Israel: Trumpen eta Harrisen topagunea

Hautagai demokratak errepublikanoaren antagonikotzat aurkeztu du bere burua; biek adierazi dute, halere, beti babestuko dutela Israel. Bestalde, Washingtonek Teheranekin daukan harremana kudeatzea izango da hurrengo presidentearen lehentasunetako bat.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Kamala Harris AEBetako presidentegai demokrata Washingtonen, joan den uztailaren 25ean. KENNY HOLSTON / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Kamala Harris AEBetako presidentegai demokrata Washingtonen, joan den uztailaren 25ean. KENNY HOLSTON / EFE
maddi iztueta olano
2024ko azaroaren 3a
05:05
Entzun

Bi pertsonaia antagonikoren arteko lehia izango da AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidentetzarako bozetakoa; izan ere, Alderdi Demokrataren hautagai izendatu zuten egun berean, iragan abuztuaren 22an, Donald Trump hautagai errepublikanoaren nemesis gisa aurkeztu zuen bere burua Kamala Harrisek. Edonola ere, George Washington Unibertsitateko irakasle eta Persiar golkoko herrialdeetan aditu Gordon Grayk azaldu duenez, bada bi hautagaien topagune izan daitekeen gai bat: Israel. «AEBetako herritarrek ez dute Ekialde Hurbileko beste gerra batean sartu nahi, eta bi hautagaiek argi daukate hori. Harris eta Trump apenas datozen bat ezertan, baina horixe litzateke ados dauden auzi bakanetako bat».

Iazko urriaren 7az geroztik, Israelek Gazaren aurka abiatutako erasoaldian dauka jarrita arreta nazioarteak, baita Washingtonek ere, estatu juduaren aliaturik handiena baita. Joe Biden AEBetako presidenteak behin eta berriz babestu du «Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea», eta, Grayren arabera, bide beretik segituko du Harrisek, baldin eta presidente kargua lortzen badu: «Oinarria ez da aldatuko. Gazaren inguruan galdetu dioten aldiro, [Harrisek] azpimarratu du Israelen babesle sutsua dela».

Trumpek afera horretan izango lukeen jarrerari buruz galdetuta, presidente ohiak bere agintaldian hartutako zenbait erabaki gogora ekarriz erantzun du adituak, telematikoki: «2017tik 2021era agintean egon zen administrazioak, Trumpenak, eskatu zuen guztia eman zion Netanyahuri [Benjamin, Israelgo lehen ministroa]: Golango anexioa aitortu zuen, eta AEBetako enbaxada lekualdatu Tel Avivetik Jerusalemera». Eta hautagai errepublikanoa Etxe Zurira itzuliko balitz, ez du uste Israeli bizkarra emango liokeenik.

«Oinarria ez da aldatuko. Gazaren inguruan galdetu dioten aldiro, [Harrisek] azpimarratu du Israelen babesle sutsua dela»

GORDON GRAYGeorge Washington Unibertsitateko irakaslea

Israelen alde egindako adierazpenei erreparatuta, esan liteke bi hautagaiek antzerako ikuspuntua daukatela; badago, ordea, aldentzen dituen zirrikitu bat. Harrisek eta haren presidenteorde izango litzatekeen Tim Walzek Gazarako su eten bat adosteko eta gatibuak askatzeko deia egin dute behin baino gehiagotan; azkenekoz, milizia palestinarrek Israelen aurka egindako erasoaren urteurrenean kaleratutako oharrean. Halaber, Harrisek gaitzetsi egin du, besteak beste X sare sozialean idatzitako mezuen bidez, Israelgo armadaren erasoek zerrendan eragin eta areagotu duten krisi humanitarioa. Kontrara, Trumpek ez du menia baten aldeko adierazpenik egin.

Azken asteetan Gazako krisi humanitarioaren inguruan erakutsitako «enpatia» ez ezik, Grayk iritzi dio Harrisen administrazioak «gogorrago» kritikatuko lituzkeela Netanyahuren «muturreko» jokabideak. Nolanahi ere, adituak azaldu duenez, AEBetako komunitate arabiarraren eta musulmanaren zati baten babesa galdu du Bidenek, eta horrek eragin egin diezaioke Harrisi: «Tradizionalki hautagai demokrataren alde egin dute komunitate horiek, baina horien parte diren herritar askok aitortu dute hauteskunde hauetan ez dutela ez Harrisen ez Trumpen alde egingo».

Abrahamen Akordioak

Israelek Gazaren aurkako erasoaldiari ekin zion aurrena, iazko urriaren 7an; eta Libanoren kontra egiten ari da orain, joan den abuztu amaieratik. Eremu horietatik haratago, ordea, oldarraldia eskualde osoari eragiten ari zaio, baita AEBek hango herrialdeekin daukaten harremanari ere. Grayk Abrahamen Akordioak jarri ditu adibide gisa. Bozak irabaziz gero Trumpek egitasmo horri berriro helduko liokeela uste du adituak; hein batean, presidente ohiarentzat bere administrazioaren «lorpen handienetako bat» izan zelako. Horien bitartez, Bahrainek, Arabiar Emirerri Batuek eta Marokok Israelgo Estatua aitortu zuten, 2020an.

Bada, AEBetan presidentetzarako bozak egin baino aste bat lehenago, joan den astelehenean, Netanyahuk atea ireki zien, berriro, Abrahamen Akordioei. Israelgo Parlamentuan egin zuen agerraldia, eta hor jakinarazi zuen gerraosteko «egitekorik garrantzitsuenetako bat» eskualdeko herrialde arabiarrekin «bake itunak» hitzartzea izango dela. Hain justu, iazko urriaren 7aren aurretik, Israel estatu gisa aitortzeko bidean zegoen Saudi Arabia, baina eztabaidak bertan behera utzi zituen, Israelek Gazaren aurkako erasoaldia areagotu ondoren.

«Aintzat hartu behar da AEBek tropa asko dituztela Ekialde Hurbilean, eta horrek beti areagotzen du arriskua»

GORDON GRAYGeorge Washington Unibertsitateko irakaslea

Grayren arabera, ez da lan erraza izango berriro eztabaida horiei ekitea: «Israel Gazan eta Libanon egiten ari den operazio militarren ondorioz, uste dut Saudi Arabiarekin gisa horretako itun bat lortzea ia ezinezkoa izango dela». Adituak esan duenez, horretarako oztopo nagusia da Riadek baldintza gisa jarri duela Israelek Palestinako estatua aitortzea, eta Netanyahuk behin eta berriz errepikatu du ez duela hori onartuko.

AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu, urri amaieran, Jerusalemen. DAVID AZAGURY / EFE
AEBetako Estatu idazkari Antony Blinken eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu, urri amaieran, Jerusalemen. DAVID AZAGURY / EFE

Harrisek ere Saudi Arabiarekin harremana estutu nahiko lukeen galdetuta, zalantzati erantzun du Grayk: «Trumpen asmoekin alderatuta, ez dut hain argi ikusten». Eta, Iranekin ere, ez du uste egun presidenteordea denak «aurrerapauso handirik» emango duenik. «AEBek Iranekin dituzten harremanek Etxe Zuriaren interesen lehen lerroan egon behar lukete, baina horrek ez du esan nahi akordio nuklear bat ituntzen saiatuko direnik», dio adituak. Hain justu, iragan urriaren 8an CBS hedabidean egindako elkarrizketa batean, Harrisek esan zuen Iran dela AEBen «etsairik handiena».

Botereari eustea

Munduko potentzia nagusia dira AEBak, eta, Grayren arabera, bi gauzari esker lortu du Washingtonek nazioartean rol hori izatea: nazioarteko zuzenbidea aitortzen duelako, batetik; eta aliantzen garrantzia ulertzen duelako, bestetik. Adituaren ustez, Trumpek ez ditu, ordea, ez bata eta ez bestea kontuan hartzen: «Presidentea zenean, eta, orain, hauteskunde kanpainan egin dituen ekitaldietan, gogor egin du zenbait aliantzaren kontra, hala nola NATOren [Ipar Atlantikoko Itun Erakundearen] aurka; berdin dio Ukrainako inbasioak; eta muga zergak igotzearekin egin die mehatxu hainbat herrialderi». Horiek hala, Grayk ohartarazi du AEBek azken hamarkadetako estatusa galtzeko arriskua izango luketela Trump Etxe Zurira itzuliko balitz.

Washingtonentzat arriskurik «behin-behinekoena», nolanahi ere, Israelek Gazaren eta Libanoren aurka abiatutako oldarraldietan izaten ari den esku hartzea da: «Ez dut uste AEBek, defentsarako operazio militarrez haratago, gatazkan aktiboki parte hartuko dutenik. Halere, aintzat hartu behar da AEBek tropa asko dituztela Ekialde Hurbilean eta Persiar golkoan, eta horrek beti areagotzen du arriskua».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.