Israel prest dago Hezbollahren kontra «ekintza bortitz bat» egiteko

AEBen diplomaziarako deiak gorabehera, Netanyahuk esan du ez direla geldituko Libanoko mugan «ezer» egin gabe. Israelek beste 50.000 erreserbista mobilizatu ditu.

Benjamin Netanyahu —erdian— buruzagi militar batzuekin hizketan, gaur, Libanoko mugan. EFE
Benjamin Netanyahu —erdian— buruzagi militar batzuekin hizketan, gaur, Libanoko mugan. EFE
Igor Susaeta.
2024ko ekainaren 5a
14:00
Entzun

Nahikoa ez Gazarekin, eta Israelek ez dio muzin egiten bere inguruan beste fronte bat irekitzeari. Azken egunetan areagotu egin dira Tel Avivek eta Hezbollahk Israel eta Libano arteko mugan elkarri egindako erasoak, eta, horregatik, Benjamin Netanyahuk mehatxu egin dio milizia xiitari: iragarri du haren aurka «ekintza bortitz bat» egiteko prest dagoela. Haren bulegoak kaleratutako ohar baten arabera, hitz horiek ahoratu ditu gaur Israelgo lehen ministroak, Israel eta Libano arteko mugan dauden tropei egindako bisitan. AEBek eskatu diote azkeneko orduetan ahalegindu dadila bide diplomatikoa ibiltzen eta ez dezala hauspotu «erabateko gerra bat» Hezbollahrekin, baina Netanyahuk berretsi du ez direla «ezer» egin gabe geratuko.

Eta herrialdearen iparraldeko mugan tentsioa are gehiago areagotu den honetan, Defentsa Ministerioak erabaki esanguratsu bat hartu du: beste 50.000 erreserbista mobilizatzea. Joan den urriaren 7an, Hamasek egindako erasoaren ondoren Gazako setioa hastea erabaki zuenean, 300.000 mobilizatu zituen Israelek. 350.000 erreserbista horien mobilizazioa abuztuaren 31ra arte egongo da indarrean, armadak ohar bidez jakinarazi duenez.

Batetik daude iazko urriaz geroztik Libano eta Israel arteko mugan ohikoak bihurtu diren bonbardaketak; horiek horrela, azken bederatzi hilabeteetan 60.000 pertsona inguru ebakuatu ditu Israelek handik. Eta, bestetik, aintzat hartu behar dira aurreko astelehenean eta asteartean Metulan (Israel), mugan, Hezbollahren suziriek eta jaurtigaiek eragindako suteak, zeintzuek mila hektarea inguru kiskali dituzten. Itamar Ben-Gvir Segurtasun Nazionaleko ministroa han izan zen atzo, eta gerrarako deia egin zuen. Urritik 400 bat pertsona hil dira gatazka horretan: datu ofizialen arabera, hamahiru militar eta hamar zibil Israel iparraldean. Eta 400 baino gehiago Libanon; tartean, Hezbollahren 300 miliziano inguru.

800

Jerusalemgo Meskiten Zelaigunera indarrez sartu direnak. Banderen martxa egin zuten atzo Jerusalemen, eta horretan parte hartu zuten batzuk, 800 inguru, indarrez sartu ziren hiri zaharreko Meskiten Zelaigunera. Horietako batzuek Israelgo Haaretz egunkariko kazetari bati eraso egin zioten.

Eta Gazako egoera ere baliatu du Ben-Gvir eskuin muturrekoak Netanyahu estu hartzen ahalegintzeko. Zerrendarako menia planteamendu bat egin du Joe Biden AEBetako presidenteak, eta Segurtasun Nazionaleko ministroak ohartarazi dio gaur lehen ministroari bere alderdiak koalizio gobernua «etengo» duela, AEBen proposamenerako sarbidea ez duen bitartean. Hori idatzi du X sare sozialeko bere kontuan. Horren harira, hain zuzen ere, Hamasek nabarmendu du ez duela presoak bahituengatik trukatzeko akordiorik sinatuko, Israelek ez baldin badu hartzen menia bat ezartzeko eta zerrendatik tropak ateratzeko konpromisoa. «Israelek ez su etenik nahi; ez ditu emaitza errealistak nahi», adierazi zuen Osama Hamdan talde islamistako bozeramaileak atzo, agerraldi batean.

Ur gutxiago Zisjordanian

Netanyahuk adierazi izan du ez duela setioa etengo, hau da, ez duela meniarik sinatuko Hamas «suntsitu» arte. Eta, nahiz eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak esana dion «genozidioa» eragozteko neurriak hartzeko eta beren aliatu nagusi AEBek ere eskatu izan dioten zibilei egindako kaltea «mugatzeko», Israelgo armadak iragarri du, ohar batean, «operazio bat» hasi duela Gaza erdialdeko bi eremutan: Deir al-Balahn eta Bureijen. Gaza erdialdeko ospitale bateko bozeramaileak adierazi du, hain justu, Israelek bi eremu horietan azken orduetan egindako erasoetan gutxienez 75 pertsona hil dituela.

Bestalde, Israelgo agintariek gutxitu egin dute Zisjordaniako Betleem eta Hebron eskualdeei dagokien ur kopurua. Palestinako Wafa berri agentziak gaur ohar batean kaleratu duenez, %35 gutxiago ponpatu dute.

AEB-eK zigorrak ezarri dizkiote hagari

AEBetako Ordezkarien Ganberak lege proiektu bat onartu du, zeinaren helburua den zigorrak ezarri ahal izatea Nazioarteko Zigor Auzitegiari, hango fiskalburuak duela bi aste eskatu baitzuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa atxilotzeko agindua emateko. Gehiengo errepublikanoa du ganbera horrek. Lege proiektuak jasotzen du, besteak beste, AEBetara sartzea debekatuko lieketela atxilotze agindua eskatzearekin lotuta dauden Hagako funtzionarioei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.