Israelek erantzun du Palestinako Estatua aitortzeak bakerako aukera txikitu duela

Tel Avivek kontsultara deitu ditu Espainian, Irlandako Errepublikan eta Norvegian dituen enbaxadoreak.

Israel Katz Israelgo Atzerri ministroa, iragan otsailean, Municheko Segurtasun Konferentzian. RONALD WITTEK / EFE
Israel Katz Israelgo Atzerri ministroa, iragan otsailean, Municheko Segurtasun Konferentzian. RONALD WITTEK / EFE
ander perez zala
2024ko maiatzaren 22a
11:00
Entzun

Israelgo Gobernuak kritika, mehatxu eta ohartarazpen koktel moduko baten bidez erantzun die Espainiari, Irlandako Errepublikari eta Norvegiari. Hiru herrialde horiek gaur jakinarazi dute Palestinako Estatua aitortuko dutela datorren asteartean, eta erabaki horrek Tel Aviv haserretu du. Israel Katz Israelgo Atzerri ministroaren arabera, onarpen kolektibo hori egitea «Hamas saritzea» bezala da, eta, bere herrialdeko armada Gazako gerran borrokan ari den honetan, Katzek esan du EB Europako Batasuneko hiru estatu kide horien aitortzek txikitu egin dutela bakea lortzeko aukera.

Irlandako Errepublikak eta Norvegiak erabakiaren berri eman ondoren mintzatu da Israelgo Atzerri ministroa, eta Espainiak jakinarazpena egin aurretik. Erantzun gisa, Katzek jakinarazi du kontsultara deitu dituztela Irlandako Errepublikan eta Norvegian dituzten enbaxadoreak, eta «antzeko pausoa» ematekoak zirela Espainiak ere erabaki bera hartuko balu Palestinako Estatuaren aitortzaren inguruan. Azkenean, hala egin du Madrilek, eta erreakzio bera izan du Tel Avivek, gerora baieztatu duenez.

«Mezu argi eta nahasezina bidaltzen ari natzaie Irlandari eta Norvegiari: Israel ez da isilik geratuko bere subiranotasunari azpijana egin eta bere segurtasuna kolokan jartzen dutenen aurrean. Urrezko domina eman diote Hamasi», adierazi du Israelgo Atzerri ministroak komunikatu baten bitartez. Katzek, gainera, beste erantzun baten berri ere eman du: Espainiaren, Irlandako Errepublikaren eta Norvegiaren enbaxadoreak deitu ditu «zigor elkarrizketa batera», eta hitzordu horretan Hamaseko milizianoek grabaturiko bideo bat erakutsiko die, joan den urriaren 7ko bahiketa batzuk erakusten dituena.

Hori bai, Israelgo Atzerri ministroak ohartarazi du EBko hiru herrialde horien erabakiak ez duela eraginik izango bere herrialdearen asmoetan, eta erabakia duela «helburuak betetzea». Xede horiek hilabeteotan hainbatetan errepikaturikoak dira: «herritarren segurtasuna berriz» bermatzea, Hamas «desegitea», eta joan den urriaren 7an bahitu zituztenak «etxera ekartzea», ez dagoelakoan horiek lortzea baino «kausa bidezkoagorik».

Beste su eten bat adosteko Israelgo Gobernuaren eta Hamasen arteko negoziazioak ez dira amaitu, baina ez dirudi, oraingoz bada ere, adostasunik lortuko dutenik. Palestinako organizazio islamistak hilaren 6an Egiptok eta Qatarrek —elkarrizketetako bitartekariek— proposaturiko menia onartu zuen arren, Israelek ez zuen begi onez ikusi, eta Rafahren (Gaza) kontrako erasoak, gainera, are gehiago zaildu du bi aldeak ados jartzea.

Ikusteko dago, hortaz, Katzek esandakoaz harago, Espainiaren, Irlandako Errepublikaren eta Norvegiaren aitortzek zer eragin izango duten menia bat adosteko negoziazioetan. Afera horretaz, Egiptok gaur ukatu egin du AEB Ameriketako Estatu Batuetako CNN telebista kateak argitaraturikoa: herrialde horretako zerbitzu sekretuek aldatu egin zutela Israelek onarturiko su-eten proposamen baten edukia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.