Israelgo armadak jarraitzen du Palestina gupidarik gabe odolusten. Gutxienez 90 palestinar hil ditu gaur goizean Gazan, erasoaldi batean. Israelgo armadak berak «eremu seguru» izendatutako Mawasi ingurua bonbardatu du, Khan Yunis hiritik gertu, zerrendaren hegoaldean. Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi du 300dik gora zauritu dituztela.
Mawasi laguntza humanitariorako gune izaten ari da gerrak desplazatutako palestinarrentzat, batez ere Rafahtik iritsitakoentzat, eta milaka lagun daude bertan, babes bila joanda. Al-Jazeera telebista kateak aipatutako tokiko iturrien arabera, bost misilek jo dute errefuxiatu eremu horretako erdigunea, eta, berehala, dozenaka zauritu hasi dira iristen Khan Yuniseko Naser osasun zentrora.
Baina Reuters berri agentziak jaso du ospitale horretako arduradunek ohartarazi dutela eguerdi aldera erietxeak jada ezin zuela zerbitzurik eman, Mawasiko erasoaren ondorioz iritsitako zauritu ugariengatik «gainezka» zegoelako. Aintzat hartu behar da, gainera, arta emateko baliabide materialik ere ez dutela ia.
Armadak adierazi duenez, bonbardaketaren helburua Hamasen buruzagi militar bat izan da: Mohamed Deif. Tel Aviven arabera, alderdi islamistako bigarren agintari nagusia, eta joan den urriaren 7an erakunde horrek Israelen egindako erasoaren —1.200 bat hildako— arduradun nagusia izatea leporatzen diote. Tel Aviventzat, Israelen etsai handienetako bat da lehen Intifadatik, 1993tik.
Erasoaz esan duena «gezurra» dela egotzi dio Israeli Hamasek. Israelgo armadak, X sare sozialean kaleratutako ohar batean, adierazi du Hamasen bi buruzagi —Rafa Salama da bestea, Tel Aviveko iturriak aipatuz The Times of Israel egunkariak kaleratu duenez— zibilen artean «ezkutatuta» zeudela errefuxiatu gunean. Benjamin Netanyahu lehen ministroa buru duen gobernuko bozeramaile batek, gainera, erasoa defendatu du. «Terroristei, Hamasen bi buruzagiri ari ginen eraso egiten», azaldu die kazetariei, agerraldi batean. Talde islamistak azpimarratu du «defendatzeko modurik ez zuten zibilak» direla erasoan hildakoak. Bide batez: Israelek oraindik ez du baieztatu aipatutako Hamaseko buruzagiak hil ote dituen goizeko bonbardaketan.
Mawasi «eremu humanitario» izendatu arren, Israelek behin baino gehiagotan egin dio eraso inguru horri. Atzo, Al Khair gobernuz kanpoko erakundeko kide Hosam Mansur hil zuen han, armadak gaur baieztatu duenez. Israelen arabera, Mansurrek dirua helarazten zien zenbait «erakunde terroristari».
%72Netanyahuk dimititu egin behar duela uste duten israeldarren portzentajea. Israelgo Keshet 12 hedabideak gaur kaleratutako inkesta baten arabera, herritarren %72k pentsatzen dute Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak dimititu egin beharko lukeela joan den urriaren 7an Hamasek Israelen egindako erasoengatik.
Gazaren kontrako erasoaldia hasi zenetik, 38.500 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek, eta 10.000 gorpu baino gehiago daude oraindik ere suntsitutako eraikinen artean harrapatuta, Gazako Osasun Ministerioaren arabera.
UNRWAren aurreikuspenak
UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak ohartarazi du funts gehiago jasotzen ez baditu, urrian eten beharko duela ematen duen zerbitzua. Aintzat hartu behar da hainbat estatuk NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horren finantzaketa eten zutela urtarrilean, Israelek esan baitzuen bulegoko kide batzuek Hamasekin lotura zutela. Tel Avivek, baina, ez du inoiz akusazio hori egiaztatu. Eta, atzo, Philippe Lazzarini agentziaren buruak agerraldi batean esan zuen «bazkideekin» lanean ari direla «konfiantza» berreskuratzeko.
Bestalde, gaur iritsi da Jerusalemera Hamasek bahituak dituen israeldarren senideek antolatutako martxa bat. Ostegunean abiatu ziren Tel Avivetik, eta Netanyahuri menia bat eskatua diote, bahitutakoak —100 pertsona inguru— aska ditzaten. Gisa horretako beste karabana batzuk ere egin izan dituzte aurretik.
ARGENTINAKO GOBERNUAK «TALDE TERRORISTA» IZENDATU DU HAMAS
Argentinako Gobernuak «talde terrorista» izendatu du Hamas erakunde islamista, presidentetzaren bulegoak atzo ohar baten bidez jakinarazi zuenez. «Hamasek bere gain hartu ditu urriaren 7an Israelen egindako erasoaren izugarrikeriak, eta ordukoa bat gehiago da bere izenean egin izan dituen eraso terroristen zerrendan», nabarmendu du komunikatu horretan. Israeletik kanpo, AEBetan bizi dira judu gehien (sei milioi); haren ondoren, Frantzia (400.000), Erresuma Batua (271.000), eta Argentina (200.000) daude. AEBentzat eta EB Europako Batasunarentzat ere, esaterako, «terrorista» da Hamas.