Israelgo armadak Gazaren aurka azken hamalau hilabeteetan egindako erasoak aztertu ditu AI Amnesty Internationalek, eta atzo gauean kaleratutako txosten batean bildu ditu ikerketaren ondorioak: horien artean, Tel Aviv genozidio bat egiten ari dela zerrendan. NBE Nazio Batuen Erakundearen 1948ko Genozidioaren Konbentzioan oinarritu da ikerketaren ondorioak zehazteko, eta, horrekin lotuta, hiru ekintza hauek egitea leporatu dio Israeli: Gazako palestinarren hilketa indiskriminatua; horien osotasun fisikoari eta emozionalari kalte egitea; eta eremu horretako populazio osoaren edo parte baten desagerpena eragingo luketen muturreko bizi baldintzak ezartzea. «Egiaztatu dugu ez dagoela justifikaziorik Israelek egindako suntsiketarako, [Gazako] herritarrak fisikoki desagerrarazteko asmo genozida baino», adierazi zuen atzo gauean GKE gobernuz kanpoko erakunde horretako idazkari nagusi Agnes Callamardek, txostena aurkezteko ekitaldian.
Lehen aldia da erakunde horrek gatazka armatu batean genozidio bat egiten ari direla salatzen duena. Ikerketaren bidez, galdegin die Nazioarteko Justizia Auzitegiari eta Nazioarteko Zigor Auzitegiari —NBEren organismoak dira, eta Hagan (Herbehereak) daude— aintzat hartu dezatela egindako salaketa, baita hori baliatuta Israel gelditzeko esku hartu dezatela ere. AIk zerrendan ateratako eta satelite bidez lortutako argazkiak, osasun probak eta lekukotzak bildu ditu txostenean. Hain justu, erakundeko nazioarteko ikerketaren zuzendari Erika Guevara Rosasek nabarmendu du, kaleratutako dokumentuan, ikerketak ez dituela iritziak jasotzen, baizik eta «objektibotasunez» bildutako frogak. Are, uste du «ebidentzia bat» dela Israelek gauzak beste modu batera egin zitzakeela, eta ez dituela horrela egin.
Urtebetean, iazko urriaren 7tik joan den urriaren 7ra artean, Israelgo armadak 40.717 pertsona hil zituen Gazan, hango Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Bada, txostenean zehaztu dute horietatik %69 haurrak, adinekoak eta emakumeak zirela; beste %30ak, berriz, 30 urtetik beherako gizonak. Egileek jakinarazi dute ezin izan dutela argitu gizon horietatik zenbat ziren milizianoak eta zenbat zibilak. Bestalde, ikerketan adierazi dute etxetik alde egin behar izan dutela zerrendako biztanleen %90 inguruk, eta, ondorioz, eremu txikietan antolatutako kanpalekuetan hartu behar izan dutela babes milaka desplazatuk. Guevara Rosasek iritzi dio ekintza horrek erakusten duela Gazako biztanleria «erabat suntsitzeko» baldintzak sortzea dela Israelen asmoa.
Israelgo Gobernuko hainbat kideren adierazpenak ere bildu dituzte dokumentuan. Izan ere, horietako batzuek jendaurrean sustatu dituzte Gazako biztanleen aurkako halako ekintzak, hala nola Defentsa ministro ohi Yoav Gallantek eta lehen ministro Benjamin Netanyahuk. Duela bi aste, bi horien aurkako atxilotze aginduak eman zituen Nazioarteko Zigor Auzitegiak, «gerra eta gizateriaren aurkako krimenak» leporatuta. AIk kaleratutako ikerketaren inguruan, Israelgo Atzerri Ministerioak salatu du, gaur argitaratutako komunikatu baten bidez, hor jasotako guztia «gezurra» dela.
Gazara erregairik ez
Amnesty Internationalek Israelen ekintzak gaitzesten dituen dokumentua zabaldu eta ordu gutxira, Gazara erregaia daraman laguntza humanitario oro «berehala» eteteko eskatu du Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministro Itamar Ben-Gvirrek, gaur goizean, Israelgo armadaren irrati katean: «Erregairik gabe utzi behar ditugu hainbat hilabetez. Uste dut horrela amore emango dutela eta gatibuak askatuko dituztela erregaiaren truke». Iazko urrian Israelek zerrendaren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, Tel Avivek hainbatetan mugatu eta oztopatu du Gazara erregaia bidaltzea; ondorioz, funtzionatzeari utzi diote hogei bat ospitalek. Are gehiago, Ben-Gvirrek iragarri du AEBetako presidente hautatu Donald Trumpi plan bat aurkeztekoa dela gaur, zeinak helburu duen ahalbidetzea zerrendan bizi diren palestinarrak handik joatea eta kolono juduak hara sartzea.
Azken orduetan zerrendako hainbat eremu humanitariori egin die eraso Israelgo armadak. Al-Jazeera hedabidearen arabera, Gaza iparraldeko Beit Lahia hiriko Kamal Adwan ospitalea bonbardatu du, eta dozenaka pertsona zauritu ditu. Bart, halaber, Gaza hegoaldeko Al-Mawasi errefuxiatuentzako kanpalekuari egin dio eraso, eta hogei lagun baino gehiago hil ditu, hedabide berak jakinarazi duenez. Israelgo armadak eremu humanitario gisa izendatuta dauka kanpaleku hori. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken orduetako erasoetan, denera, gutxienez 48 lagun hil dira eta 201 zauritu.
Qatarrek gazan menia bat adosteko bitartekari lanei heldu die berriz ere
Qatarko Gobernuak Gazarako su eten bat adosteko bitartekari lanei heldu die berriz ere, Reuters berri agentziak meniarako eztabaidetan parte hartzen ari den iturri bat aipatuz gaur kaleratu duenez. Iragan azaroan negoziazioetatik irtetea erabaki zuen Dohak, argudiatuta ez zirela aurrerapausorik ematen ari. Halaber, albiste agentzia horrek berak jakinarazi du asteon Qatarren dela AEBetako presidente hautatu Donald Trumpen Ekialde Hurbilerako diplomazia taldea, eta bidaia horren helburua litzatekeela hark datorren urtarrilaren 20an presidente kargua hartu baino lehen Gazarako menia bat adostea.