Netanyahuk esan du Hamasekin akordio bat eginda ere Rafahn sartuko direla

«Tokiz kanpo dago pentsatzea gerra etengo dugula helburu guztiak bete aurretik», adierazi du Israelgo lehen ministroak. Berrogei eguneko menia bat proposatu dio talde islamistari.

Emakume palestinar bat, haur bat besoetan duela, Israelek Al Nuseirat errefuxiatu esparruari eraso egin ostean, atzo, Gazan. MOHAMED SABER / EFE
Emakume palestinar bat, haur bat besoetan duela, Israelek Al Nuseirat errefuxiatu esparruari eraso egin ostean, atzo, Gazan. MOHAMED SABER / EFE
Igor Susaeta - Gotzon Hermosilla
2024ko apirilaren 30a
14:00
Entzun

AEBak eta Erresuma Batua Hamasen gaineko presioa areagotzen ari dira, onar dezan Israelek egindako su etenerako proposamena. Hori bai, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ohartarazpen bat egin du gaur: jakinarazi du talde islamistarekin akordio bat eginda ere aurrera eramango dutela Rafahn, Gaza hegoaldean, aurreikusita daukaten lurreko inbasioa. «Tokiz kanpo dago pentsatzea gerra etengo dugula helburu guztiak bete aurretik», idatzi du mezu batean, lehen ministroaren X sareko kontuak. Israelgo Haaretz egunkariaren arabera, Hamasek joan den urriaren 7tik bahituta dituenen senideei esan dizkie hitz horiek Netanyahuk, bilera batean. Zerrendaren hegoaldean, Egiptoko mugan, egin nahi duen operazio militarra justifikatu du lehen ministroak, adierazita Hamasen «lau batailoi» daudela han.

Azken orduetan, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek eta David Cameron Erresuma Batuko Atzerri ministroak, esaterako, nabarmendu dute «oso eskuzabala» dela Israelek menia bat adosteko egindako planteamendua. Israelgo zenbat hedabidek negoziazioen berri duten iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Tel Avivek berrogei eguneko su eten bat proposatu du. Tarte horretan Israelek «milaka» preso palestinar askatuko lituzke, eta, trukean, Hamasen esku dauden 130 bahitu askatu beharko lituzke miliziak.Beste komunikabide batzuen arabera, ordea, Israelek eskatu du 33 bahitu aske uzteko, eta trukean bederatziehun preso palestinar askatuko lituzke.

Egipto ari da bitartekari gisa bi aldeen artean, eta hango Al-Qahera News hedabideak kaleratu du gaur Hamasen ordezkaritzak Kairotik alde egin duela jada, eta Israelek egindako proposamenari idatziz erantzuteko bueltatuko dela hara; ez du zehaztu, ordea, noiz —komunikabide horrek lotura estua du Egiptoko estatu indarrekin—. Horren harira, hain zuzen, The Times of Israel egunkariak jaso du, Tel Aviven funtzionario bat aipatuz, Israelgo ordezkariak ez direla Egiptoko hiriburura itzuliko Hamasek planteatutakoari erantzun arte.

«Gaur egun, su etenerako oztopo bakarra Hamas da», esan du Blinkenek; «erabaki bat hartu behar dute, eta azkar. Espero dezagun erabaki zuzena hartzea». Cameronek, berriz, adierazi du espero duela Hamasek akordioa onartzea: «Mundu osoak haiei begira egon beharko luke, eta esan: 'Akordioa onar ezazue'».

4

UNRWA finantzatu gabe segitzen duten herrialdeak. Joan den urtarrilean, hainbat herrialdek bertan behera utzi zuten UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren finantzaketa. Hiru hilabete pasa geroago, lau herrialdek eusten diote jarrera horri: AEBek, Erresuma Batuak, Austriak eta Suitzak. Israelek egotzi zion NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horri Hamasekin lotura edukitzea, eta horregatik eten zuten finantzaketa. Joan den astean kaleratutako kanpo ikerketa baten arabera, ordea, ez dago UNRWA Hamasekin lotzeko adina frogarik.

Hamasen bozeramaile Osama Hamdanek ukatu egin du Israelen proposamena «eskuzabala» dela, Al-Jazeera telebista kateari adierazi dionez. «Herritar zibilen kontrako erasoak gelditzea ez da eskuzabala. Krimen bat egiteari uzten zaionean, ezin da esan hori eskuzabala denik». Hamdanen arabera, Israelek ez du «erabateko su etena» nahi, eta ez du hitzik ere esan Gazatik alde egiteko aukeraz.

Rafahri eraso egiteko aukera ere mahai gainean dago negoziazioetan. 1,5 milioi errefuxiatu palestinar daude hiri horretan, Gazako beste zenbait tokitatik iritsitakoak —guztira 2,3 milioi lagun daude zerrendan—, eta Israelgo armadako bozeramaileek ere mehatxu egin dute: adierazi dute «datozen egunetan» erabakiko dutela hiri hori lurrez hartzea «negoziazioek aurrera egiten ez badute». Washington ez dator bat Rafah inbaditzeko aukerarekin, uste baitu eraso eginez gero ez legokeela errefuxiatuen segurtasunaren gaineko «bermerik», eta horregatik ari dira saiatzen estutzen, su etenaren inguruko negoziazioek fruituak eman ditzaten.

Su etenerako proposamenarekin zer gertatzen den argitu bitartean, Israelen erasoek ez dute etenik, eta azken 24 orduetan beste 47 palestinar hil dituzte, Gazako Osasun Ministerioaren arabera —34.535 dira hildakoak urriaren 7tik—. Osasun egoera ere gero eta okerragoa da; izan ere, ehunka gorpu daude hondakinen azpian lurperaturik, eta baliteke horrek gaitzak zabaltzea. Erietxeak ere botikarik gabe geratzen ari dira, eta gero eta zailagoa da palestinarrentzat edateko ura lortzea.

Alemaniaren kontrako neurririk ez

Nikaraguak duela aste batzuk eskatu zion Nazioarteko Justizia Auzitegiari blokeatu zitzala Alemaniak Israeli egindako arma bidalketak. NBE Nazio Batuen Erakundearen organo judizial nagusiak, baina, uko egin dio kautelazko neurriak hartzeari, irudituta «egungo abagunea» aintzat hartuta ez dagoela horretarako «beharrik». Hori nabarmendu du gaur, auto batean, auzitegi horretako presidente Nawaf Salamek. Hamabost magistratuk neurririk ez hartzearen alde bozkatu dute, eta batek kontra.

Armak bidaliz «genozidio» bat gerta zitekeela jakinda, 1948ko NBEren Genozidioaren Konbentzioa urratzea egotzita jo du Nikaraguak Alemaniaren kontra. Berlinek argudiatu du baietz, armak bidali dizkiola, baina aurrez «nazioarteko zuzenbideak ezarritako markoa nabarmen gainditzen duen prozedura zorrotz bat jarraituz». Gaineratu du, bide batez, Holokaustoaz geroztik dela «lehentasun bat» Israelen «segurtasuna». Nazioarteko Justizia Auzitegiak ez du guztiz baliogabetu kasua, Alemaniak nahi bezala.

Auzitegi horrek azpimarratu du «oso kezkatuta» dagoela palestinarrek Gazan dituzten «bizi baldintza katastrofikoengatik». Hegoafrikaren eskaera bati erantzunez, eta kautelazko neurri gisa, Gazan genozidioa eragozteko neurriak hartzeko eskatu zion joan den urtarrilaren amaieran Israeli.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.