Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak Israel zigortzeko atea ireki du, EBko Kontseiluak gaur Bruselan egin duen bileraren aurretik. EBko kide diren 27 herrialdeetako Atzerri ministroak bildu ditu, eta horiei eskatu die Israel zigortzeko «taburik» ez izatea. Haren hitzetan, Israelgo zenbait ministrok palestinarren aurka zabaldu dituzten gorroto mezuak «onartezinak» dira. Borrellek bileraren ondoren jakinarazi duenez, bere asmoa da Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrich eta Defentsa ministro Itamar Ben Gvir zigortzeko tramiteak hastea, nahiz eta aitortu duen EBko kide gehienak ez datozela bat harekin.
EBko diplomaziaburuaren ustez, Israelgo ministro horiek «nazioarteko zuzenbidearekin» bat ez datozen proposamenak egin dituzte. Gainera, gehitu du «gerra krimenak» egiteko instituzioa direla. Palestinarren aurkako mezuak zabaldu dituztenen artean, Israel Katz Atzerri Ministroa aipatu du Borrellek, atzo eginiko adierazpenetan Zisjordanian bizi diren palestinarrak ebakuatzeko aukera aipatu baitzuen ministro horrek, azken egunetan Israelek eremu horren aurkako erasoak areagotu ostean.
Zisjordaniako palestinarrekin Gazakoekin egiten ari diren gauza bera egin nahi izatea leporatu dio Israelgo Atzerri ministroari Borrellek, eta dei egin die EBko Kontseiluaren bileran parte hartu duten Atzerri ministroei Zisjordaniako egoeraren aurka ahotsa goratzeko. Israelgo Gobernuak Palestinan diharduten NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziei «izugarrizko presioa» ezartzen diela ere salatu du, eta haien lana oztopatzen duela. Hain zuzen, iazko urrian Israelek Gazaren aurkako oldarraldia areagotu zuenetik, 280 langile humanitario baino gehiago hil dituzte Israelgo armadak eginiko bonbardaketetan eta erasoetan. Gehienak UNRWA Nazio Batuen Erakundearen Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko kideak ziren: 207, agentzia horren buru Philippe Lazzarinik duela bi aste esan zuenez.
Gazako egoeraz gain, EBko Kontseiluak egin duen bilerak Ukrainako gerra, Venezuelako krisi politikoa eta EBk Turkiarekin dituen harremanak izan ditu hizpide. Bilera horretan ere Gai Humanitarioak Koordinatzeko eta Gaza Berreraikitzeko Nazio Batuen Bulegoak eginiko txosten bat ere aurkeztu du erakunde horren arduradunak, Sigred Kaagek.
Netanyahuren proposamena
Etzi da hastekoa Gazan polioaren aurkako txertaketa kanpainak izango dituen erronden arteko lehena; ia milioi bat dosi jaso dituzte hango osasun agintariek. Bada, OME Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi duenez, kanpainak iraungo dituen egunetan «etenaldi humanitarioak» egitea adostu dute Israelek eta Hamasek. OMEko goi kargudun Rik Peeperkornen arabera, etenaldiak 08:00ak eta 17:00ak artean egingo dituzte.
Hain justu, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak OMEk iragarpena egin baino zenbait ordu lehenago ohartarazi du prest egongo litzatekeela Gazan egiten ari diren «operazio militarrak» aldi baterako eteteko, zerrendan bizi diren haurrek polioaren aurkako txertoa jaso dezaten. Hori bai, uko egin dio txertaketa kanpainak iraun bitartean «su eten orokor bat» ezartzeari, eta azaldu du borroken etenaldiek unean uneko txertaketa eremuei soilik eragingo dietela. Hamasek proposamena onetsi du.
UNRWAk adierazi duenez, ordea, erronka ugari izango ditu txertaketa kanpainak: polioaren aurkako txertoa jaso behar duten haur guztiak kokatzea eta horiengana heltzea, besteak beste. Hamar urtez azpiko 640.000 haur daude Gazan, ia denak bizilekutik urrun —NBEren arabera, Gazako hamar palestinarretik bederatzi lekualdatu dira Israelen erasoaldiaren ondorioz—. Beraz, UNRWAk salatu du txertaketa kanpaina koordinatzea «ia ezinezkoa» izango dela.
Jihad Islamikoaren buruzagietako bat hil du Israelek
Israelgo armadak esan du Jihad Islamikoa talde armatuaren buruzagietako bat hil duela Zisjordaniako Tulkarem hirian, gaur goizaldean. Ohar batean jakinarazi dutenez, hiri horretan jarduten zuen brigadaren burua zen Mohamad Jaber, eta meskita batean babesten ari zela hil dute beste lau miliziano palestinarrekin batera. Palestinako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera, urte hasieratik hona 315 palestinar baino gehiago hil dira Israelgo armadak egindako erasoetan. Iragan urriaren 7az geroztik, berriz, 655 pertsona inguru hil dituzte; horietatik 147 haurrak ziren.
Azken astean nabarmen areagotu da Zisjordanian bizi diren palestinarren aurkako indarkeria: abuztuan ia 70 palestinar hil dira Israelgo armadaren erasoetan, eta gutxienez bat kolono israeldarrek eginikoetan. Atzo goizaldean, esaterako, Israelek Jenin, Tulkarem eta Tubas hiriei egin zien eraso, eta hamar palestinar hil zituzten, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko Osasun Ministerioaren arabera. Hala, Zisjordaniako palestinar zibilak babesteko neurriak har ditzala eskatu diote AEB Amerikako Estatu Batuek Israeli, Etxe Zuriak argitaratutako ohar batean. Horrez gain, oharrean AEBek azaldu dute Israelek «ekintza terroristen» kontra babesteko eskubidea duela.