Qatar bitartekariak iragarri duenez, Gazan menia beste bi egunez luzatzea adostu dute Israelek eta Hamasek. Edonola ere, Israelek ez du adierazpenik egin oraindik luzatzearen inguruan. Bihar goizean zen bukatzekoa orain arteko su-etena.Hamasek adierazi duenez, «baldintza berdinekin» eutsiko diote meniari.
Baldintza horien arabera, bi aldeek jarraituko dute gatibuak trukatzen, israeldar bakoitzeko hiru palestinar.
Menia luzatzeko prest agertu zen atzo gauean Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu, eta Hamasek gauza bera esan du gaur goizaldean. Palestinako Jihad Islamikoa, berriz, aukera hori «eztabaidatzen» ari zela adierazi du.
Israelek eta Gazako miliziek adostutako su etena Bitartekari lanetan ari dira AEB Ameriketako Estatu Batuak, Egipto eta Qatar. Negoziazioetan murgilduta dauden hainbat iturri aipatuz Ekialde Hurbileko hainbat hedabidek kaleratu dutenez, beste lau eguneko menia bat nahi zuen Hamasek, baina Israelek nahiago zuen egunez eguneko etenak adostu. Badirudi azkenean erdibidean geratu direla.
Palestinarrek 50 gatibu gehiago askatzea jarri du Israelek, gaur, su etena luzatzeko baldintza gisa. Horien trukean egunean 30 preso palestinar espetxetik irteteko eskatu du Hamasek. Joan den ostiraletik hona, bahitutako 58 lagun utzi dituzte aske milizia palestinarrek, eta 117 preso palestinar Israelek.
Aurreko hiru egunetan bezala, gaur goizean jaso du alde bakoitzak egunean zehar aske utziko dituztenen zerrenda. Zehazki, gaur 11 presoren izen-abizenak jakinarazi dituzte milizia palestinarrek; baina, tokiko hedabideek negoziazioetan murgilduta dauden iturriak aipatuz kaleratu dutenez, Israel ez legoke ados 11 preso horietako sei aske uztearekin. Bitartekari lanetan ari da Qatar, bi aldeen arteko «desadostasunak eta zalantzak ahalik eta lasterrena konpontzeko».
Dena den, su etena luzatuko balute ere, horren ondoren erasoei berrekingo dietela esan zuen atzo gauean Netanyahuk: «Gerran jarraituko dugu gure helburu guztiak bete arte: bahitutako guztiak etxera itzultzea, Hamas erabat desagertzea eta Gaza Israelentzat inoiz gehiago mehatxu bat ez izatea». Gazan izan ondoren egin zituen adierazpenok Israelgo lehen ministroak; Israelgo armadako goi karguekin eta zenbait soldadurekin elkartu zen han. 2005etik lehen aldiz joan da Gazako zerrendara Israelgo gobernuburu bat.
«Gerran jarraituko dugu gure helburu guztiak bete arte: bahitutako guztiak etxera itzultzea, Hamas erabat desagertzea, eta Gaza Israelentzat inoiz gehiago mehatxu bat ez izatea».
BENJAMIN NETANYAHU Israelgo lehen ministroa
AEBek eta Egiptok herenegun aipatu zuten lehenbizikoz menia luzatzeko aukera —horiek ere bitartekari lanetan ari dira—. Eta, su etenaren azken orduek aurrera egin ahala, gero eta gehiago ari dira gauza bera eskatzen; besteak beste, horren inguruan hitz egin dute UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak, Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak eta Jens Stoltenberg NATO Ipar Atlantikoko Erakundearen buruak. Eta badirudi hori gertu dagoela, hori iradoki baitiote Reuters albiste agentziari Egiptoko Defentsa Ministerioko zenbait iturrik.
Antonio Guterres NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusia, aldiz, harago joan da, eta herrialdeei eskatu die beren «influentzia» erabiltzeko Gazako «gatazka tragikoa» amaitu dadin. Guterresentzat, bi estatuen soluzioa da Israelen eta Palestinaren arteko gatazkarako irtenbide bakarra, «eskualdearentzako etorkizun jasangarri» bakarra, eta horri begirako pausoak eskatu ditu, berriz ere.
Laguntza humanitario nahikorik ez
Zenbait gatibu eta preso palestinar batzuk aske uzteaz gain, Gazara laguntza humanitarioa eramateko baliatzen ari dira lau eguneko su etena. Israelgo armadaren arabera, giza laguntzarekin betetako 226 kamioi sartu ziren atzo zerrendan. Halere, NBEk gaur nabarmendu du, berriz ere, iristen ari den laguntza ez dela nahikoa, eta herritarrek askoz ere gehiago behar dutela bizirik irauteko.
Joan den urriaren 7az geroztik, elikagaien prezioa nabarmen handitu da. Oro har, %10 igo da, baina batzuen kasuan gorakada askoz ere handiagoa da; barazkiak %32, garia %65 eta ur botilaratua %100, NBEren datuen arabera.
Osasun zerbitzuei dagokionez, antzera mintzatu da Gazako ospitaleetako zuzendari eta mediku Mohammed Zaqut. Al-Jazeera telebista kateari esan dionez, ez dute erregairik jaso Gaza iparraldeko ospitaleetan. Urriaren 7az geroztik, 21 ospitale pribaturi eta hamahiru ospitale publikori egin die eraso Israelgo armadak, eta orain hiru ospitale bakarrik daude martxan Gaza iparraldean eta erdialdean. Joan den urriaren 7tik hona, 14.800 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek —horietatik 6.100 inguru haurrak ziren—.
Eta, Israel Gazako su etena luzatzeko prest agertu den arren, Zisjordanian erasoak, sarekadak eta hilketak egiten ari da asteotan. Gutxienez 223 palestinar hil dituzte iragan urriaren 7tik, eta ehunka atxilotu; gaur goizean, adibidez, 56 palestinar eraman dituzte atxilo.
PAN Palestinako Aginte Nazionalak kudeatzen du eremu hori, eta lur palestinarra da, berez. Halere, urteotan gero eta kokagune judu gehiago eraiki dituzte Zisjordanian, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa dute. Israelgo Finantza ministro Bezalel Smotrichek gaur iragarri du aurrekontuen zati handiago bat bideratuko dutela Zisjordanian kokagune juduen eraikuntza sustatzera. PANek salatu egin du erabaki hori: «Bi estaturen konponbidearen aurkako urrats bat gehiago da hori».