Ekialde hurbila

Ismail Haniyeh hil dute Iranen, Hamasen adar politikoko burua

Palestinako erakunde islamistak eta Iranek Israeli egotzi diote hilketa; Israelek ez du adierazpenik egin. Irango lider goren Ali Khameneik mehatxu egin du: «Irani dagokio Ismail Haniyehren heriotzari mendeku hartzea».

Ismail Haniyeh Teheranen, atzo, besoa altxatuta. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Ismail Haniyeh Teheranen, atzo, besoa altxatuta. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Paulo Ostolaza - Maddi Iztueta Olano
2024ko uztailaren 31
09:30
Entzun

Tarte laburrean, Ekialde Hurbila astindu duten bi gertakizun izan dira: Israelek Beirut bonbardatu zuen atzo iluntzean, eta, ustez, Libanoko Hezbollah milizia xiitako buruzagietako bat hil —Hezbollahk ez du baieztatu—; eta, gaur goizaldean, Ismail Haniyeh 2017. urtetik Hamasen adar politikoko lider zena hil dute, Teheranen (Iran). Lehen erasoa bere gain hartu du Israelek; Haniyehren hilketaren inguruan, berriz, ez du ezer esan oraingoz. Palestinako erakunde islamistak eman du lider politikoaren heriotzaren berri, eta, haren arabera, «sarealdi sionista traidore batean» hil dute. Irango lider goren Ali Khameneik ere Israeli egotzi dio hura hil izana, eta argiro ohartarazi du: «Irani dagokio Ismail Haniyehren heriotzari mendeku hartzea». Iran leku segurutzat zuten Hamasen buruzagiek, baina gaurko hilketak hori aldatu dezake. Bestalde, Iranek eskatuta, «urgentziaz» biltzekoa da NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseilua.

Khameneiren mehatxua ez dator bat Irango Gobernuak adierazi duen jarrerarekin. Hango presidenteorde Mohammad Reza Arefek prentsa ohar batean esan duenez, Iranek «ez dauka Ekialde Hurbileko gatazka areagotzeko asmorik». Irango presidente hautatu berri Masud Pezexkianen izendatze ekitaldian hartu zuen parte Haniyehk, eta harekin eta Khameneirekin bildu zen ondoren. Irango IRNA berri agentziak jakinarazi duenez, Haniyehrekin batera hil dute haren bizkartzain bat ere, aire bidezko jaurtigai bat baliatuta. Dena den, lehen informazioen arabera, ez zen leherketarik entzun, eta, beraz, litekeena da droneren bat erabili izana.

Bien bitartean, Israelek oraindik ez du egin hilketaren inguruko adierazpenik; hori bai, mezu publikorik kaleratu ez duten arren, Israelgo Gobernuko zenbait goi kargudun mintzatu dira gertatutakoaz. «Hau da munduko zaborra garbitzeko modu egokia», esan du Israelgo Ondasun ministro Amichai Eliyahuk. Eta Hamaseko lider politikoaren hilketaz baino, horrek eragin dezakeenaz idatzi du Defentsa ministro Yoav Gallantek: «Ez dugu gerrarik nahi [Ekialde Hurbil osoan], baina edozertarako prestatzen ari gara».

«Ez dugu gerrarik nahi [Ekialde Hurbil osoan], baina edozertarako prestatzen ari gara»

YOAV GALLANTIsraelgo Defentsa ministroa

Haniyehren hilketa oihartzun handia izaten ari da nazioartean, eta mundu osoko liderrek berehala egin dituzte haren heriotzari buruzko adierazpenak. Horien artean, AEB Ameriketako Estatu Batuek. Hango Estatu idazkari Antony Blinkenek berehala ukatu du lotura duela gertatutakoarekin: «Ez genuen eraso honen berri, eta ez dugu horrekin zerikusirik izan». Gero, su eten bat lortzeko lanean jarraitu dezaketela nabarmendu du. Lasaitasunerako deia egin du AEBetako Defentsa idazkari Lloyd Austinek ere: «Posible da eskualde osoko gerra bat eragoztea».

Haniyeh Hamasen ordezkaritza politikoko burua zen Israelen eta milizia palestinarren arteko su etena adosteko negoziazioetan. Horietan, bitartekari lanetan aritu dira —AEBez gain— Qatar eta Egipto, eta kezka agertu dute islamistaren hilketaren harira. «Nola jarraitu dezakegu aurrera bake elkarrizketekin alde batek bestea hiltzen badu?», mahaigaineratu du Qatarko lehen ministro Mohamed bin Abderrahman al-Thanik. Ildo beretik, Egiptok ohartarazi du gisa horretako erasoek «ondorio larriak» izango dituztela Ekialde Hurbileko segurtasunean.

Nazioartea eztabaida diplomatikoetan murgilduta dagoen bitartean, ehunka pertsona kalera irten dira Israelek okupatutako zenbait eremu palestinarretan, hala nola Zisjordanian. Greba egunera deitu dute han, eta Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak «ekintza koldartzat eta arriskutsutzat» jo du gertatutakoa. Hamaseko lider politikoaren gorpua etzi eramango dute Qatarrera, bihar Iranen hileta egin ondoren; Irango Gobernuak hiru eguneko dolua iragarri du.

Kide historikoa

Gaza Hiritik gertu dagoen al-Xati errefuxiatuentzako kanpalekuan jaio zen Haniyeh, 1962an. Haren familia Israelek okupatutako eta gaur egun estatu juduaren eremutzat daukan Axkelon hirian jaio zen, baina 1948an ihes egin behar izan zuten handik. Hemeretzi urterekin ekin zion militantziari, Anai Musulmanak alderdi islamistak Gazako Unibertsitate Islamiarrean zuen ikasle taldean, zeina Hamas bihurtuko baitzen gerora, 1987an. Militantzian egindako ibilbideari lotuta, zenbait aldiz hartu zuten preso Israelgo segurtasun indarrek; Libanora deportatu zuten behin, sei hilabetez.

Haniyeh 2006an egin zen ezaguna nazioartean, Hamasek hauteskundeak irabazi, eta orduan osatu zuten batasunerako gobernuko lehen ministro izendatu zutenean. Al-Fatahren eta Hamasen arteko ika-mikak zirela eta, baina, Abbasek kargutik kendu zuen 2007an. Halere, ez zuen politika baztertu, eta erakunde islamistaren adar politikoko buru izendatu zuten 2017an. Bi urteren ondoren, 2019an, Qatarren erbesteratu zen, eta ordutik han bizi zen.

Atzerriko harremanetan murgildu zen orduan, eta, hargatik, azken urteotan bera izan da erakunde islamistaren aurpegi politikoa nazioartean. Horren erakusle da, hain justu, bera izan dela iragan urriaren 7az geroztik Israelen eta milizia palestinarren arteko su etenen negoziazioetan Hamas ordezkatu duen liderra. Haren lan diplomatikoen harira, talde islamistaren kide «moderatuenetakotzat» jo izan dute.

Dena den, Haniyeh bera ez ezik, haren gertukoak ere jopuntu izan dira Israelgo segurtasun indarrentzat azken urteetan. Joan den apirilean, esaterako, haren hiru seme hil ziren Gazan bertan, haien autoa bonbardatua. Hamasen arabera, buruzagi islamistaren lau biloba ere hil ziren eraso berean. Joan den ekainean, berriz, Haniyehren familiako hamar kide hil ziren a-Xati errefuxiatu esparruan izandako erasoetan. 

LIBANOREN ETA ISRAELEN ARTEKO MUGA DESMILITARIZATZEKO ESKATU DU ISRAELGO ATZERRI MINISTROAK

Egunetik egunera gora doa Libanoko Hezbollah milizia xiitaren eta Israelen arteko tentsioa: joan den larunbatean Israelek okupatutako Golanen eremu bat bonbardatu zuen milizia xiitak, eta hamabi pertsona hil; horri erantzunez, Israelek Beirut bonbardatu zuen atzo iluntzean, eta Hezbollahko komandante bat hil. Gauzak horrela, bi herrialdeen arteko muga desmilitarizatzea agintzen duen NBE Nazio Batuen Erakundeko ebazpena abian jarri dezaten «presio» egiteko eskatu die gaur zenbait diplomazialariri Israelgo Atzerri ministro Israel Katzek. Haren arabera, hori da Hezbollahrekin «erabateko gerra bat ekiditeko modu bakarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.