Nahiz eta Israelek antisemitismoa leporatu dion eta ez dion baimenik eman lurralde okupatuetan sartzeko, Francesca Albanese (Ariano Irpino, Italia, 1977) Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari bereziak ez du galdu adorea, eta lanean dihardu oraindik, okupatzaileek egindako krimenak eta nazioarteko zuzenbidearen urraketak dokumentatzen.
2022ko maiatzetik dago legelari italiarra kargu zail horretan: Zuzenbidean lizentziaduna da, Pisako Unibertsitatean ikasitakoa, eta Giza Eskubideen Masterra egindakoa Londresko Unibertsitatean.
Izugarriak izan baziren ere, urriaren 7ko erasoak hamarkadetako okupazio baten ondorio izan ziren. Historia ez zen urriaren 7an hasi.
Eskubide zibilen aldeko Israelgo eta Palestinako erakundeak eta nazioarteko adituak luzaroan aritu dira ohartarazten okupazioaren indarkeriak indarkeria ekarriko zuela eta horrek eztanda egingo zuela goiz edo berandu. Urriaren 7ko atentatua izugarria izan zen: Hamasek terrorismoa erabili zuen herritar zibilen kontra, eta hori ezin da erresistentzia ekintza legitimotzat hartu. Nolanahi ere, horrek ez dio legitimotasunik kentzen ez erresistentziari eta ez Palestinako herria askatzeko helburuari.
Batetik, herri azpiratu bat dago, eta, bestetik, estatu bat eta okupaziorako armada bat. Urriaren 7an gertatutakoaz aritzeko, aintzat hartu behar da testuingurua. Gertakari horiek benetan azaldu al daitezke antisemitismoan oinarrituta, Israelek egiten duen bezala? Mendebaldea prest dago testuingurua eta historia kontuan hartzen ez dituen bertsio hori sinesteko, baina batera funtsik gabea da bertsio hori.
Gainera, urriaren 7an gertatutakoak ez du balio Israelek egiten duena zuritzeko, ezta nazioarteko komunitatearen isiltasuna justifikatzeko ere.
Milaka biktima izan dira Israelek azken hamarkadetan palestinarren kontra egindako operazio militarretan. Oraingoan, ordea, beste zerbaiten lekuko izan gara; hasteko, biktima zibilen kopurua ikaragarria izan da.
Gaza txikituta dago, eta, kalkulatu dutenez, orain arte 36.000 lagun hil dira, eta 7.000 desagertu. Hildakoen kopuru hori izugarria da berez, baina hildakoak are gehiago izango dira egiaz; izan ere, azken hilabeteetan tokiko agintariek ezin izan dute zenbatu benetan zenbat pertsona hil diren.
Gazan, zauri txikiak infektatu zaizkiolako hiltzen da jendea, edo gaixo dagoelako eta Israelek blokeatua duelako beharrezko sendagaiak eskuratzeko aukera. Ospitale guztiak suntsitu dituzte.
Hasieratik, Gazaren kontrako operazio militarra bestelakoa izan da aurrekoen aldean, indarkeria ezin bortitzagoa erabili baitute. Wael Dahduh Al-Jazeerako kazetariak esandakoak hunkituta utzi ninduen, emaztea, seme-alabak eta beste senitarteko batzuk galdu baitzituen bonbardaketen ondorioz, eta gerora zauritu ere egin baitzuten. Hain zuzen, Waelek esan zidan gerra hau bestelakoa dela, Israel aurrez ez baita inoiz aritu ahal zuen guztia bonbardatzen, biktima zibilik ez uzteko ahaleginik egin gabe. Bizitegi auzoak suntsitu ditu, ospitaleak, elizak, meskitak, unibertsitateak eta abar.
Palestinako errefuxiatu batek esan zidanez, Gazan zegoenean erraz jakin zezakeen ea hondakinen azpian biktimarik ote zegoen, «hil usain» sarkorra zeriela eta.
Israelek gosea erabiltzen du arma gisa, eta laguntza humanitarioa blokeatu, herritarrei zigor kolektiboa ezartzeko. Horretarako, Errefuxiatuentzako NBEren Agentziari eta nazioarteko zenbait GKE gobernuz kanpoko erakunderi eraso die bereziki.
Ez da lehenengo aldia UNRWAko [Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko] edo GKEetako langileren bati erasotzen diotena. Orain arte, biktimak palestinarrak izan ohi ziren, eta, beraz, ez zuten erakartzen nazioarteko komunitatearen arreta. Oraingo honetan, ordea, Israelgo armadak hildako World Central Kitcheneko zazpi langileak atzerritarrak ziren. Aurrez ere 180 kooperante hilak zituen Israelek, baita ehunka kazetari eta osasun langile ere.
Nazioarteko zuzenbidearen arabera, Israelek, potentzia okupatzailea denez gero, Palestinako herritarren segurtasuna zaintzeko ardura eta betebeharra du, eta, hortaz, bermatu egin behar dizkie jatekoa, ura eta laguntza.
Israelgo Gobernuak esaten du urriaren 7ko erasoei erantzuten ari zaiela orain, baina ematen du inor ezin bizi izateko moduan utzi nahi duela Gazako zerrenda, hartara palestinarrak behartuta egon daitezen beren lurretatik alde egitera. Israelgo Gobernuko funtzionario batzuek ez dute ezkutatu lur bila aritu direla Gazako herritarrak hara deportatzeko.
Israelek «Hamas suntsitzeko» nahia aipatzen du bere ekintzak zuritzeko, baina argi dago ezinezkoa dela helburu hori lortzea. Israelek indarkeria neurrigabea erabiliz hartu ditu mendean Gazako herritar guztiak, eta hori ez da gerra helburu zilegizkoa.
«Palestinarrak Gazatik kanporatu nahi ditu Israelek, edo bai behintzat zerrendaren parte garrantzitsu batzuetatik».
Gatazka larriagotzen den bakoitzean, Israelek aukera baliatzen du lurralde okupatuetako biztanleak lekualdatzeko. Hala gertatu zen 1947tik 1949ra, baita 1967an ere, eta orain ere bai. Gazako iparraldean bizi ziren ehunka mila palestinarrek zerrendako hegoaldera joan behar izan dute. Hogei urte beharko dira berriz ere normaltasunera bueltatzeko, txikitutakoa berreraikitzeko eta zartatu ez diren milaka lehergailu lurretik kentzeko. Eta ez da ahaztu behar ingurumenari ere kalte izugarria egingo diola. Zenbat belaunaldi beharko dira palestinarrei eragin dieten sufrimendua arintzeko?
Palestinarrak Gazatik kanporatu nahi ditu Israelek, edo bai behintzat zerrendaren parte garrantzitsu batzuetatik. Israelgo Gobernuko kide askok, baita hango gizarteak ere, adierazi dute lurralde hori bereganatu nahi dutela, eta ez dira falta kolonizazio planak, ezta palestinarren kontrako deshumanizazio prozesua ere. Israelek «garaipen» deitzen dion horrek oso ondorio ilunak dakartza.
Zuk beldurrik gabe erabiltzen duzu genozidio hitza Gazan zer gertatzen ari den deskribatzeko, nahiz eta toki askotan baztertu egiten den hitz hori arrazoi politikoengatik.
Ulertzen dut jende asko zergatik den mesfidati genozidio terminoa erabiltzeko orduan. Hainbatek uste dute Shoah dela neurria genozidioa zer den eta zer ez definitzeko, baina ez da hala; Genozidio Delitua Prebenitzeko eta Zigortzeko Konbentzioaren [1948] bigarren artikuluan zehaztu zuten noiz jo daitekeen genozidiotzat herri bati gertatutakoa.
Bigarren Mundu Gerran juduen kontra izandako genozidioaren harira sortu zen Israelgo Estatua, eta batzuk, horregatik begirunea zor diotelakoan, beldur dira Israel ez ote den bere burua zikintzen ari palestinarren genozidioa dela eta. Tragedia batetik beste bat sortu zen: Palestinako herria bere lurretik bota zuten, okupatu, eta erregimen kolonial baten eta apartheidaren menpe utzi. Gertakari historikoak dira horiek, eta ez garrantzi juridikorik gabeko balorazio politikoak. Nazioarteko zuzenbidearen arabera, genozidioak zera du oinarrian, herri bat guztiz edo partez suntsitu nahia.
Israel bidea prestatzen ari da palestinar asko eta asko hil daitezen edo beren lurretatik alde egin behar izan dezaten. Jatekoen eta botiken joan-etorria eten dute, edateko uraren bideak blokeatu, azpiegitura zibil eta ekonomikoak eta arrantzontziak suntsitu, nekazaritza lurrak kutsatu. Zirujau palestinar batek ebakuntza egin behar izan zion bilobari, non-eta sukaldeko mahaian, sukalderako labana bat eta harrikoa egiteko xaboia erabilita...
Gainera, armadak eta kolonoek gero eta bortitzago erasotzen diete Zisjordaniako eta Jerusalemgo herritarrei.
Zazpi hilabetean, Israelgo kolonoek 500 palestinar hil dituzte Zisjordanian eta Jerusalemen. Beste ehunka lagun etxetik eta herritik kanporatu dituzte, kolonoek armadaren babespean egindako eraso armatuetan. Zisjordanian palestinarrei erasotzea ohiko bilakatu da, eta urriaren 7a baino lehen ere abian zen dinamika hori.
Zuk txosten bat egin zenuen zehazki Palestinako lurralde okupatuetan bizi diren emakume eta haurren baldintzak aztertzeko.
Gazako biztanleen erdiak inguru umeak eta adingabeak dira, eta haiek dira zaurgarrienak, argi eta garbi: errazago gaixotzen dira, eta desnutrizio oso larria izaten dute; hori egiaztatzeko aukera izan nuen Egipton babestea lortu zutenei bisita egin nienean. Dozenaka mila haur palestinar umezurtz geratu dira. Nolatan izango da Israel seguruagoa Gazako zerrendako herritarren kontra halako ankerkeriaz aritzeagatik?
Emakumeak ere zaurgarriagoak dira. Orain hain zaila dute higiene pertsonala zaintzea, ezen neska askori pilula antikontzeptiboak ematen baitizkiete halakorik eskura izanez gero, hilekorik izan ez dezaten. Egoera oso larria da, eta zaila laburtzeko.
«Gure tresnak mugatuta daude: gure analisi juridikoa inpartziala da, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen dutenak zigortzeko eskatu besterik ezin dugu egin».
Emakume batzuei, atxilotu zituztenean, argazkiak atera zizkieten, eta zenbaitetan biluzik ageri ziren, jarrera oso lotsagarri eta laidogarrietan. Batzuek salatu dute torturatu egin dituztela, bortxaketa mehatxuak egin dizkietela edo bortxatu egin dituztela.
Israelgo agintariek boikotatu egin dute zuen lana, NBEren autoritatea inoiz baino apalagoa den honetan. Zer egin dezake NBEk? Zer tresna ditu Israeli nazioarteko legeak betearazteko?
Gure tresnak mugatuta daude: gure analisi juridikoa inpartziala da, eta nazioarteko zuzenbidea urratzen dutenak zigortzeko eskatu besterik ezin dugu egin. Ez daukagu besterik, eta hori oso frustragarria da. Israelek gure jardunari boikot egitea ez da oraingo kontua, urte asko baitira hala dabilela.
Zera behar da: nazioarteko komunitateak enbargo militar erabatekoa eta mugagabea ezartzea Israeli, armen salmenta eragozteko.
Su eten bat ezarri beharra dago berehala, bahitu israeldarrak eta Israelek azken hilabeteetan atxilotutako palestinar guztiak aske uzteko. Eta zigorrak jarri behar dira: zigorrik jartzen ez bazaio, Israelek orain arte bezala segituko du.