Israelek bost pertsona hil ditu Sirian, bonbardaketa batean

Tel Avivek Libanori ere eraso egin dio, eta esan du Hezbollahko buruzagi bat hil duela.

(ID_14715107) MIDEAST PALESTINIANS ISRAEL CONFLICT
Israelgo armadako soldadu bat Zisjordanian, otsail amaieran. ALAA BADARNEH / EFE
Igor Susaeta.
2025eko martxoaren 25a
13:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Israelgo armadak bonbardaketa batzuk egin ditu gaur Siria hegoaldeko Daraa eskualdean, eta eraso horietan gutxienez bost pertsona hil ditu, eta hainbat zauritu. Horixe jakinarazi dute hango iturri ofizialek. Horien arabera, Israelgo armada eskualdearen mendebaldeko lurretan sartu da —Israelen mugakidea da—, eta jarraian, tanke batzuetatik, artilleria erabili dute bonbardaketak egiteko. Israelgo armadak ohar batean esan duenez, bestalde, «terrorista batzuek» suzko armak baliatuta egindako erasoari erantzunez iritsi dira bonbardaketak.

Joan den abenduan Baxar al-Assad Siriako presidentea (2000-2024) erorarazi zutenetik, Israelek hainbatetan bonbardatu du herrialde hura, argudiatuta bonbardatutako posizioetan Al-Assaden armak daudela; edo, bestela, saihestu egin nahi dutela eremu batzuk Hezbollah Libanoko milizia xiitaren esku geratzea.

Herrialdearen hegoaldean eraso bat egin aurretik, ordea, goizaldean, 05:15 zirela, Siria erdialdeko Tadmur  eta T4 base militarrak ere bonbardatu ditu Israelek. Siriako Giza Eskubideen Behatokia GKE gobernuz kanpoko erakundearen zenbaketa aintzat hartuta, Al-Assad erorarazi eta Ahmed al-Xaraak herrialdearen agintea hartu zuenetik, Israelek 39 aldiz aldiz eraso egin dio Siriari —gehien-gehienetan airez—, eta, gaurkoak aintzat hartuta, 22 pertsona hil ditu.

NBE Gazan

Eta Siriari eta Gazari ez ezik, Libanori ere eraso egiten dio Israelek. Tel Aviveko iturri ofizialek ohar bidez jakinarazi dutenez, Hezbollahko buruzagi bat hil dute gaur herrialdearen hegoaldean, bonbardaketa batean.

Bestalde, NBE Nazio Batuen Erakundeak Gazako zerrendan duen taldea txikituko du, Israel berriro zerrendari eraso egiten hasi delako: martxoaren 18an menia hautsi zuenetik 792 pertsona hil ditu han, zerrendako Osasun Ministerioaren arabera. Stephan Dujarric NBEren bozeramaileak atzo iluntzean nabarmendu zuenez, 100 pertsonako taldea murriztuko dute, eta 30 inguruk handik alde egin beharko dute, «noiz eta beharrizan humanitarioak nabarmen areagotu diren honetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.