Israelek 40.000 lagun hil ditu Gazan iazko urriaren 7tik

Azken hamar hilabeteetan 92.400 lagunetik gora zauritu dituzte zerrendan. Zisjordanian, bestalde, 632 palestinar hil eta 5.400 zauritu dituzte.

Palestinar talde bat hildako baten gorpuzkia garraiatzen, Khan Yunisen, ekainean. HAITHAM IMAD / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abuztuaren 15a
16:35
Entzun

Hamar hilabete eta zortzi egun igaro dira Hamasek eta beste hainbat milizia palestinarrek Gazatik Israelera gurutzatu eta mila lagunetik gora hil zituztenetik. Iazko urriaren 7ko hartaz geroztik, Israelek zerrendaren aurka zuen setioa gogortu eta oldarraldia handitu du. Tel Aviven erasoek Gazan 40.000 lagunetik gora hil dituztela jakinarazi du gaur zerrendako Osasun Ministerioak, azken 24 orduetan Israelek 40 lagun hil baititu, gutxienez. Horiei, 92.400 zauritu inguru eta Israelen bonbardaketen harira txikitutako eraikinen hondarren azpian desagerturik dauden beste 10.000 palestinar gehitu behar zaizkie.

Osasun Ministerioak argitaratutako datuen arabera —Hamas dago gobernuan— Israelen erasoetan hildakoen %33 haurrak dira; hau da, 16.450 baino gehiago. Gauzak horrela, OHCHR Giza Eskubideen NBE Nazio Batuen Erakundearen Goi Mandatari Volker Turkek Israeli eskatu dio «giza eskubideen urraketak» eteteko, ohar bidez. Haren aburuz, egoera Israelgo armadak «gerraren arauak» bete ez izanaren ondorio da. Gainera, egunean, batez beste, 130 lagun inguru hiltzen dituztela nabarmendu du Turkek. Hori dela eta, Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa betetzeko eskatu dio Tel Avivi.

Barne desplazatuek halabeharrez antolatu behar izan dituzten esparru eta kanpaleku inprobisatuen egoerak are gehiago zailtzen du zerrendan dauden palestinarren egoera. Ura eskasa da oso zerrendan, are gehiago horrelako kanpalekuetan. UNRWA NBEren Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak salatu duenez, Gazako herritar askok «ur zikinarekin» iraun behar dute bizirik. Hondakinak pilatuz doaz kaleetan, herritarren osasuna arriskuan jarriz. Izan ere, Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 1,7 milioi lagunek gaixotasun infekziosoren bat dute —Gazan bi milioi lagun inguru bizi dira—, esparruetan dituzten «higiene baldintza pobreengatik».

«Gazara joango naiz, bizia arriskuan jarriagatik ere. Gure biziak ez du haur batenak baino gehiago balio»

MAHMUD ABBASPANeko presidentea

Gauzak horrela, Israelek erasoaldiekin dihardu Hamaseko zein bestelako talde palestinarreko kideen aurkako operazioak direla argudiatuta. Hamaseko hogei kide hil dituztela esan du gaur Israelek —40 lagunetik gora hil dituzte Israelen gaurko erasoek—. Oldarraldia, hala ere, ez da Gazara mugatzen. Iazko urriaren 7tik Zisjordanian ere areagotu dituzte erasoak: 632 palestinar hil eta 5.400 zauritu dituzte. Zisjordanian, Gazan ez bezala, PAN Palestinako Aginte Nazionala dago gobernuan —Mendebaldeak hura aitortzen du Palestinako agintaritzat—. AFP albiste agentziak jakinarazi duenez, PANeko presidente Mahmud Abbasek gaur Turkiako Parlamentuan egindako agerraldian iragarri du bera eta haren gobernua Gazara joango direla datozen egunetan: «Gazara joango naiz, bizia arriskuan jarriagatik ere. Gure biziak ez du haur batenak baino gehiago balio». Bere helburuak «gerra gelditu» eta «bonbardaketekin amiatzea» direla adierazi du.

Menia negoziazioak

Hilak gero eta gehiago badira ere, menia negoziazioek aldi berri bat hasi berri dute Dohan. Qatarko hiriburuan bilduta egongo dira datozen egunetan AEB Ameriketako Estatu Batuetako, Egiptoko, Qatarko eta Israelgo ordezkariak su eten akordio bat lortzeko asmoz.

Milizia palestinarrek jakinarazi dute ez dutela parte hartuko negoziazioetan. Reuters albiste agentziaren arabera, ordea, oraindik ez dago argi zein izango den milizien rola hasi berri dituzten negoziazioetan. Hamasek, berriz, gogorarazi du berak uztailean onartu zuela AEBek proposatutako akordioa, eta nabarmendu du Israelek hura onartu behar duela.

Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuren gobernua presiopean dago menia proposamena onar dezan. Ez soilik nazioartean. Israelen ere nazioarteko bitartekariek mahai gainean jarritako akordioa adostu dezan eskatzen diote. Gaur, esaterako, Tel Aviven eta Jerusalemen dozenaka pertsona kalera atera dira. Protestetan, azken hamar hilabeteetan su eten akordioa «oztopatu izana» leporatu diote Israelgo Gobernuari.

Menia eskakizunak ez dira Netanyahuk herrialde barruan dituen kritika bakarrak. Israelgo jeneral ohi Yitzhak Brikek Maariv egunkarian argitaratutako gutunean gogor egin du lehen ministroaren aurka, Gazako gerra haren «interes pertsonalerako» erabili izana leporatuta: «Netanyahuri ez zaizkio ez herritarren ongizatea ez haien segurtasuna inporta. Hark bizirik irautea [politikoa], ez zaio besterik axola». Brikek ohartarazi du lehen ministroarengatik Israelek nazioartean zuen «estatusa galdu» duela, «estatu paria bat» bihurtzeraino.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.