Iazko urriaren 7tik, Israelek 43.800 lagun baino gehiago hil ditu Gazan, zerrendako Osasun Ministerioaren datuen arabera. Eta kopuruak gora egiten du egunero. Gaur, Israelgo armadaren erasoek beste hogei lagun hil dituzte, gutxienez. Hildako palestinar horietako hamar, gainera, barne desplazatuen esparruetan zeuden erasoak jazo direnean. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, 1,9 milioi gazatar barne desplazatuak dira egun. Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuaren aurka egin du beste behin Israelek: airez eraso egin, eta gutxienez lau palestinar hil ditu.
Barne desplazatuek Al-Mawasin jarritako behin-behineko kanpaleku baten aurka ere egin du Israelek. Eraso horretan, beste lau pertsona hil dituzte. Al-Mawasiko eremua «gune humanitario» gisa izendaturik dago. Israelek ezartzen ditu «eremu humanitarioak». Zerrendako hegoaldeari ere egin dio eraso Israelek, gaur: Egiptoren eta Gazaren arteko mugan, Rafah hirian, zenbait denda bonbardatu ditu. Eraso horretan, bi lagun hil dituzte gutxienez.
Israelgo armadak Beit Lahiyan ere egin du eraso, Gaza iparraldean. Herri hartako medikuek hedabideei adierazi dietenez, Israelek airez eraso dio eraikin bati. Eraso horretan, gutxienez bi lagun hil ditu. Hori, baina, ez da azken orduetan Tel Avivek Beit Lahiyan egin duen ekintza militar bakarra. Atzo ere egin zuen zerrendako herri horren aurka. Han lanean ari diren hedabideek ezin izan dute oraindik zehaztu zenbat lagun hil zituzten eraso hartan, baina, medikuen hitzak aipatuz, «dozenaka lagun» hil dituztela adierazi du Reuters berri agentziak. Are gehiago, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, Israelek 76 lagun hil ditu Gazan azken 24 orduetan, eta 157 zauritu.
Torturak espetxeetan
Zerrendan, erasoak ez ezik, atxiloketa masiboak ere egin ditu Israelek. Atxilotuen Gaietarako Batzordeak eta Palestinako Presoen Taldeak gaur argitaratu duten txostenaren arabera, Israelgo indarrek «mila lagun baino gehiago» atxilotu dituzte Gaza iparraldean. Are gehiago, Israelek emandako informazioaren arabera, 1.627 lagun ditu gatibu «legez kanpoko soldaduak» izateagatik, zehaztapen gehiagorik ematen ez duen arren. Txostenak, baina, ez da atxilotu kopurura bakarrik biltzen. Bi taldeek salatu dute gatibuek torturak pairatzen dituztela Tel Avivek Zisjordanian duen Ofer kartzelan.
Txostenaren egileak hamabost lagunekin bildu dira, eta ondorioztatu dute espetxe horretan presoek «tortura psikologikoa eta fisikoa» pairatzen dutela: «Testigantzek argi uzten dute okupazioa zein ankerra den: ohikoak dira tortura fisikoa eta psikologikoa, delitu medikoak eta sexu erasoak». Tortura horiek direla medio, 43 lagun hil dira iazko urriaz geroztik, txostenean zehaztutakoaren arabera.
Iazko urritik, atxiloketak ugaritu egin dira Zisjordanian eta Jerusalemen: zehazki, Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, 11.700 palestinar baino gehiago atxilotu dituzte. Eta, hain zuzen, txostenen egileek jakinarazi dutenez, Israelek hamar lagun atxilotu ditu gaur bi eremu horietan.
«Menia» lortzeko negoziatzen
Palestinatik at, beste fronte batzuk ditu Israelek: Libano, esaterako. Tel Avivek bost lagun hil ditu gaur herrialde hartan. Israelgo lehen ministro Benjamin Netnayahuk, baina, esan du urratsak egiten ari direla Libanoko gatazkan. Israelgo Parlamentuan gaur egindako adierazpenetan, baieztatu du «menia bat negoziatzen» ari direla. Halere, azpimarratu du Hezbollah Libanoko talde xiitari eraso egiten jarraituko dutela su eten hori «guztiz» hitzartu arte. Izan ere, Netanyahuren esanetan, su etena lortu arren ezin du ziurtatu «Hezbollahk hura errespetatuko duenik».
AEB Ameriketako Estatu Batuek asteak daramatzate menia negoziazioak bideratu nahian, eta proposamen bat plazaratu zien gatazkaren parte diren aldeei. LBC Libanoko hedabideak gaur argitaratu duenez, Libanoko Gobernuak «begi onez» jaso du proposamen hori.