Islandia

Islandiak baleak arrantzatzea debekatu du aldi baterako

Aurten, abuztura arte behintzat, Hvalur konpainiak ezingo du arrantzatu zere arruntik, animalien ongizatearen legea urratzen duelako. Are gehiago: 2023an amaitzen zaio baleak arrantzatzeko lizentzia.

Balea bat, Reikiavikeko Whalefjord estazioan. Artxiboko irudia. GISLI PALL GUDJONSSON / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko ekainaren 21a
13:57
Entzun

«Animaliak azkar eta minik gabe hil behar dira [...]. Saihestu egingo da animaliei alferrikako mina edo beldurra sentiaraztea». Horixe jasotzen du Islandiako Animalien Ongizaterako Legeak bere 21. artikuluan. Ez dute bete, ordea: herrialdeko Elikadura, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak jasotako txosten batean, ondorioztatu zuten zere arrunt espezieko baleak hiltzeko denborak «baimendutakoa baino gehiago» irauten zuela. Maiatzean jaso zuten txostena.

Ministerioak eskatu zion adituen batzorde bati ebaluatzeko ea baleen arrantzak inoiz bete dezakeen legearen helburua, «azkar» hiltzekoa. Herenegun jaso zuten erantzuna: arrantzan erabiltzen den metodoak ez du betetzen animalien ongizaterako legea. Hala, behin-behineko erabakia hartu du Islandiako Gobernuak: debekatu egin du baleak arrantzatzea, abuztuaren 31ra arte gutxienez.

Oraintsu hasi ohi da baleak arrantzatzeko denboraldia, ekainaren erdialde aldera, eta irailaren erdialdera arte irauten du. Aurtengo kanpaina atzeratzea beharrezkotzat jo dute, aztertzeko ea posible den «araututako gutxieneko arauak betez» baleen arrantza «bermatzea». Svandis Svavarsdottir Elikadura, Nekazaritza eta Arrantza ministroak «derrigorrezkotzat» jo du legea betetzea: «Jarduera honek etorkizunean ezin du jarraitu baldin eta agintariek eta lizentziak dituztenek ezin badituzte bete legearen eskakizunak».

Aldi baten amaiera

Bi balea mota harrapatzen dituzte Islandiako uretan: zere arrunta eta zere txikia; biak ala biak galzoriko espezieak, joan den mendeko arrantza masiboen ostean.

Balea haragiaren eskaria hutsaren hurrengoa da, eta pandemiaren eragina gehituta, 2019an eta 2020an ez zuten arrantzatu ez zere arruntik, ezta zere txikirik ere. 2021ean zere txiki bat harrapatu zuten. 2022ko ekainean, zere arruntak harrapatzeari ekin zion Hvalur konpainia publikoak. Iazko denboraldian, 148 zere arrunt arrantzatu zituen. Islandian geratzen den konpainia bakarra da.

2020an, zere txikiak harrapatzen zituen IP-Utgerd konpainiak iragarri zuen jarduera bertan behera utziko zuela, ez zelako ekonomikoki bideragarria. «Inoiz ez dut berriro balearik arrantzatuko; onerako geratuko naiz», adierazi zuen Gunnar Bergmann Jonsson konpainiako buruak.

Begi onez ikusten dute datorren baleen arrantza debekatzea nahi dutenek. 2018an ezarri zuen Islandiako Arrantza ministerioak 2023ra arteko arrantza kuota. Urtero 209 zere arrunt eta 217 zere txiki harrapatzea ezarri zuten helburutzat. Argi dago ez dutela helburu hori bete, eskari eskasa, zailtasun ekonomikoak eta pandemia direla medio. Urtebete barru iraungiko zaio Hvalur konpainiari lizentzia, eta, dirudienez, Islandiako Gobernuak ez du asmorik hura berritzeko.

Arrantza, datutan

XX. mendeko lehen hiru herenetan 725.000 zere arrunt harrapatu zituzten; gaur egun, 100.000 balea baino zertxobait gehiago geratzen ei dira. 1986an debekatu zuten baleak helburu komertzialetarako arrantzatzea. Dena dela, 20 urteren buruan, 2006an, berriro ekin zion Islandiak. Urte hartatik gaur egun arte, mila ale arrantzatu dituzte.

Bestalde, XX. mende osoan zere txikien populazioaren %80 inguru harrapatu zuten (200.000 aletik gora). 1976an, espezie babestu izendatu zuen Nazioarteko Balea Batzordeak; ordutik aurrera, soilik Islandiak eta Japoniak harrapatu dituzte, ikerkuntzarako. 50.000-60.000 balea geratzen dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.