Israelek 300 kilometro koadro okupatu ditu Sirian, GKE baten arabera

Siriako Giza Eskubideen Behatokiak adierazi duenez, Golango gainetatik Libano hegoaldeko mugara doan lurraldea okupatu du Tel Avivek. Netanyahuk esan du «behin-behinekoa» dela Siriako lur horien okupazioa.

Israelgo soldaduak, Siriako lurretan, bi herrialdeen arteko mugatik gertu, gaur. ATEF SAFADI / EFE
Israelgo soldaduak, Siriako lurretan, bi herrialdeen arteko mugatik gertu, gaur. ATEF SAFADI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 12a
14:14
Entzun

Siriako matxinoek Baxar al-Assad abenduaren 8an agintetik erorarazi eta herrialdeko presidenteak handik ihes egin ostean, Israelek operazio militarrak hasi zituen han: Al-Assaden mendekoak ziren azpiegitura militar andana bonbardatu ditu, eta, bost hamarkaden ostean, Golango gainetatik haragoko Siriako lurretan sartu dira Israelgo soldaduak. Are gehiago, Siriako Giza Eskubideen Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak EFE Espainiako albiste agentziari jakinarazi dionez, Tel Avivek 300 kilometro koadro inguru okupatu ditu bost egunetan.

Israelek Golango gainak okupatu zituen 1967an, Siriaren eta Israelen arteko Sei Eguneko Gerraren ostean, eta herrialdera anexionatu 1981ean; azken egunetan hartutako lurrak Golango gainen ondokoak direla adierazi du GKEko zuzendari Rami Abdelrahmanek: «Israelek hartutako gunea Golanen alboko lur ez okupatuetatik Libanoko hegoaldeko mugaren alboan dauden lur batzuetaraino doa».

GKEko zuzendariak azaldu duenez, Tel Avivek lur horiek okupatu izanak hautsak harrotu ditu NBE Nazio Batuen Erakundeak 1973an ezarritako gune desmilitarizatuarekin muga egiten duelako. Lur horietan ezin da egon ez Siriako armadaren ez Israelgoaren presentziarik. Are gehiago, Israelgo armadak soldaduak lur berri batzuetara zabaldu izana 1974ko akordioaren —Siriak eta Israelek sinatu zuten NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak proposatuta— urraketa bat dela iritzi diote hainbat herrialdek; Kanadak, Egiptok eta Frantziak, esaterako. Akordio horren helburua bi herrialdeen armaden arteko gatazka eragoztea da, haien arteko gerturatzea ekidinez.

Israelen operazioak ez dira soilik soldaduak hedatzera mugatu. GKEaren datuen arabera, Israelgo armadak gutxienez 350 aldiz bonbardatu du Siria. Al-Jazeera Qatarko telebista kateak atzo argitaratu zuenez, ordea, herenegun eta atzo denera 480 aldiz bonbardatu zuen Israelek Siria.

Abdelrahmanek EFEri esandakoaren arabera, eraso horiek Al-Assaden armadaren azpiegituren aurkakoak izan dira. Are gehiago, Tel Avivek bart Siria ekialdean dagoen Deir ez-Zor hiriko aireportu militarraren aurka egin duela eraso esan du GKEko zuzendariak. Hiri hori atzo bereganatu zutela adierazi zuten Al-Assad erorarazi zuten taldeek, SDF Siriako Indar Demokratikoei kenduz —kurduak dira nagusi koalizio horretan—.

Israelek, berriz, orain arteko operazioak justifikatu ditu, esanez horiek egin dituela Al-Assadek utzitako hutsunea «talde jihadistek bete ez dezaten». Igandetik errepikatu duen argudioa da hori, eta gaur ideia hori berretsi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu, ohar bidez.

Golango herritarrak babestu

Al-Assaden agintaldiaren amaierarekin 1974ko akordioan ezarritako armadarik gabeko gunean «hutsune bat» geratu zela nabarmendu du Netanyahuk, eta, Golango gainetan bizi diren herritarrak babeste aldera, hura okupatzea erabaki zutela azaldu du: «Israelek ez du baimenduko talde jihadistek hutsune hori bete dezaten, eta Golango gainetan bizi diren komunitate israeldarren aurka [2023ko] urriaren 7ko antzerako erasoak egin ditzaten».

Israelgo lehen ministroak gaineratu duenez, soldaduak hedatu izana «behin-behinean» hartutako neurri bat da, Sirian egongo den gobernu berriak izango duen jarreraren zain: «Soldaduak hedatu izana behin-behineko da, 1974ko akordioarekin konprometitutako indar bat dagoela ziurtatu eta gure mugaren segurtasuna bermaturik dagoela jakin arte».

Lehen ministroaren agerraldirik ez

HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea talde armatuen koalizioak du botere handien Al-Assad kargutik botatzeko ahaleginetan ibilitako taldeen artean botere gehien duena. Taldea trantsizio gobernu bat irudikatzen hasi zen aste hasieran, eta herenegun behin-behineko gobernu horren lehen ministroa izendatu zuen: Mohamed al-Baxir. Gaur aurreneko agerraldia egin behar zuen prentsaren aurrean Idlibeko Garapen ministro izandakoak, baina, azken orduan, bertan behera uztea erabaki du. Ez dute argitu zergatik.

Salbazio Gobernuko buruzagiak —HTS buru duen koalizioaren adar politikoaren izena—, hala ere, Al-Jazeerari elkarrizketa eman dio gaur. Horretan, «gutxiengoak errespetatzea» eta «segurtasuna berreskuratzea» xede dituela nabarmendu du.

Al-Assad agintetik bota zutenetik, matxinoek behin eta berriz errepikatu dute ez dutela langile publiko guztien aurka egingo, eta azken urteetan egon den administrazioa mantentzeko prest agertu dira. Ideia horiek izan ditu mintzagai Al-Baxirrek ere: «Atea zabalik dago langile guztientzat, eskuak odolez zikinduak dituztenentzat izan ezik». Ustez krimenak egin dituzten langile horiei dagokienez, lehen ministroak gaineratu du «auzitegien aurrera» eramango dituztela.

Prentsaren aurrean hitz egin ez duen arren, Siriako gobernu berria mugitzen hasi da. Gaur Polizia berria sortzeko aurreneko pausoak ematen hasi dira: Baren Ministerioak Telegram bidez zabaldu duen mezu batean dei egin die Polizia berriaren parte izan nahi duen edozein herritarri Idlibeko eta Alepoko polizia akademietan izena emateko.

Rojavan, matxinoen bandera

Siriaren menpeko Kurdistanen, kurduek osatutako AANES Siria Iparraldeko eta Ekialdeko Administrazio Autonomoak al-Assaden erregimena erorarazi duten matxinoen bandera jarri du bere kontrolpeko eraikin guztietan. Kurduen agintaritzak Xn zabaldutako mezu baten bidez eman du horren berri, eta esan du ekintza horrek «Siriaren batasuna eta bere identitate nazionala» aldarrikatzen dituela.

Erabakia iritsi da, hain justu, gehienbat milizia kurduek osatzen duten Siriako Indar Demokratikoak koalizioa Turkiaren babespeko SNA Siriako Armada Nazionalarekin borrokatzen ari denean.

Sirian gobernu «inklusibo bat» osatzeko deia egin du G7-ak

G7ko kide diren herrialdeek komunikatu bateratua zabaldu zuten atzo, eta testu horren bidez dei egin zuten Sirian gobernu «sinesgarri eta inklusibo bat» osatzeko, zeinak herrialdeko «batasun nazionala» bermatuko duen. Siriako matxinoek igandean erorarazi zuten agintean 54 urtez egon den Al-Assad erregimena, eta, orain, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamista «trantsiziorako gobernu bat» osatu nahian dabil. 

Horren inguruan, G7koek esan zuten «prest» daudela prozesu horretan laguntzeko, baldin eta etorkizuneko gobernuak gutxiengo etniko guztien eta emakumeen eskubideak errespetatzen baditu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.