Israelek bertze bi pertsona hil ditu Libano ekialdean

Bekaa haraneko «helburu militarrei» egin die armadak eraso. Joan den igandean menia luzatu zutenetik gaur arte, 24 pertsona hil ditu Israelek Libanon.

Libanoko armadako soldadu bat, astelehenean. WAEL HAMZEH / EFE
Libanoko armadako soldadu bat, astelehenean. WAEL HAMZEH / EFE
Iratxe Muxika
2025eko urtarrilaren 31
14:22
Entzun

Israelek berriz eraso dio Libanori gaur, eta bi pertsona hil ditu. Libanoren eta Israelen arteko su etena azaroaren 27an sartu zen indarrean, eta otsailaren 18ra arte luzatu zuten aurreko igandean. Gaur, baina, Libanoko Gobernuak aditzera eman duenez, bertze erasoaldi bat egin du Israelek Libano ekialdean. Hamar pertsona zauritu ditu. 

Israelgo armadaren bozeramaile batek adierazi du Bekaa haraneko «helburu militarrei» egin dietela eraso, Israelgo lurraldearentzat eta haren armadarentzat «mehatxu bat» zirela argudiatuta; Hezbollah talde xiita zuten jomugan. Eraso dieten «helburuen» artean, armak garatzeko lurrazpiko azpiegitura bat duen zentro militar bat dago, baita Siria eta Libano arteko muga zeharkatzeko azpiegitura bat ere. Azken hori, Israelek erran duenez, «armen kontrabandorako» erabiltzen zuen milizia xiitak. 

Israelek urtarrilaren 26a baino lehen atera behar zuen bere armada Libano hegoaldetik, joan den azaroan Hezbollahrekin adostutako su etenaren akordioak biltzen zuenez. Halere, Israelek uko egin zion tropak erretiratzeari, eta Libanoko armadari egotzi zion «behar baino mantsoago» ari zirela euren indarrak Libano hegoalderantz mugitzen. Horrek, israeldarren erranetan, bide ematen zion Hezbollahri «antolatzen» jarraitzeko. 

Akordioaren arabera, Israelek bere armada erretiratuko du, eta Litani ibaiak banatuko ditu Libano barreneko indarrak: orain arte ibaiaren hegoaldean egon diren milizia xiitak ibaiaren bertze aldera pasatuko dira, iparraldera; eta alderantziz, hegoaldera mugituko da Libanoko armada, Israel aldera. Israelek, dena den, argi utzi zuen «oraingoz» ez duela troparik kenduko, Libanoko armadak ere «ez duelako bere zatia bete». 

Netanyahu atxilotzeko prest daude bederatzi herrialde

Hagako Taldea sortu dute gaur bederatzi herrialdek. Hagan (Herbehereak) egin zuten prentsaurrekoan azaldu dutenez, taldearen xede nagusia Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua betetzea da. Izan ere, Nazioarteko Zigor Auzitegiak iazko azaroan eman zuen Netanyahu atxilotzeko agindua. Belizek, Boliviak, Kubak, Kolonbiak, Hondurasek, Malaysiak, Namibiak, Senegalek eta Hegoafrikak osatzen dute taldea.

Libanoko Osasun Publikoko Ministerioak jasotako datuen arabera, azaroan su etena indarrean sartu zenetik astelehenera arte, 83 pertsona hil ditu Israelek Libanon. Era berean, desplazatutako herritarrak etxera bueltan zirenean, 228 lagun zauritu zituen. Astelehenetik gaur arte etxera itzultzen saiatu diren milaka lagunei ere egin die eraso: 24 pertsona hil dituzte herrialdearen hegoaldean. 

Horiek hala, Libanoko hedabideek asteon salatu dute Israelgo armada su etena urratzen ari dela behin eta berriz. Gaurko erasoaren aitzinetik, herenegun egin zuten azken erasoa; bost pertsona zauritu zituzten Libano hegoaldean. 

Bertze bi hildako Zisjordanian

Libano ez ezik, bertze lurralde batzuen kontra ere egin du Israelek; atzo gauean Zisjordania iparraldean egin zuen eraso, Jenin hirian, eta bi palestinar hil ditu. Urtarrilaren 21ean hasi zuen Israelek Jeninen aurkako erasoa —Gazako su etena indarrean sartu eta bi egunera—, eta hemeretzi pertsona hil ditu ordutik. 

Israelgo armadak gaur komunikatu batean jakinarazi duenez, «borroka bat» izan zuten soldaduek Jeningo azpiegitura batean gordeta zeuden «bi terroristekin». Horrez gain, armadak errefuxiatuen kanpalekuko eraikin bat bonbardatu zuen atzo, eta hiru emakume palestinar zauritu zituen.

Lanean jarraituko duela erran du UNRWAk

UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak erran du lanean jarraituko duela, nahiz eta asteartean Israelgo Gobernuak jakinarazi zion atzo arteko epea zuela Jerusalem ekialdean dituen egoitza guztiak ixteko. Erakundeko komunikazio zuzendariak gaur aditzera eman duenez, «konpromisoa» dute lasaitasuna bermatzeko Gazan, Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean, eta, hortaz, lanean jarraituko dute.

 

 

Nazio Batuen Erakundearen aitzinean gaur egindako bileran, UNRWAk gaineratu du su etena «arriskuan» egonen dela erakundeak bere lana egin eta laguntza eman ezean. 

Hamasen eta Israelen arteko gatazka hasi zenetik, UNRWAko 270 langile hil dituzte, eta azpiegitura anitz bonbardatu eta suntsitu dituzte. Komunikazio zuzendariak salatu du erakundearen finantzak «zintzilik» daudela; batik bat, Ameriketako Estatu Batuen parte hartzea eten zelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.