Israelgo armadak Beirut erdialdea bonbardatu du gaur goizaldean. Libanoko hiriburuaren aldirietan egin ditu erasoak azken egunetan, baina hiriaren erdialdea bonbardatu duen lehen aldia da 2006ko gerraz geroztik. Zehazki, gehiengo sunita duen auzo bateko etxebizitza eraikin bati egin dio eraso Israelek. PAHF Palestina Askatzeko Herri Fronteak ohar baten bidez jakinarazi duenez, haien miliziako hiru lider hil dituzte eraso horretan; guztira lau lagun hil dituztela jakinarazi du Libanoko Osasun Ministerioak. Gainera, herrialdearen hegoaldean ere egin ditu bonbardaketak Tel Avivek. Horietako batean Hamasen Libanoko burua hil dute, Hamasek berak baieztatu duenez.
Beiruteko Dahieh auzoa behin baino gehiagotan bonbardatu du Israelek azken bi asteetan. Libanoko hiriburuaren hegoaldeko auzo hori Hezbollah talde xiitaren indarguneetako bat da. Bertan hil zuten joan den ostiralean Hezbollahko buru Hassan Nasrallah. Gaur, baina, hiriaren erdiguneraino iritsi da Israelgo armada; Cola izeneko gune jendetsu batetik hurbil egin du bonbardaketa, eraikin bateko zenbait solairu suntsituz. Tel Avivek beste muga bat igaro du gaurko erasoarekin: Libanoren eta Israelen arteko 2006ko gerraz geroztik, lehen aldia da hiriburuko erdialdeari eraso diona.
Joan den ostiralean, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Erresistentziaren Ardatza izan zuen hizpide NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian; hura egin zuen Ekialde Hurbileko gatazken erantzule. Erresistentziaren Ardatza deritzote Irani eta hark militarki eta ekonomikoki babesten dituen miliziei. Milizia horien artean aipatu zituen Hamas eta Hezbollah, eta bi fronteak —Gazakoa eta Libanokoa— irekita mantentzeko prest agertu zen Israelgo lehen ministroa. Hitzaldia amaitu eta ordu gutxira, Beirut bonbardatu eta Hezbollahko burua hil zuten.
Hezbollahren eta Palestinako milizien aurkako erasoez gain, Erresistentziaren Ardatzari beste kolpe bat eman zion atzo Tel Avivek: Yemengo huthien aurka egin zuen eraso Al-Hudaida hiriko portua bonbardatuta. Iazko urrian Israelek Gazako oldarraldia gogortu zuenetik, Israelen aurkako eraso ugari egin dituzte huthiek; gehienak Itsaso Gorrian, Tel Aviv babesten duten herrialdeetako zamaontzien aurka.
Gazan, Libanon zein Yemenen borrokatzeko prest dagoela erakutsi du Tel Avivek; eta Iranen eraso baten zain dago haren aurka egiteko. «Ekialde Hurbilean ez dago gunerik zeinetara Israel ezin den iritsi», ohartarazi du gaur Netanyahuk X sare sozialean zabaldutako adierazpenean. Eta ziurtatu du Iran «aske» izango dela «jendeak uste baino lehenago».
Hain zuzen, Hezbollahren, Hamasen eta huthien erantzunak eta, batez ere, Teheranek hartzen duen jokabideak baldintzatuko du gatazka noraino hedatzen den. Gaur, Irango Atzerri Ministerioko bozeramaile Nasser Kanaanik, prentsaurreko batean, beste abisu bat eman dio Tel Avivi, baina ez du berehalako erasorik iragarri: «Ez ditugu erantzunik gabe utziko gure interes nazionalak urratzen dituzten erasoak». Ostiralean Beiruten egindako erasoan, Hezbollahko buruaz gainera, Irango Guardia Iraultzaileko jeneral bat ere hil zuen Israelgo armadak.
AEB Ameriketako Estatu Batuek, berriz, Teherani ohartarazi diote ezen, egungo egoera «AEBen interesei» kalte egiteko baliatzen badute, Washingtonek defentsarako «beharrezko neurri guztiak» hartuko dituela. Pentagonoak bart zabaldutako oharrean gehitu duenez, AEBek «ahalmen handia» dute oraindik ere Ekialde Hurbilean. Izan ere, CNN hedabideak iturri ofizial bat aipatuta kaleratu duenez, Pentagonoak Iranen eraso bat espero du Nasrallahren hilketari erantzuteko. Horregatik, jakinarazi du AEBak Israelekin «lanean» ari direla eraso posible horren defentsa prestatzeko.
Hain justu, gaur iluntzean Israelgo armadak eremu militar izendatu ditu Libanorekin mugan dauden hiru herri, eta, AP albiste agentziak jakinarazi duenez, soldadu israeldarrek sartu-irten bat egin dute Libano hegoaldean, milizia xiitaren «tunel bati» eraso egiteko.
Hezbollah, lurreko erasorako prest
Hezbollahko idazkariorde nagusi Naim Qassem ere mintzatu da gaur. Telebista bidez eginiko adierazpenetan, ziurtatu du talde xiita prest dagoela Israelen lurreko eraso bati erantzuna emateko. Era berean, jakinarazi du Hezbollahko lider berria «ahalik eta lasterren» izendatuko dutela. Libanoko Gobernuak, ostera, su etena lortu nahian jarraitzen du.
Libanoko Berri Agentzia Nazionalak azaldu duenez, aurreko ostegunean AEBek, Europako Batasunak eta beste zenbait herrialdek egindako proposamena martxan jartzeko asmoa azaldu du Najib Mikati Libanoko lehen ministroak. Horretarako, lehen ministroa prest agertu da 2006ko gerra amaitzea eragin zuen NBEren 1701. ebazpena indarrean jarri eta, bakea mantentzeko asmoz, Libanoko armada herrialdearen hegoaldera bidaltzeko. Behin su etena lortuz gero, lehen ministroak esan du presidentea hautatzeko bozketa batera deituko duela parlamentuan. Izan ere, Libanoko presidente kargua hutsik dago 2022ko urritik.
bahituen familiek protestan jarraitzen dute
Iazko urriaren 7an Hamasek Israelen egindako erasoetan bahitutakoen familiek protesta egiten jarraitzen dute. Gaur, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren etxearen aurrean batu dira, Jerusalemen. Akordio bat egin eta bahituak askatzeko eskatu diote Netanyahuri. Tel Aviven arabera, iazko urrian bahitutako 251 herritarretatik 97 daude oraindik ere Gazan.
Bestalde, Israelek uko egin dio preso palestinar baten gorpua bere familiari emateari. Hamasekin negoziatzeko baliagarria izango delakoan hartu zuen erabakia Yoav Gallant Defentsa ministroak eta, gaur, Israelgo Auzitegi Nagusiak berretsi egin du. Presoa apirilean zendu zen minbiziaren eraginez, 38 urte gatibu igaro ostean.