Israelek esan du Gazako segurtasun kontrolei eutsiko diela Hamas «garaitu» ostean

Defentsa ministroaren arabera, «eguneroko administrazioa» palestinarren esku geratuko litzateke, eta AEBek eta NBEk lurraldea «berreraikitzeko» ardura hartuko lukete. Hezbollahren idazkari nagusiak uste du «indar okupatzaileei» aurre egiteko garaia dela.

Gazako zerrendako Al Nusairat eta Al Bureije esparruetako errefuxiatuak ihesean, gaur.
Gazako zerrendako Al Nusairat eta Al Bureije esparruetako errefuxiatuak ihesean, gaur. MOHAMMED SABER / EFE
iraia vieira gil
2024ko urtarrilaren 5a
20:30
Entzun

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak Gazaren aurkako erasoa bukatu ostean aurrera eramateko plan bat aurkeztu zuen atzo, prentsaurreko batean. Azaldu zuenez, Israelek ez du erasoa amaitutzat emango «Hamasen gobernua eta haren baliabide militarrak» desegin eta erakunde horrek bahitu dituen pertsonak askatu arte. Gerora, eta behin Hamas «garaituta», Palestinako erakundeek —zehaztu gabe daude— gobernatuko lukete Gaza, eta lurralde horren «eguneroko administrazioaren inguruan» hartuko lituzkete erabakiak; alde horretatik, Hamasek ez luke inolako ordezkapenik izango. Ziurtatu zuen, gainera, Israelek Gazako segurtasun kontrolak mantenduko lituzkeela eta AEB Amerikako Estatu Batuek, NBE Nazio Batuen Erakundeak eta horien aliatuek ingurua «berreraikiko» luketela. Oraingoz, Israelek ez du onartu Gallanten gerra osteko neurri hori, gobernuko gainerako ministroei aurkeztu behar baitie oraindik ere.

Aste honen hasieran jakinarazi zuten, hain zuzen, Israelgo hedabideek herrialde horretako militarrak eta informazio zerbitzuko funtzionarioak Gaza hainbat eskualdetan banatzearen aldekoak direla, The Guardian egunkariak kaleratutako informazioaren arabera. «Administrazio zibila» eta laguntza humanitarioaren kudeaketa, beraz, «eskualde bakoitzeko konfiantzazko liderrek» bideratuko lukete. Bestalde, eta Gallantek atzo azaldu zuenez, Israelek «Gazan jarduteko eskubideari» eutsiko lioke, baina ez litzateke israeldarren presentzia zibilik egongo. Hori bete ahal izateko baldintza bakarra jarri zuen Defentsa ministroak: «Palestinako erakundeek hartuko dituzte karguak, Israelen aurkako ekintzarik eta mehatxurik ez badago».

Gallantek aurkeztutako gerra osteko politikak, baina, AEBetako ordezkari politikoek hainbatetan proposatu dituzten neurriekin egiten du talka. AEBetako presidente Joe Bidenen administrazioak, hain zuzen, Gaza Palestinako Aginte Nazionalaren esku uzteko eta Palestinako Estatua sortzearen inguruko negoziazioei bide emateko eskatu dio Israeli; herrialde horretako lehen ministro Benjamin Netanyahuk, ordea, atzera bota du eskaera. Zehazki, gerra osteko Gazako gobernantzaren inguruan eztabaidatzeko asmoz bildu ziren atzo Israelgo lehen ministroa eta AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken.

Urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi zenetik, 22.600 lagunetik gora hil ditu Israelek; herenak baino gehiago umeak eta emakumeak dira, Gazako Osasun Ministerioaren arabera. Horrez gain, 57.000 lagun baino gehiago zauritu ditu. OME Osasunaren Mundu Erakundeak helarazitako datuek diotenez, gainera, Israelgo armadak 600 bonbardaketa baino gehiago agindu ditu ospitaleen eta antzeko osasun azpiegituren kontra. Guztira, 600 pertsona baino gehiago hil ditu Israelek ospitaleen aurkako eraso horietan, eta 770 baino gehiago zauritu. Israelgo Defentsa ministroak atzo adierazi zuen Gazako zerrenda bonbardatzen jarraituko dutela, baina «Hamasen aurkako erasoak» bideratuko dituztela.

670 ofentsiba

Libanoko Gobernuak herrialdeko hiriburu Beiruten asteartean izandako erasoa gaitzesteko eskaera aurkeztu dio gaur NBEri. Hamasen adar politikoko buruzagiorde Saleh al-Aruri eta erakunde islamistako beste sei goi kargudun hil zituzten, hain zuzen, Hezbollahren kontrolpeko eremu batean. Libanoko Atzerri ministro Abdala Bu Habibek aurkeztu du idazkia, eta adierazi du milizia xiita horren eta Israelen arteko «indarkeria gorakadarik nabarmenena» dela egungoa, 2006tik. Alde horretatik, NBEri eskatu dio Israel presionatzeko, «erabaki eraginkorrak» hartzeko eta Libanoren kontrako «eraso gehiago» egotea eragozteko.

Hezbollahren idazkari nagusi Hassan Nasrallah prentsaurreko batean mintzatu da gaur, eta adierazi du Libano «arriskuan» jarriko dutela, Al-Auriren aldeko erreakziorik adierazten ez badute. Haren ustez, «Israel eta AEB bezalako indar okupatzaileei» aurre egiteko garai historikorik «onena» da gaurkoa: «Gudu zelaian jasoko dute erantzuna», adierazi du. Oraingoz, Gazako gatazkan Israelen aurkako 670 ofentsiba aurrera eraman dituztela azaldu du; Israel eta Libanoren arteko mugan guztiak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.