Beste behin, irudi du kinka larrian dagoela Hamasek eta Israelek Gazarako adostutako tregoa. Oraingoan, Palestinako erakunde islamistak atzo entregatu zituen lau gatiburen gorpuen harira sortu da bi aldeen arteko ika-mika, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak jakinarazi baitu, gaur goizaldean, Hamasek atzo entregatutako gorpu bat ez dagokiola gatibu bati; zehazki, 32 urteko Shiri Bibasi. Beste bi gorpu haren bi haur adingabeenak dira, eta bestea, 83 urteko gizon batena. Netanyahuk sare sozialetan zabaldutako bideo baten bidez azaldu duenez, DNA probak egin ondoren izan dute «ekintza krudelaren» berri, eta Hamasi leporatu dio menia urratzea.
Israelgo Auzitegi Medikuntzako Institutuan egin dituzte DNA probak, Tel Aviven. Zabaldutako aurreneko informazioen arabera, hasieran ez dute lortu Shiri Bibasena behar zuen gorpua identifikatzea; Netanyahuk gero zehaztu du, ordea, Gazako emakume batena zela hilkutxan sartutako gorpua. «Etsaiak larrutik ordainduko du ekintza krudel eta ziniko hau», esan du Israelgo lehen ministroak.
Akusazio horiei erantzunez, Hamasek aitortu du balitekeela «konturatu gabe» gatibuaren gorpua eraman behar zuen hilkutxan beste gorpu bat sartu izana, Reuters berri agentziak erakundeko iturri ofizial bat aipatuz kaleratu duenez. Haren arabera, Israelen bonbardaketa baten ondoren horrek eragindako hondakinetatik gorpuak ateratzen ibili zirenean gertatu zen hutsegitea. Geroxeago zabaldutako ohar baten bidez, Palestinako erakunde islamistak eskatu dio Israeli itzul dezatela oker identifikatutako gorpua, Gazako emakumearena, eta esan du «serioski» aztertuko dutela gertatutakoa.
Iluntzean, Gurutze Gorriari Shiri Bibasiren benetako gorpua entregatu diotela jakinarazi dute Hamaseko adar armatua osatzen duten Al-Qassam Brigadek, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez. Eta 21:30ak pasata baieztatu du Gurutze Gorriak hilkutxa jaso duela.
Shiri Bibas eta haren bi haur adingabeak 2023ko urriaren 7ko erasoan bahitu zituzten milizia palestinarrek, eta gatibu hartu zuten haren senar eta bi haurren aita Yarden Bibas ere; Nir Oz kibutzean zeudela. Yarden Bibas otsailaren 1ean egindako gatibu eta preso trukean utzi zuten aske, eta horrek agerian utzi zuen haren senideak hilik zeudela; izan ere, menian adostutakoaren arabera, aurrena bizirik zeuden emakumezko eta adingabe gatibuak ziren askatzekoak, eta, ondoren, gizonezkoak.
Horrez gain, Hamasek 2023ko azaroan jakinarazi zuen Bibas ama eta haurrak hilik zeudela, Israelen bonbardaketa baten ondorioz. Israelgo armadako bozeramaileak gezurtatu egin du hori, eta Hamaseko kideek hil zituztela esan du gaur arratsaldean egindako adierazpen batzuetan: «Ez zieten tiro egin, beren eskuekin hil zituzten». Gehitu duenez, auzitegiko medikuen eta inteligentzia zerbitzuen ikerketetan oinarrituta atera dute ondorio hori.

Atzo lau hilkutxak Gurutze Gorriaren esku utzi aurretik, AEBei eta Israeli zuzendutako ekitaldi bat egin zuen erakunde palestinarrak, Khan Yunisen, Gaza hegoaldean. Oholtza baten gainean jarri zituzten lau zerraldoak, bakoitzari bere izena eta argazkia jarrita. Alboan, bi misilen karkasak jarri, eta AEBetako bonbek hil zituzten mezua idatzi zuten; are, hilkutxen atzean Netanyahuren irudi bat ipini zuten, hura banpiro moduan irudikatuta, eta hau idatzi zuten arabieraz, hebreeraz eta ingelesez: Gerrako kriminal Netanyahuk eta haren armada naziak hil dituzte, armada sionistako gerra hegazkinetatik jaurtitako misilekin.
Israelgo Atzerri Ministerioak Netanyahuren antzeko erreakzioa izan du: «Hau menia urraketa larri bat baino gehiago da; agerian uzten du nolakoa den aurrean dugun etsaia. [Hamas] Deuseztatu egin behar dugu». Ministerioak sare sozialen bidez egin ditu adierazpen horiek, eta exijitu dio Palestinako erakunde islamistari «berehala» itzultzeko Shiri Bibasen gorpua. Gatibuen eta Desagertuen Senideen Foroa, berriz, Israeli eta nazioarteari mintzatu zaie, eta eskatu die «premiaz baina zentzudun» jokatu dezatela. «Urrats bakoitza kontu handiz egin behar da, horrela bakarrik izango da posible bermatzea gatibu guztien itzulera segurua», adierazi du taldeak sare sozialetan.
Ondo bidean, Hamasek bizirik dauden sei gatibu utziko ditu aske bihar; horien truke, Israelek 502 preso askatuko ditu. Hurrengo ostegunean, berriz, beste lau gatiburen gorpuak entregatzekoa da Palestinako erakunde islamista. Martxoaren 1ean da bukatzekoa meniaren lehenengo fasea, eta ikusteko dago zer-nolako baldintzak zehaztuko dituzten bigarrenerako, oraindik abian baitaude horren negoziazioak.
Oldarraldia areagotu egin da Zisjordanian
Hiru autobus lehertu ziren atzo gauean Tel Avivetik gertu dagoen Bat Yam hirian. Israelgo hedabideek argitaratutako informazioaren arabera, ia-ia aldi berean gertatu ziren hiru leherketak, eta Israelgo Polizia «eraso terrorista» gisa ari da ikertzen. Hiru autobusak aparkaleku batean zeuden, hutsik; ez zen izan ez zauriturik, ez hildakorik. Eremu horretan lehertu gabeko beste bi lehergailu ere aurkitu zituzten, eta, Israelgo hedabideek jakinarazi dutenez, arabieraz eta hebreeraz idatzitako mezu bat zuten: mendekua Tulkaremetik (Zisjordania). Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu gertakari horiekin zerikusia dutelakoan.
Horren harira, Netanyahuk Zisjordaniaren aurkako «operazio militar intentsibo bat» abiatzeko agindu du, eta Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek, berriz, erasoen «intentsitatea» areagotzeko. Hain justu, gauean hainbat sarekada egin dituzte Jeninen eta Tulkaremen, Wafa Palestinako albiste agentziak jakinarazi duenez. Horren arabera, Israelgo soldaduek gizon bat hil dute sarekada horietako batean, eta dozenaka etxebizitza suntsitu dituzte.
Urte hasieratik Zisjordaniaren aurkako operazioak areagotu ditu Israelek. Horietako gehienak iparraldeko Jenin hirian eta horko Nur Xams errefuxiatuentzako esparruan egin ditu. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren arabera, eraso horien ondorioz gutxienez 40.000 lagunek egin dute ihes Zisjordaniatik.
12Zenbat etxe prefabrikatu sartu diren Gazan. Egiptoko Gobernuak bidalitako aurreneko hamabi etxe prefabrikatuak gaur sartu dira zerrendan, Gazako agintariek jakinarazi dutenez. Egiptoren eta Israelen arteko Kerem Xalom pasabidetik sartu dituzte; espero dute datozen egunetan gehiago sartu ahal izatea.