etxe Zurian inoiz izan dugun lagunik onena zara». AEBetan asteburuan hasi zuen bidaia diplomatikoa gaur amaituko du Netanyahuk, eta gaur goizaldean Fox telebista katean eman duen elkarrizketan berretsi du Trumpen ideia «bikaina» dela, «gauzatu» egin beharko litzatekeela. «Denontzako etorkizun ezberdin bat sortu ahal izango luke».

Exe Zuriko maizter berriak esan zuen astearte gauean AEBak «beharrezkoa den guztia egiteko prest» daudela zerrendaren kontrola hartzearren; are, atea ireki zion esku hartze militar bati. Ordu batzuk geroago, atzo iluntzean, Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek esan zuen AEBek ez dutela hara tropak bidaltzeko asmorik; eta Marco Rubio Estatu idazkariak goizaldean adierazi du Washingtonen asmoa dela gazatarrak «behin-behinean» ateratzea zerrendatik, hura berreraikitzeko lanak egiten dituzten bitartean. Katzen arabera, urte asko beharko dira «Gaza desmilitarizatu bat» eraikitzeko, «Hamasen mehatxurik gabekoa».

Ultraeskuindarrenak, pozik

Israelgo erreferente ultraeskuindarrenek txalotu egin dute Katzek gazatarrak kanporatzeko proposatutako plana. «Aspaldiko urteetan gauza bera esan dugu, eta areago gerraren hasieratik: Israelen bakea eta segurtasuna eta Gazan bizi direnentzako ongizatea bermatzeko, ez dago irtenbide errealistagorik», azpimarratu du ohar batean, Bezalel Smotrich Finantza ministroak. Kolono bat da, Zisjordanian bizi da legez kanpoko kokagune batean. Eta antzera mintzatu da Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionalerako ministro ohia, kolonoa hura ere. The Times of Israel egunkariak haren hitzak jaso ditu, eta uste du gazatarrei «borondatez» alde egiteko aukera ematea «beharrezkoa» dela «israeldarren segurtasuna bermatzeko». Ben Gvirrek dimisioa eman zuen urtarrilaren 19an, indarrean sartu zenean Hamasek eta Israelek sinatutako Gazarako su etenerako akordioa.

Gobernuaren alderdi ultraeskuindarreneko kidea da Smotrich, eta hala zen Ben Gvir. Iazko urtarrilean, Israelek Gazako setioa hasi eta hiru hilabetera, Netanyahuk esan zuen Likud haren alderdiaren bilera batean gazatarrak lekualdatzeko herrialde bila ari zirela, baina hori egiteko prest leudekeen herrialdeak falta zirela; hau da, hori zela «arazoa». Hori filtratu zuten hedabideetara. Ben Gvir pozik agertu zen, eta esan zuen Netanyahu «jarrera irekiagoa» edukitzen ari zela. Gazatarrak kanporatzeari «borondatezko emigrazioa» deitzen dio Segurtasun Nazionalerako ministro ohiak.

Horrekin guztiarekin lotuta, Herri Juduaren Politikak Institutua think tank-ak —Jerusalemen du egoitza— inkesta bat kaleratu zuen aurreko asteartean, Trump jada iradokitzen ari zenean zein intentzio zituen, eta, horren arabera, Israelgo juduen %82k babesten dute gazatarrak beste herrialde batera eramatea. Hori nahi dutenen %52ri «praktikoa» iruditzen zaio, nahiz eta %30ek uste duten ez dela «errealistaegia».

Bruselak UNRWA FINANTZATZEN SEGITUKO DU

Europako Batzordeak gaur jakinarazi du aurrerantzean ere finantzatuko duela UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa. Hori baieztatu du batzordearen bozeramaile Guillaume Mercierrek, agerraldi batean. «Iaz 92 milioi euro eman genizkion UNRWAri, jarrai dezan funtzionatzen. Goiz da esateko zenbat diru emango diogun etorkizunean, baina finantzatzen segituko dugu». Kontuan hartu behar da AEBek bertan behera utzi dituztela NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia hori diruz laguntzeko funtsak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.