Kazetari Palestinarren Sindikatuko arduraduna

Xuruq Assad: «Israel ez zen urriaren 7an hasi kazetari palestinarrei eraso egiten»

Iazko urritik 175 kazetari hil dituzte Gazan. Zisjordanian ere egoerak okerrera egin duela esan du Assadek; han, bat hil eta 25 zauritu dituzte, horietako anitz frankotiratzaileek tiro eginda. «Armadakoek badakite kazetariak direla».

BERRIA
BERRIA
Ricard Gonzalez.
Tunis
2024ko urriaren 8a
05:05
Entzun

Xuruq Assad palestinar kazetari beteranoa da, 30 urte baino gehiago eramaki baititu lurralde okupatuetan berriemaile. Gainera, Kazetari Palestinarren Sindikatuko zuzendaritzako kide da, baita erakunde horretako eledun ere, eta abuztuan eman zuen elkarrizketa. Bada, Gazako gerra hasi zenetik, 175 kazetari hil dituzte: mundu zabaleko historian ez dira inoiz hainbertze izan hain tarte laburrean.

Zertan da jendea Gazan oraintxe?

Egoera lazgarria da arlo guzietan. Desplazatuak kanpadendetan pilatuak bizi dira, goseak; ura kutsatua dago, jendeak —batez ere emakumeek eta haurrek— gaitz kutsakorrak ditu larruazalean, giltzurrunetan, gibelean... Ez da higienerik, ezta gaitz horiek sendatzeko botikarik ere. Ospitaleen %80 baino gehiago suntsituak daude, sistematikoki eraso baitiete, eta bertze batzuek gutieneko zerbitzuak bakarrik ematen dituzte. Hori dela eta, eri kronikoak hil egiten dira. Hagitz gogorra da Gazan diren kideek deitu eta halakoen berri ematea.

Zer-nolakoa da Palestinan kazetari izatea?

Sistematikoki ari dira gure aurka, baina hori ez da gauza berria, gure aurkako erasoak ez baitziren urriaren 7an hasi, baizik eta okupazioko lehenbiziko egunean. 2000. urtetik iazko urriaren 7ra bitarte, 55 kazetari hil zituen Israelek, eta 10.000 eraso baino gehiago erregistratu genituen, tartean tiroak, kolpeak eta material konfiskatzeak.

1970etik, 157 lankide galdu ditugu —Zisjordanian hildako bat kenduta, denak Gazan—; Gazako kide guzien %14 dira horiek. Orain 1.600 kide daude han, lehen baino gehiago, gazte anitz hasi baitira lanean gerraren harira. Desplazatuak dira denak, eta batzuek zazpi edo zortzi aldiz lekualdatu behar izan dute jadaneko. Anitzek senideren bat galdu dute, eta bertze batzuk zauritu egin dituzte, eta besoa edo hanka moztu behar izan diete. Pare bat larri zauritu zituzten, baina ez ziguten utzi haiek Gazatik ateratzen, eta, azkenean, bizia galdu zuten.

Seguru zaude kazetariak jomugatzat hartzen dituztela?

Bai, hedabideen egoitza guzi-guziak bonbardatu baitituzte, 88 denera, Reuters eta AP agentzienak barne. Jakinarazi digute Israelgo armadak zuzenean mehatxu egin diela lankide batzuei. Anitzetan, deitu egiten diete, SMSak bidali edo sare sozialetatik mezuak helarazi, eta berri emateari uzteko agindu. Gero, 24 edo 48 orduren buruan, etxea bonbardatzen diete. Batzuk hil egin dira, eta bertze batzuek senideren bat galdu dute. Zenbaitetan, zaurituak laguntzera doazen anbulantziei ere tiro egiten diete. Kazetariek paratua izaten dute dagokien kaskoa, baita jaka eta pegatinak ere: argi dago nor diren, armadakoek badakite kazetariak direla.

Segurtasunaren arazoari ez ezik, zer bertze zailtasuni ere buru egin behar izaten diote kazetariek Gazan?

Egoera hagitz gogorra da. Jaki eta ur eskasia dute, bereziki zerrendaren iparraldean. 90 kazetari daude han: eremu hori gainerakoetatik bakartua da, izugarrizko gosetea dago, eta animalientzako bazka janez irauten du jendeak. Eremua edozein dela ere, kazetariak kanpadendetan bizi dira. Interneterako konexio hagitz txarra dute, halakorik izatekotan, eta, beraz, zinez zaila zaie hedabideetako buruei testuak bidaltzea. Argindarrik ere ez da. Pentsa, zaila zaie lankideekin, taldekideekin eta kamerariekin harremanetan jartzea ere... eta berdin gertatzen zaie anbulantziekin, zauritzen baldin badituzte. Bertze arazo bat ere bada; preseski, anitz materialik gabe gelditu izana etxea bonbardatu zietelarik: ez kamerarik, ez ordenagailurik, ez balen aurkako txalekorik. Den zereginik errazena egitea ere erronka bat da.

«1970etik, 157 lankide galdu ditugu; Gazako kide guzien %14 dira. Orain 1.600 kide daude han, lehen baino gehiago, gazte anitz hasi baitira lanean»

Eta Zisjordanian zer zailtasun dituzte?

Han ere gogortu da egoera. Kide bat hil eta 25 zauritu dira, horietako anitz —tartean nire senarra— frankotiratzaileek tiro eginda. Urriaren 7az geroztik, bortzehun erasotik goiti erregistratu dira, gehien-gehienak soldaduenak, baina 80 kolonoek egin dituzte. Egundaino ez dugu jakiten etxera onik bueltatuko ote garen. Gainera, orduak behar izaten ditugu Israelen kontrolguneetatik pasatzeko. Urriaren 7az geroztik, setioa gogortu egin da Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean, militarren bortzehun kontrolgune baitaude.

Israelgo segurtasun indarrek zenbat lagun atxilotu dituzte kazetari lana egiteagatik?

Ehun bat. Atxiloaldia hagitz gogorra izaten da: ez diete janari aski ematen, zafratzen dituzte, torturatu... Kide bat bisitatzera joan nintzen hura askatu ondotik, eta hogei kilo galduak zituen. Hain beldurtua zen, dardarka ari baitzen; pentsa, beldur zen zer gertatuko ote zen elkarrizketa bat egiten banion. Azken batean, adierazpen askatasuna urratzea da hori, nabarmen, gainera. Atxilo hartutako ehun horietatik zazpi emakumeak dira, eta Negev basamortuan dituzte preso, non-eta giza eskubideen aldeko erakundeen arabera Guantanamokoa baino okerragoa den kartzela batean.

Israelek nola justifikatzen ditu atxiloketa horiek?

Larrialdi egoera delakoa ezarria digute, britainiar kolonizazioaren garaian sortutako hori. Hori dela eta, edozein atxilotu dezakete, inongo justifikaziorik eman gabe eta nahi bertze denbora. Urriaren 7tik honat, 10.000 palestinar hartu dituzte preso. Kartzelak gainezka daude.

PAN Palestinako Aginte Nazionalak nola tratatzen ditu kazetari palestinarrak?

Zintzoa izanda, erran behar da Israelen okupazioa ez daitekeela bertze deusekin konparatu. Tarteka, duda izaten dugu zenbait gauza argitaratu edo ez, hala nola Abbas presidentea kritikatzen duten testuak, PANen ustelkeriari buruzkoak eta erakunde horrek Gazaren inguruan duen jarrerari buruzkoak. Noizbehinka, kazetariren bat deitzen dute, galdekatzeko, baina ez da kontu sistematikoa. Gure inguruko herrialdeetakoaren antzekoa da egoera.

Zure ustez, zer moduz eman da gerraren berri nazioarteko hedabideetan?

Gai horrekin penatu egiten naiz, eta anitz haserretu. Badira salbuespenak, baina, oro har, horren berri emateko modua ez da etikoa izan, bereziki lehenbiziko bizpahiru hilabeteetan. Hedabide nagusiak, hau da, CNN, BBC eta Frantziako eta Alemaniako prentsa Israelgo armadaren bozeramaile izan ziren. Bere egin zuten armadaren kontakizuna, eta anitzez leku handiagoa eman zioten palestinarren ahotsei baino. Ez zuten egiaztatu ere egia ote ziren kontatu zizkieten istorioak: haur batzuk labe batean erre zituztelako kontua, bortxaketak eta bertze. Palestinarrak gizagabetu zituzten, Gazan haurrik, medikurik, kazetaririk... ez balitz bezala. Denak hartu gintuzten «terroristatzat». Ez genuen geure burua defendatzeko eskubiderik izan, nahiz eta orduko baziren 76 urte okupaziopean bizi ginela, eta hemezortzi Gaza setiatua zegoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.