Israelek 23 urteko palestinar bat askatu du, ia hamar urtez preso eduki ostean

Israelgo soldaduek 13 urte zituenean atxilotu zuten Ahmad Manasra, hilketa saiakera egotzita. Ezarritako zigorra bete ostean askatu dute, nahiz eta nazioarteko erakundeek aurretik eskatu izan duten askatzeko; 2021ean eskizofrenia diagnostikatu zioten.

Palestinar bat Israelgo soldaduengandik ihesi, herenegun, Zisjordaniako Nablus hirian. ALAA BADARNEH / EFE
Palestinar bat Israelgo soldaduengandik ihesi, herenegun, Zisjordaniako Nablus hirian. ALAA BADARNEH / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko apirilaren 11
12:49
Entzun 00:00:0000:00:00

Ahmad Manasra palestinarrak ia hamar urte igaro ditu Israelgo espetxeetan: 2015ean hartu zuten atxilo, 13 urte zituenean, eta asteon askatu dute —23 urte ditu orain—. Atzo eman zuen berria Palestinako Presoen Elkarteak, eta, jakinarazi zuenez, Beer-Xeva hirian askatu zuten Manasra. Wafa Palestinako albiste agentziaren arabera, Manasraren familiako kideak Nafhako kartzelan zeuden hura noiz askatuko zain, eta Israelgo armadak handik 70 kilometro ingurura askatu zuen, Beer-Xevan.

Manasrari hilketa bat egiten saiatzea egotzi zioten. 2015eko urrian, 13 urteko palestinarra eta haren lehengusu bat —15 urtekoa— Jerusalem ekialdeko israeldarren kolonia batera sartu ziren, eta lehengusuak bi israeldar zauritu zituen labana bat erabiliz. Jarraian, kolonoek lehengusua hil zuten, tiroz, eta Manasra jipoitu eta auto batekin harrapatu. Sare sozialetan zabaldu zuten bideo batean, 13 urteko palestinarra lurrean ageri zen, burutik odola zeriola, eta inguruan kolonoak hari burlaka. Burezurra hautsita zuela atxilotu, eta bederatzi urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten, nahiz eta epaileek ebatzi Manasrak ez zuela inor sastakatu.

Kartzelan igaro duen denboran, gaztea bakartuta eduki dute hainbat urtez, Al-Jazeera hedabideak kaleratu duenez. Giza eskubideen aldeko elkarteek, Nazio Batuen Erakundeak eta Europako Batasunak Manasra askatzeko eskatu izan diete Israelgo agintariei, gaztearen buru osasuneko arazoak direla medio. Israelgo Auzitegi Gorenak, baina, entzungor egin die eskaera horiei, argudiatuta gazteari «terrorismoa» egozten ziotela, eta haren adina eta buru osasuneko arazoak ez zirela aski arrazoi hura askatzeko.

2021ean, Mugaz Gaindiko Medikuak erakundeko mediku batek gaztearen egoera aztertu ahal izan zuen, eta ondorioztatu eskizofrenia zuela. Medikuak ohartarazi zuen espetxean jarraituz gero okerrera egingo zuela, baina beste lau urtez eduki dute kartzelan. Azkenean, ezarritako zigorra bete duenean utzi dute aske.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.