Irani nola erantzungo dion «bere interes nazionalen arabera» erabakiko du Israelek. Horixe jakinarazi du gaur goizaldean Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Haren bulegoak ohar bat kaleratu du azpimarratuz kontuan hartuko duela AEB Ameriketako Estatu Batuen iritzia, baina horrek ez duela eragotziko Israelek bere erabaki propioak hartzea egin beharrekoaren inguruan. Hau da, iradoki du litekeena dela erasoa helburu militarretatik haratago joatea.
The Washington Post egunkariak eman zuen, atzo, Israelgo eta AEBetako goi agintarien elkarrizketen berri, eta, informazio horren arabera, Tel Avivek Teheranen «helburu militarrei soilik» eraso egingo diela hitzeman zion Etxe Zuriari. Hori hala balitz, ez lirateke helburu izango petrolioa lortzeko azpiegiturak eta Iranen programa nuklearra.
Iragan urriaren 1ean Iranek Israeli eraso egin zionetik —180 misil inguru jaurti zituen hara—, Tel Aviven erantzunari tamaina hartzeko bitartekari lanetan aritu da Washington; hein batean, argudiatuta AEBen asmoa dela gatazka areagotzea saihestea. Bestalde, Iranek aipatu izan du ez duela eskualde osoari eragingo liokeen gerra bat hasi nahi, baina, aldi berean, ohartarazi du erantzun egingo duela Israelek eraso egiten badio.
Eta bitartean, Israelen erasoaldiak ez du etenik, ez Gazan, eta ezta Libanon ere. Han, azken orduetan, Israelek aire bidezko 230 eraso baino gehiago egin ditu, nagusiki, ekialdeko Bekaa haranean, Beiruten eta hegoaldean, NBE Nazio Batuen Erakundearen kasko urdinek euren egoitza nagusia daukaten lekuan. Azken egunotan Unifil Nazio Batuen Libanorako Indar Behin-behinekoei eraso egiten ari da Israelgo armada, eta misio horretako hainbat soldadu zauritu ditu.
Eraso horiek nazioartearen haserrea eta kritikak eragin dituzte; atzo, kasurako, hizpide izan zituzten NBEko Segurtasun Kontseiluaren —kontseilu horrek dauka Unifileko soldaduen gaineko eskumena— bilkuran. Bada, Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek aho batez gaitzetsi zituzten Israelgo armadaren erasoak, eta bai Israeli, bai Hezbollahri, dei egin zieten misioko soldaduak eta azpiegiturak errespetatzera. «Ezin dira inoiz eraso baten helburuak izan», nabarmendu zuten atzo iluntzean kaleratutako ohar bateratuan.
Bestalde, Hezbollahko idazkariorde Naim Qassemek ohartarazpena egin dio Israeli, telebistan egindako agerraldi batean: «Gure burua defendatzeko eskubideak barne hartzen du Israelen edozein punturi eraso egitea: iparraldeari, erdialdeari zein hegoaldeari». Haren arabera, duela astebete «beste fase bati» ekin zion talde xiitak, baina ez du zehaztu fase hori zertan datzan. Edonola ere, Qassemek berretsi du milizia xiitaren helburua Israelekin su eten bat ituntzea dela, eta, oldarraldia areagotzea baino, adostasun batera heltzea dela euren lehentasuna.
Erasoak Gazan eta Libanon
Israelgo armadak X sare sozialean adierazi duenez, azken orduetako erasoetan Hezbollahko dozenaka kide hil ditu, eta armamentu kopuru handiak topatu ere bai. Eta atzo iluntzean Libano iparraldeko eremu bati ere egin zion eraso, gehiengo kristaua duen Aitu herrixkari. Eraso hori argitzeko ikerketa bat abian jarriko dutela jakinarazi du gaur NBEk. Hezbollahk, bestalde, zenbait suziriren bidez erantzun du. Libano barnealdera jaurti ditu, Israel operazio militarrak egiten ari den tokietako batera, baita Israel iparraldera ere, Haifa hirira. Halaber, Israelgo armadak Libano hegoaldean barreiatze bonbak erabili dituela salatu du talde xiitak; Human Rights Watch erakundearen arabera, debekaturik dago bonba horiek erabiltzea, eragin dezaketen kaltearengatik.
Gazan, berriz, beste 55 lagun hil ditu Israelgo armadak, besteak beste, Gaza hirian, Khan Yunisen eta Jabaliako errefuxiatuentzako kanpalekuan. Aire bidezko 30 erasotik gora egin ditu eremu horien aurka. Etengabeko erasoen ondorioz, gero eta muturrekoagoa da zerrendako egoera humanitarioa. Horren harira, gaur arratsaldean kaleratutako gutun baten bidez, «gehienez ere 30 egun barru» Gazako egoera humanitarioa hobetzeko neurriak indarrean jartzeko eskatu dio Washingtonek Tel Avivi; bestela, «arma bidalketan» nozituko dituela ondorioak.
Egoera «katastrofikoa»
Talde xiitak eta Israelgo armadak egunero egin diote eraso elkarri iazko urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik. Joan den irailean, baina, Israelek beste koska bat estutu zuen Hezbollahren aurkako operazioa: Libanoko gero eta eremu gehiago bonbardatzen hasi zen, lurreko erasoaldiari ekin zion, eta, azken egunetan, zenbait eremutako herritarrei ebakuazio aginduak ematen hasi da. Horiek horrela, Libanoko egoera «katastrofikoa» dela ohartarazi dute gaur Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak eta MEP Munduko Elikadura Programak, komunikatu bateratu baten bidez.
Bi erakunde horietako zuzendariak hiru egunez izan dira Libanon azken astean; besteak beste, errefuxiatuentzako kanpalekuak bisitatu dituzte. «Hiru eguneko bisita honetan, Libanoko herritarrek dauzkaten beldurraren eta nahasmenduaren lekuko izan gara. Munduak Libanon ekidin nahi zuen gerra dagoeneko gertatzen ari da», nabarmendu dute oharrean.
Libanoko Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, iragan irailean Israelek milizia xiitaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, 2.300 lagun baino gehiago hil dituzte, eta 1,2 milioi desplazatu eragin; horietatik 400.000 inguruk Sirian hartu dute babes. NBEren Giza Eskubideetarako Bulegoak gaur emandako datuen arabera, Israelgo armadak emandako ebakuazio aginduek Libanoko lurralde guztiaren %25ari baino gehiagori eragiten diote.
melonik jakinarazi du italiak israeli armak esportatzeari utzi ziola iazko urriaren 7an
Italiako lehen ministro Giorgia Melonik jakinarazi du, gaur Italiako Senatuan egindako agerraldi batean, Italiako Gobernuak iazko urriaren 7an bertan utzi ziola Israeli armak esportatzeari. Haren arabera, aurretik eginak zituzten akordio guztiak eten zituzten, eta ez dituzte berriro ere abian jarriko oldarraldia bukatzen den arte. Gainera, iragarri zuen Libanon dauden kasko urdinak bisitatuko dituela «laster».