Historialaria eta idazlea

Anna Foa: «Israel bere buruaz beste egiten ari da»

Foa intelektual juduak gaitzetsi egin ditu Netanyahuren gobernua eta Gazako sarraskia, eta ohartarazi du Israelen «katastrofe bat» gertatzeko arriskua dagoela. 'Il suicidio di Israele' (Israelen suizidioa) liburua kaleratu du.

Anna Foa. MAURIZIO GALISE
Anna Foa. MAURIZIO GALISE
Marco Santopadre
2024ko azaroaren 13a
05:05
Entzun

«Diasporako judutzat» dauka bere burua Anna Foak (Turin, Italia, 1944), eta espero du Israelgo Gobernuari aurre egiten diotenengana iristea bere elkartasuna. Ameriketako Estatu Batuetako eta Europako judu komunitateetan gero eta handiagoa da «estatu juduaren» kontrako disidentzia, baina Italian ahots kritiko gutxi entzuten dira. Historialaria eta idazlea da, partisano baten eta Italiako Errepublikaren aitetako baten alaba, eta hura da ahotsa goratu eta Israel bere buruaz beste egitear dela ohartarazi duten gutxietako bat.

«Batetik, suizidio militarra da. Israel ez da gerra irabazten ari, eta fronteak gero eta ugariagoak dira: Libanotik Iranera zabaldu dira, eta Siriatik Yemenera. Gazan, Hamas bere burua berrantolatzen ari da, eta Netanyahuk ez ikusiarena egiten die bahituei. Baina Israel moralki ere ari da bere buruaz beste egiten: urriaren 7ko erasoek eragindako traumak bereziki kalte egin die bakearen alde eta Palestinako estatua sortzearen alde borrokan aritutako sektoreei. Israeldar askok jada ez dute inongo enpatiarik sentitzen Gazako herritarrenganako eta biktima inozenteenganako. Israelek suizidio etiko eta politiko bati egin beharko dio aurre, eta jakin nahiko nuke zer egin dezaketen diasporako juduek eta nazioarteko komunitateak hori eragozteko», azaldu du Foak. Ikusita zenbat denbora daraman Israelek urriaren 7ko gertakariei erantzuten, eta ikusita zenbateko indarrez ari den, haren jokabidea jada ezin da «gehiegizko defentsatzat» hartu.

Historialariaren ustez, «urriaren 7ko gertakariak ikaragarriak izan ziren, baina inola ere ez beste Shoah baten parekoak, Israelgo Gobernuak sinetsarazi nahi duenaz bestera. Erasoa sarraskia izan zen, gizateriaren aurkako krimen bat izan zen, eta inola ere ezin da hori gerra edo erresistentzia ekintza legitimotzat jo. Hala ere, hori Shoahrekin konparatzea justifikaezina da. Netanyahuk, konparazio hori erabiliz, irudi jakin bat eman nahi du: munduak bakarrik utzi duela Israel, eta gerrara behartu».

Baina zer asmo du Netanyahuk? Foaren arabera, «Israelgo Gobernuak betiko desagerrarazi nahi du Palestinako estatua sortzeko aukera, eta IsraelHandia sortu nahi du, Gaza eta Zisjordania barne hartuta eta ahalik eta palestinar gehien paretik kenduta. Are, Netanyahuk proiektu bat du abian, ibaitikitsasora lelopean, lurralde okupatuak ere hartuko dituen estatujudu bat sortzeko».

Dudarik gabe, Netanyahuk gatazka luzatu eta hedatzearen alde egin du politikoki bizirik irauteko, baina lehen ministroa ez da Israelen arazo bakarra. Herrialde horretan, ezkerra ia desagertua dago, eta Netanyahuren kontrako oposizio progresista, zatitua eta baztertua, nahiz eta 2023an manifestazio handiak egin zituzten gobernuari botere gehiago pilatzeko modua emango zion erreforma judiziala salatzeko. «Nabaria da zer-nolako pisua den Palestinako lurren 50 urte pasatxoko okupazioak dakarren gainbehera hori, baita etengabeko tentsio eta gerrarako joera hori ere», azaldu du intelektualak.

Foak badaki Gaza suntsitu izanak eta Zisjordaniako herritarren kontra gero eta bortitzago esku hartzeak urrundu egin dutela Palestinako estatua sortzeko aukera, baina, era berean, badaki ezinbestekoa dela irtenbide politiko —eta ez militar— bat aurkitzea lehenbailehen. «Beste aukera suizidioa da, amildegia. Agian atzerritik ezar liteke konponbidea, eta Israelen bertan oposizio sendoa eginda babestu daiteke konponbide hori».

«Israelgo Gobernuak betiko desagerrarazi nahi du Palestinako estatua sortzeko aukera, eta 'Israel Handia' sortu nahi du»

Idazleak liburu bat argitaratu berri du, Il suicidio di Israele (Israelen suizidioa), baita zenbait artikulu idatzi ere Italiako prentsan, eta atsekabez hartu du nola herrialdeko komunitate juduko kide batzuek bere onetik aterata erreakzionatu duten, Israelgo Gobernuaren jarrerek gero eta zapalduago: «Ados ez daudenek ere maiz pentsatzen dute ez dela Israel jendaurrean kritikatu behar, etsaiei mesederik ez egiteko eta antisemitismoa elikatzera ez arriskatzeko. Baina, hain justu, gauzak diren bezala ez esateak dakar antisemitismoa. Espero dut komunitate juduek ulertzea ez dudala nahi Israelek bere buruaz beste egitea, baizik guztiz kontrakoa: intelektual naizen aldetik, nire ekarpena egin nahi dut hori eragozteko. Adierazi nahi dut Gazako 42.000 herritarren sarraskiaren kontra nagoela erabat —gehienak zibilak ziren, gainera—, eta babes osoa eman nahi diet Israelen etsi-etsian disidente gisa azaldu diren horiei, ondorio pertsonal larriak ere ekarri baitizkie horrek».

Adibidez, 120 militar erreserbistak gutun bat sinatu zuten esateko uko egingo ziotela zibilak hil baina bahituak salbatzen ez diren gerra batean parte hartzeari, eta, orain, baliteke kartzelan urtebete pasatu behar izatea, «traidoretzat» jo baitituzte.

Antisemitismoa

Israel kritikatzen duen edonori —politikariei, intelektualei eta aktibistei, baina baita Nazio Batuen Erakundeari eta juduen diasporako disidenteei ere— antisemitismoa leporatzen diote sistematikoki. Foak salatu du etiketa hori bereizi gabe eta beren mesedetan erabiltzen dutela, Israelen politikekin bat ez datozenei legitimotasuna kentzeko asmoz, eta horrek indargabetu egiten duela egiazko antisemitismoaren kontrako borroka. «Beharrezkoa da argi bereiztea batetik antisemitismoa, zeina existitzen baita eta oso zabaldua baitago, eta bestetik antisionismoa, hau da, Israelen politiken aurkako mugimendua. Azken batean, sionismoaren proiektu historikoa 1948an bete zen, Israel sortuta. Nire ustez, antisemitismoa identifikatu eta borrokatu egin behar da, baina kontu handiz, orokortu gabe», azaldu du unibertsitate irakasle ohiak.

Foak esan duenez, ez zaizkio axola kritikak, baldin eta juduen komunitatean debatea sortzeko balio badute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.