Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk «hasiera batean» onartu egin du Libanon su etena egiteko proposamena. CNN hedabideak gaur eman du berria, baina, gehitu duenez, oraindik negoziazioak ez dira amaitu. CNNk berak eta Reuters berri agentziak eta Israelgo Haaretz egunkariak jakinarazi dute Israelgo Gobernuko Segurtasun kabineteak bihar bozkatuko duela menia onartu ala ez. AEB Ameriketako Estatu Batuek duela bi aste egindako proposamenak hirurogei eguneko su eten bat proposatzen du Hezbollahren eta Israelen artean.
Libanoko Parlamentuko presidenteorde Elias Bou Saabek Reuters agentziari esan dio ez dagoela «oztopo handirik» su etena indarrean sartzeko. Israelgo Gobernuan, ordea, badaude meniaren aurkakoak; besteak beste, Itamar Ben Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa. Gerra gelditzea Hezbollah deuseztatzeko «aukera historiko bat galtzea» litzakeela idatzi du X sare sozialean.
Bou Saabek akordioaren zenbait xehetasun argitu ditu. Azaldu du Israelgo armadak Libano utzi beharko lukeela, eta Libanoko armadako tropek kontrolatuko luketela herrialdearen hegoaldea. Tel Avivek, bestalde, eskatzen du Israelgo armadak askatasuna edukitzea Libano hegoaldean sartu ahal izateko, hartara Hezbollahk su etena urratuz gero esku hartu ahal izateko. Gaur bertan, Israelek NBEn duen enbaxadoreak, Danny Danonek, Segurtasun Kontseiluan jakinarazi du edozein akordiorekin ere Israelgo armadak beretzat gordeko duela Libano hegoaldean eraso egiteko aukera. Argitzeko dago bake akordio posibleak eskaera hori kontuan hartuko duen ala ez.
Beraz, oraindik ez da ziurra Tel Avivek Libanorako su etena onartuko duen. Hori nabarmendu du Etxe Zuriak ere. John Kirby Segurtasun Nazionalerako Kontseiluaren bozeramaileak gogorarazi du akordioa ez dagoela itxita, xehetasun guztiak adostu bitartean. Halere, jakinarazi du akordioa «gertu» dagoela. Danonek ere su etena lortzeko negoziazioak aurrera doazela ziurtatu du.
2006an Israelen eta Hezbollahren arteko gatazkaren amaiera ekarri zuen NBE Nazio Batuen Erakundearen 1701. ebazpenak; eta, haren arabera, Libanoko hegoaldean, Israelgo mugatik 30 kilometroko distantzian bi talde armatuk baino ez dute tokia: Libanoko armadak eta NBEren kasko urdinek. Beraz, ez Israelgo armadak, ezta Hezbollahk ere.