Hiru urteko politika murriztaileak deusetarako balio izan duen jakin gabe, Gazako blokeoa arintzeko erabakia hartu du Israelgo Gobernuko segurtasun kabineteak. Nahiz eta hura aspaldian hartua zutela ziurtatu, Askatasunaren Flotillaren aurkako erasoaren ostean jasotako kritiken ondotik iritsi da hesitura leuntzeko agindua, nazioarteko presioa gori-gori dagoenean. Ez du beste irtenbiderik izan, aldekoak baino aurkakoak gehiago baititu uneotan haren politikak.
Hala, baimenduko ez dituzten gaien zerrenda eratu eta igorri dio Tel Avivek PAN Palestinako Aginte Nazionalari. Oraino ez dute zehaztasunik eman, Gobernuak bere osotasunean ez baitu hura eztabaidatu; tokiko hedabideek diote, baina, duela bi aste Laukotearen -NBE Nazio Batuen Erakundea, EB Europako Batasuna, Errusia eta AEB Ameriketako Estatu Batuak- Ekialde Hurbilerako ordezkari Tony Blairri hitzemandakoak izango direla. Alegia, hainbat elikagai, sendagai eta bitarte honetan eragotzitako zenbait eraikuntzako material ere sartzen utziko dituzte. Hala balitz, lehen aldia litzateke 2007az geroztik Tel Avivek halakoak sartzen uzten dituela; Hamasek gai horiek armak egiteko balia zitzakeela defendatu izan baitute atzora arte. Dena dela, halako gaiak sartzekotan, NBEren begiradapean izango dela adostu dute; eta hala beharko du, gaur arte indarrean izan dituzten segurtasun neurriak ez malgutzea akordatu baitute, muga guztiak iltzez eta giltzez itxita mantenduz.
Arintzearen mandatua berehalakoa izango zela jakinda ere, uste baino gehiago kostatu zaie horretan bat etortzea, bi egunez jarraian bildu baitira kabineteko zazpi goi agintariak. Iturri ez-ofizialen arabera, ekintzaile palestinarrek bahitutako Gilad Shalit Israelgo soldadua askatzea jarri asmo zuten truke txanpon gisa. Alabaina, horrelakorik ez da izango oraingoz, eta intentzioa «asmo onekoa eta asmo bakarrekoa» dela azpimarratu du Tel Avivek prentsa oharrean.
Gazan, zuhurtzia
Israelek alboan izan duBarack Obama AEBetako presidentea, eta har ere eskatu du blokeoa etetea. Hala egin zuen herenegun Catherine Ashton EBko diplomaziaren buruak ere. Herstura leuntzeko behar beste laguntza emateko prest zirela nabarmendu zuen, baita hara itsas misioa bidaltzeko ere.
Alta, erabakia ez dute nazioartean bezain besteko bozkarioz hartu Gazan. Izan ere, muga guztiak itxita eta itsas blokeoari eutsita, Gazako bizimoduak ez du itxuraldatzeko egokiera handirik. 2008an Israelek Berun Urtua operazioaren barruan bonbardatu ondorengo triskantzak bere horretan jarraituko du, etxe erauzi eta hondakinez betetako kale izkinekin. Hamasek agintzen du han; bertako ordezkari Sami Abu Zuhrik, zehazki, «bigarren mailako eta hutsaltzat» jo du agindua, eta murrizte guztiak indargabetzea galdegin du. Mahmud Abbas PANeko presidentearen aholkulari Saeb Erekat ere bat etorri da Zuhrirekin; Israelek erakutsi asmo dituen ahaleginak hor izanda ere, legez kanpoko blokeoak bere horretan segitzen duela azpimarratu du.
Zentzu berean aritu dira giza eskubideen aldeko erakundeak; AI Amnesty Internationalek neurria erabateko arintzetik urruti dagoela dio, baita Gisha Israelgo giza eskubideen aldeko erakundeak ere: «Ez dugu politika hori aldatzea behar, palestinarren eskubideak aitortuko dituen politika berri bat baizik». Guztien eskubideen errespetuan, horretan oinarritu ditu, hain zuzen, bake negoziazioak George Mitchell AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkariak. Elkarrizketak suspertzeko asmotan, «konfrontazio zirkinik» ez dezatela egin eskatu die alde biei Jerusalemdik.
Gazarekiko elkartasun keinuek, bestalde, ez dute etenik izan, eta, Gazara ontzi gehiago bidaltzeko asmoa iragarri dute hainbat erakundek; tartean, IHH Giza Laguntza Fundazioa nazioarteko konboia antolatutako Turkiako erakundeak. Guztia behar bezala bideratuz gero, uztailean han egotea espero dute antolatzaileek; ez dira bakarrak izango, garai horretan baitira iristekoak Iranek bidali dituen bi ontziak ere.
Israelek blokeoa arintzeko hartutako neurria ez dela aski salatu du PANek
Gazan hainbat elikagai, sendagai eta eraikuntza material sartzen utziko du Tel Avivek, NBEren begiradapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu