Israel gizadiaren aurkako krimenak egiten ari da Gazan, HRWen arabera

Tel Aviven erasoengatik Gazako biztanleen %90ek etxea utzi behar izan dutela jakinarazi du Human Rights Watchen txosten batek. Nazioarteari eskatu dio laguntza militarrik ez emateko Israeli.

Eraikin suntsituak Khan Yunisen, artxiboko irudi batean. HAITHAM IMAD / EFE
Eraikin suntsituak Khan Yunisen, artxiboko irudi batean. HAITHAM IMAD / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko azaroaren 14a
09:53
Entzun

Iazko urritik, Israelek bizitokia uztera behartu ditu Gazako palestinar ia guztiak. HRW Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak gaur argitaratutako txosten batek eman du horren berri. Gainera, horretarako «premiazko» arrazoi militarrik ez zegoela-eta, HRWek ondorioztatu du Tel Aviv «garbiketa etnikoa», gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egiten ari dela.

Tel Avivek 1,9 milioi herritar behartu ditu lekualdatzera; hau da, zerrendako biztanleen %90. Horrez gain, Israelgo armadak eraikinak eraitsi ditu. Tel Aviveko agintariek esaten dutena gezurtatuz, txostenean adierazi dute ekintza horiek ez dituztela errespetatzen gerrako legeak. Gobernuz kanpoko erakundeari iruditzen zaio Israelgo agintariek «betikotu» egin nahi dutela Gazako palestinarren desplazamendua, eta hori «garbiketa etnikoa» dela. Txostenean aipatu dutenez, palestinarrez hustutako lurraldeetara kolonoak bidaltzeko asmoa adierazi dute Israelgo hainbat ministrok.

Txostenak Nadia Hardman HRWeko ikerlariaren hitzak biltzen ditu. Hardmanek nazioarteari eskatu dio krimenak kondenatzeko eta Israeli laguntza militar gehiago ez emateko: «AEBek, Alemaniak eta beste hainbat herrialdek Israeli armak eta laguntza emateak bidea ematen dio ankerkeria gehiago gauzatzeko, eta herrialde horiek konplize izateko arriskuan jartzen ditu». Gainera, Tel Avivi presio egiteko, zigorrak eta bestelako neurriak ezartzeko ere gomendatu du.

Horren harira, AEBetako Estatu idazkari Antony Blinkenek atzo jakinarazi zuen ez dutela murriztuko Israeli ematen dioten laguntza militarra. Laguntza ematen duten nazioarteko zortzi erakundek asteartean salatu zuten Israelek ez duela bete AEBek agindutakoa: Gazan laguntza humanitario gehiago sartzen uztea. Hori onartu bazuen ere, Blinkenek ez zuen beste neurririk iragarri.

Etsita, gosetuta eta setiatuta: palestinarren desplazamendu behartua Gazan izena jarri diote 154 orrialdeko txostenari. Etxea utzi behar izan duten 39 palestinar elkarrizketatu dituzte, baita Israelek zerrendako biztanleei igorritako 184 ebakuazio agindu aztertu ere.

Australiaren aitortza, lehen aldiz

Palestinako lurralde okupatuetan palestinarrek duten subiranotasuna aitortzeko ebazpen bat bozkatu dute gaur NBE Nazio Batuen Erakundean. Bozketa horretan, lehen aldiz lurralde okupatuen subiranotasuna aitortu dio Australiak Palestinari. Ebazpenaren alde bozkatu dute 158 estatuetako bat izan da Australia. Aldiz, kontra egin dute zazpi herrialdek; tartean, Israel bera, AEBak eta Kanada. Australiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak zehaztu duenez, Israelen ekintzek nazioartean eragiten duen kezka islatu nahi izan dute aldeko botoarekin.

Gaur, azken asteetan bezala, batez ere zerrendako iparraldean egin ditu erasoak Israelgo armadak: Gaza eta Jabalia hirietan eta Nuseirat errefuxiatuen kanpalekuan. Horietan bost lagun hil dituztela jakinarazi du Al-Jazeera hedabideak. Atzo, gutxienez 33 herritar hil zituzten zerrendan, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.

Libanon, Beiruteko Dahieh auzoa bonbardatu du Tel Avivek gaur goizean. Gutxienez, sei pertsona hil dituzte han, Libanoko Osasun Ministerioaren arabera. Bestalde, Israelgo armadak bere Telegram kanalean esan du Hezbollahko berrehun kide baino gehiago hil dituela azken astean.

IAEAko burua, Iranen

Rafael Grossi IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako zuzendaria Iranen da atzotik, herrialde horretako programa nuklearraren inguruan negoziatzeko. Gaur, Irango Atzerri ministro Abbas Araghtxirekin batzartu da lehenik; eta Mohammad Eslami Irango programa nuklearraren buruarekin gero. Herrialdeko presidente Masud Pezexkianekin ere bilera bat egitekoa da.

Araghtxirekin eta Eslamirein hitz egin ostean, Grossik beharrezkotzat jo du IAEAren eta Iranen arteko elkarlanetik emaitzak lortzea. Haren ustez, horrek erakutsiko baitu egoera hobera egiten ari dela, eta geroz eta urrunago dagoela gerra. Teheranen, prentsaurreko batean egin ditu adierazpen horiek. Bertan, Eslamik ere hitz egin du, eta IAEAri ohartarazi dio erakundeak ezein ebazpen «interbentzionista» onartzeak erantzuna izango duela. Gainera, Araghtxik nazioartearen jokabidea gaitzetsi du: «Negoziatzen jarraitzeko prest gaude, baina ez presiopean eta intimidaziopean», adierazi du X sare sozialean.

Grossi eta Eslami, gaur Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
IAEAko zuzendari Rafael Grossi eta Irango programa nuklearreko buru Mohammad Eslami, gaur, Teheranen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE

2015ean, Iranek akordio nuklear bat sinatu zuen beste sei potentziarekin. Itun hartan, Iranek bere programa nuklearra mugatzea onartu zuen, nazioarteak ezarritako isunak etetearen truke. 2018an, ordea, AEBak akordiotik atera zen, Donald Trump presidente zela. Iranek itunean jarraitzea erabaki bazuen ere, Teheranen programa nuklearrak kezka eragiten dio IAEAari. Uztailetik Irango presidente da Pezexkian, eta programa nuklearraren inguruan negoziatzeko asmoa agertu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.