Azkenean, gaur iritsi da duela zenbait aste Iranek Israelen aurka iragarritako mendekua: Israel bonbardatu du. Reuters berri agentziak kaleratu duenez, berrehun misil inguru jaurti ditu Israelgo lurretara. Erasoa hiru buruzagiren hilketen mendekua hartzeko izan dela jakinarazi du berri agentziak, Irango Guardia Iraultzaileko iturriak aipatuta: Hezbollahko buruzagi Hassan Nasrallahrena, Hamaseko adar politikoko buruzagi izandako Ismail Haniyehrena eta Hezbollahren Irango laguntzaile militar Abbas Nilforoushanena.
Erasoa amaitutzat eman du Iranek, baina Tel Avivi ohartarazi dio erantzunez gero berriz egingo diola eraso. Israelgo armadako bozeramaile Daniel Hagarik telebistaz egindako adierazpenetan esan du «mendekua» hartuko dutela: «Israelgo armada prest dago herritarrak babestu eta Irango erasoagatik mendekua hartzeko. Erantzuna, baina, momenturik egokienean helduko da». Herrialdea «alertan» dagoela gaineratu du.
AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Joe Bidenek, bestalde, Israel babestuko duela adierazi du X sare sozialaren bidez —mezua argitaratu duenean, oraindik ezbaian zegoen Iranek eraso egingo ote zuen—: «AEBek Iranen eraso baten aurrean Israel nola babestuko duten eztabaidatu dut presidenteordearekin». Gainera, erasoa hasi eta minutu gutxira Ekialde Hurbilean dauden AEBetako soldaduei misilen aurka egiteko agindu die presidenteak.
Iranen erasoa iritsi baino ordu batzuk lehenago, gaur goizaldean, Israelek «gerraren hurrengo fasea» deitu diona hasi du Libanon. Israelek esan du lurreko erasoaldiak «mugatuak, tokian tokikoak eta selektiboak» izango direla. Zehaztu du inbaditu dituen herrixkak arriskutsuak direla Israel iparraldean dauden komunitateentzat. Oraindik ez dute jakinarazi zeintzuk izan diren lurreko inbasioaren ondorioak, baina Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi du Israelen bonbardaketek 95 lagun hil dituztela azken 24 orduetan, eta 172 zauritu. Hezbollahk, ordea, ukatu egin du Israelgo armadak Libanoko lurreko erasoaldia hasi duela. Hala adierazi dio taldeko prentsa arduradunak Al Jazeera telebista kateari.
Libano hegoaldean «borroka biziak» gertatzen ari direla jakinarazi du Avichay Adraee Israelgo armadako arabierazko bozeramaileak X sare sozialean. Geroago, Israelgo beste iturri ofizial batek ukatu egin dio Reuters berri agentziari Israelgo soldaduak eta Hezbollahko kideak aurrez aurre borrokan aritu direla. Adraeek Libanoko herritarrei ohartarazi die, «beren segurtasunerako», ez joateko herrialdearen hegoaldera. Geroago, etxetik «berehala» alde egiteko agindu die Libano hegoaldeko 30 herritako biztanleei: «Israelgo armadak ez dizue kalterik egin nahi. Utzi etxea, eta joan berehala Awali ibaiaren iparraldera». Gehitu du jakinaraziko dietela noiz itzuli ahal diren etxera.
Hezbollahk ohar bidez adierazi du Israelgo armadako tropei eraso egin diela Metulako mugaren inguruan, eta suziri bat jaurti duela Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen egoitzaren aurka. Atzo arratsaldean, Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak iradoki zuen lurreko erasoa hastear zela. Bada, ordu batzuk geroago, Israelgo armadaren 98. dibisioa —aurrez Gazan aritu zen borrokan— «eraso jakin batzuk» egiten hasi da Libano hegoaldeko herrixketan. Hori jakinarazi du armadak Telegram kanalean. Azken bi asteetan egindako aire erasoak ere «jakin» moduan definitu izan ditu Tel Avivek. Baina, jada, milatik gora lagun hil dituzte bonbardaketa horiek, Libanoko Gobernuak emandako datuen arabera; baita milioi bat lagun desplazatzera behartu ere.
Aire erasoekin jarraitu du Tel Avivek. Beirut hegoaldeko Dahieh auzoko zenbait eraikin bonbardatu dituztela jakinarazi du Israelgo armadak. Libanon dagoen errefuxiatu palestinarren kanpaleku bat ere bonbardatu du: Ein al-Hilweh. Gutxienez bost pertsona hil dira eraso horretan. Mugatik 50 kilometrora dago, Sidon hirian, eta 100.000 palestinar daude hor. Israelek esan du Palestinako Al-Fatah erakundeari lotutako Al-Aqsako Martirien Brigadako liderraren etxea zuela jomuga bonbardaketak. Libanoko hedabideen arabera, ez dute hil. Libano «historiako aldirik arriskutsuenetako» batean dagoela ohartarazi du Najib Mikati lehen ministroak. NBE Nazio Batuen Erakundeko zenbait ordezkarirekin eginiko bilera batean egin ditu adierazpen horiek.
Nazioartearen jarrera
Israel Libanon egiten ari den erasoek AEB Ameriketako Estatu Batuen oniritzia dute. Pentagonoak zabaldutako ohar batean diotenez, bart telefonoz hitz egin dute AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek eta Gallantek. Ziurtatu dutenez, «beharrezkoa» da Libanoren eta Israelen arteko mugako «erasorako azpiegiturak desegitea», Hezbollahk Israel iparraldean erasorik egin ez dezan. Gainera, AEBek militar gehiago bidaliko dituzte Ekialde Hurbilera. Bart Pentagonoko bozeramaile Sabrina Singhek jakinarazi zuenez, aurrez dituzten soldaduei «milaka batzuk» gehituko zaizkie, «beharrezkoa balitz» Israeli lagundu ahal izateko.
Bestalde, EB Europako Batasunak Libanoren eta Israelen arteko borrokak eteteko deia egin du. Israelgo armadak lurreko erasoei ekin baino lehen, atzo arratsaldean mintzatu zen Josep Borrell EBko diplomaziaburua. Israelek azken egunetan Libanon egindako erasoen harira, Borrellek bilera batera deitu zituen EBko estatu kideetako Atzerri ministroak, eta, bilkuraren ostean, adierazi zuen esku hartze militarrak areagotzea eragotzi behar zela: «Jakina da [Israel] Hezbollahko buruzagien aurka ari dela, baina herrialde independente baten subiranotasuna urratzen ari dira. Ezin da ahaztu erasoek lagun andana hil dutela ere». Gainera, NBEren 1701. ebazpena betetzeko deia egin zuen.
«Jakina da [Israel] Hezbollahko buruzagien aurka ari dela, baina herrialde independente baten subiranotasuna urratzen ari dira»
JOSEP BORRELLEBko diplomaziaburua
Ebazpen horrek Israelen eta Libanoren arteko 2006ko gerraren amaiera ekarri zuen. Haren arabera, inolako talde armatu ezin da egon Libano hegoaldean —Litani ibaiaren eta Israelgo mugaren artean—; soilik, bakea mantentzeko lanetan diharduten Libanoko armadak eta Unifil NBEren Libanorako misioak jardun dezakete bertan. Hezbollahk ez duela ebazpenak dioena betetzen, hori argudiatuz justifikatu du Daniel Hagari Israelgo armadako bozeramaileak gaur hasi duten lurreko erasoaldia. Eraso horrekin, ordea, Tel Avivek urratu egin du NBEren ebazpenak dioena.
Ez soilik Libanon
Israelgo armadak Libanotik kanpo ere jarraitzen du erasoan. Gaur, Israelgo soldaduek tiroz hil dituzte bi lagun Zisjordaniako Nablus hirian. Palestinako Osasun Ministerioak eman du gertaeraren berri. Bestalde, Siriako Berri Agentzia Nazionalak jakinarazi du hiru lagun hil dituela Tel Avivek Damaskon egindako aire eraso batek. Hil dituztenetako bat Siriako telebista kate bateko kazetaria zen.