La Palmako sumendia

Isiltzetik urrun dago Cumbre Viejako sumendia

Laster beteko dira 50 egun La Palmako sumendia piztu zenetik. Tarte horretan, ia mila hektarea suntsitu ditu laba isuriak, eta itxialdiak ezarri behar izan dituzte airearen kalitate txarra dela medio. Zientzialariek ohartarazi dute sumendiak baduela nahikoa indar oraindik ere materiala isurtzeko.

Suhiltzaile bat, segurtasun eremuan, Santa Cruz de la Palman, urriaren 31n. LUISMI ORTIZ / EFE.
El Paso
2021eko azaroaren 4a
00:00
Entzun

Zazpi aste igaro dira Cumbre Viejako sumendia laba, errautsa eta gasa isurtzen hasi zenetik. Datu ofizialen arabera, 945 hektarea baino gehiago suntsituta daude, 2.500 eraikinetik gora gelditu dira labapean, eta 7.000 pertsona inguru daude etxetik kanpo. Adituek zehaztutakoaren arabera, erupzioa amaitzetik urrun dago oraindik, baina ez dira ausartzen amaierari data bat jartzen.

[Youtube]https://youtu.be/ozyfow3Phng[/Youtube]

Irailaren 19an jaio zen oraindik izen ofizialik ez duen Cumbre Viejako (La Palma) sumendia. Espainiako Geografia Institutu Nazionaleko (IGN) geologo Stavros Meletlidisen arabera, ondorengo bilakaera izan zuen prozesuak: irailaren 11n, aktibitate sismikoa antzeman zuten uhartean; bi egun geroago, aktibitatea indartu egin zen; «17tik aurrera erupzioa gertatuko zen bermea genuen, eta, hain zuzen, 19an hasi zen, arratsaldeko 15:00 aldera».

Meletlidisek BERRIAri azaldu dionez, 180 eta 200 metro bitarteko garaierako kono nagusi bat eratu da. Kono horren morfologia oso aldakorra da, ordea. Ahula da, eta, leherketa gogorrak egoten direnean, erortzeko joera du. Hainbat isurketa aho ditu, gainera. IGNko geologoaren esanetan, aho horiek isuri dituzte Aridaneko Arana zeharkatu duten laba ibaiak. Halaber, ibai horiek itsasora heldu dira, eta «laba plataforma» bat sortu dute: «Basaltozko magma bat da». Beste aho batzuek, bestalde, errauts eta lurrun hodeiak jaurti dituzte. «Horiek, batzuetan, bost kilometro baino gehiagoko luzera dute», azpimarratu du.

Uhartearen hego-mendebaldean oraindik kaosa sortzen duen fenomeno bolkanikoa ez da La Palmako lehena: aurrez, beste zortzi erregistratu dituzte. IGNren ikerketa batek bildutako datuen arabera, katalogatutako erupzio zaharrena Tacande inguruan gertatu zen, 1430 eta 1440 bitartean. Haren ostean, beste sumendi batzuk ere piztu izan dira: Tahuya, 1585ean; Martin, 1646an; San Antonio, 1667-68an; Charco, 1712an; San Juan eta Nambroque, 1949an, eta, ondoren, Tenegia, 1971n.

«Uharteko edozein lekutan, kono txikiak ager daitezke. Azken finean, eraikin bolkaniko handi bat da La Palma», azaldu du Meletlidisek. Itsas azpian 3.000 metrora jaiotzen da uhartea, eta 2.400 metroko garaierara iristen da Roque de los Muchachosen. «Cumbre Viejako sumendia bat dator Kanaria uharteetako bolkanismoarekin». Haren erupzioa San Juan eta Tenegia sumendietan gertaturikoak baino «energia handiagokoa» dela azpimarratu du, ordea; izan ere, laba gehiago isurtzen du.

Alde horretatik, aipatzekoa da 1971n Tenegiak izandako erupzioa. Urriaren 26tik azaroaren 18ra egon zen aktibo. Gutxi iraun zuen. Kalte material arinak izan ziren orduko hartan, eta laba ez zen iritsi etxebizitzetara. Zoritxarrez, ordea, laba segurtasun perimetroan sartu, eta turista bat hil zen gas intoxikazio baten ondorioz. Uharteko bizilagun askok gogoan dute oraindik Tenegian zer gertatu zen; asko eta asko bertatik bertara ikustera joan ziren. Nolanahi ere, oraingoarekin alderatuta oso txikia izan zela diote.

Cumbre Viejako sumendiaren erupzioetan aldaketak izan diren arren, Kanaria uharteetako IGNko Zuzendari Maria Jose Blancok esan du egonkortasun fase baten jarraipen gisa ulertu beharko litzatekeela eraikin bolkanikoak azkenaldian duen portaera: «Sismikotasuna gune beretan antzematen da». Seigarren astean, adibidez, ohikoak izan ziren lurrikarak. Uhartearen hego-mendebaldean sentitu zituzten gehien —modu nahiko bortitzean konotik gertu zeuden hainbat gunetan—, baina baita hiriburuan ere. Intentsitate txikikoak izan ziren astindu gehienak. Azken lurrikara atzo bertan erregistratu zuten, Mazo herrian, eta bost graduraino heldu zen Richter eskalan.

Guztia da oraindik posible. Kanarietako larrialdi zerbitzuek eurek ez dute baztertzen lurrikara bortitzagoren bat gertatzea ere. Larrialdi zerbitzuetako eledun Carmen Lopezek atzo azaldu zuenez, hasieratik gaur arte inguru beretan erregistratu dira lurrikarak, eta gehienak hamar eta hamabost kilometroko sakoneran. Lopezen arabera, Mazokoa izan da orain arteko indartsuena, baina horrek ez du esan nahi handiagorik ezin litekeenik gerta.

Isuritako sufre dioxidoaren eta beste gas batzuen kopurua eta lurraren deformazioa aldakorrak dira, ordea. Bi elementu horiek garrantzitsuak dira sumendiaren bilakaera aztertzerako orduan. Sufre dioxidoari dagokionez, maila txikiek adieraz dezakete gutxi falta dela sumendia itzaltzeko. Baina, datuen eta adituen arabera, mendiak nahiko indar du oraindik ere materiala isurtzeko. «Ez dago erupzioaren amaiera gertu dagoela adierazten duen inongo zantzurik», azaldu du Blancok. Gauza bera zioen Meletlidisek urriaren amaieran: «Ez dakigu zein izango den amaiera data».

Bolkanismoa Kanarietan

Kanarietan, sumendiak ohiko egitura geologikoak dira. Izan ere, uharte guztiek dute jatorri bolkanikoa. Zaharrenetik berrienera honela sailkatzen dira uharteak, hain zuzen: Fuerteventura, Lanzarote, Kanaria Handia, Tenerife, Gomera, La Palma eta Hierro. Adituek diote Kanarietan bolkanismoa plakaren barnean gertatzen dela, «puntu bero» baten eraginez.

Sumendiak, orokorrean, plaka tektonikoen mugetan jaiotzen dira. Baina beste eremu batzuetan ere badaude. Plaka batzuk beste batzuen azpian sartzen direnean, subdukzioa gertatzen da; azpian sartzen den plaka urtu egiten da, eta eraikin bolkanikoak eratzen dira gaineko plakaren azalean. Ozeano Bareko Suzko Eremuko sumendi gehienak modu horretan sortu dira. Bigarren kasuan, lur barneko indarrengatik plakak bereizten direnean magma eguratsera irteten da, eta sumendiak sor daitezke. Hori gertatzen da Islandian. Azkenik, batzuetan, plakaren barrenean zuloak eragiten ditu magmak, eta eguratsera irteten da. Hori gertatzen da puntu beroetan. Halakoetan, magma zurrusta toki berean mantentzen da. Baina plaka mugitu egiten denez —lur barreneko indarrek bultzatzen dutelako—, zenbait uharte bolkaniko sortzen dira. Horrela eratu zen Hawaii, esate baterako.

Kanaria uharteak Afrikako plaka kontinentalaren gainean daude. Plaka hori ekialderantz doa. Gutxi gorabehera duela hogei milioi urte, plaka gaur-gaurkoz Kanarien azpian dagoen «puntu beroaren» gainetik igarotzen hasi zen; ondorioz, uharteak eta sumendiak sortzen hasi ziren. «Hawaiirekin alderatuta, Kanarietako puntu beroa berezia da, inguruko patroi geodinamikoen eraginez», adierazi du Meletlidisek.

Hondamendi eremua

Erupzioaren ondorioak ikusirik, esan daiteke hondamendi bat eragin duela. Egia da, adibidez, subdukzio eremuetan sortzen diren sumendi leherkorrek askoz ere erupzio bortitzagoak izaten dituztela. Cumbre Viejako sumendiak material gutxiago isurtzen ditu, eta material horiek arrisku askoz txikiagoa dute, baina, hala ere, milaka pertsona bizi dira mendiaren hegalean. Oraingoz, ez da izan hildakorik, baina hondamena lazgarria da El Paso, Los Llanos de Aridane eta Tazacorte udalerrietako gune batzuetan.

Adituek ez dakite zehazki zenbat laba isurtzen ari den sumendia. Duela hilabete, Kanarietako Gobernuko presidente Angel Victor Torresek esan zuen urriaren 5ean magma emisioa 80 milioi metro kubiko baino gehiagokoa zela. Erupzioaren lehen 17 egunetan, Cumbre Viejako sumendiak isuritako laba kopuruak gainditu egin zuen San Juanek eta Tenegiak batuta isuritakoa. Baina ikerketa bakoitza parametro ezberdinetan oinarritzen denez, zifrak ere ez datoz bat. Kanarietako Bolkanologia Institutuaren arabera (Involcan), 39,6 milioi metro kubiko magma baino gehiago jaurti ditu jada. Sateliteek, berriz, 60 milioi metro kubiko inguru direla adierazten dute. Blancoren arabera, 75 milioi metro kubiko inguru isuri ditu orain arte sumendiak.

Errautsari dagokionez, herri eta auzoetako garbiketa unitateak bilketa lanetan ari dira etengabe. Hala ere, errauts ugari ikus daiteke oraindik Cumbre Vieja sumendiaren inguruko auzoetan. Dunak eratzen ditu mendiaren hegalean, eta paisaiaren parte bilakatu da segurtasun eremutik kanpo egon arren gertu dauden herrietan, baita Santa Cruz de la Palma hiriburuan ere, zenbaitetan. Biztanleen arnas aparatuarentzat arriskutsua da, eta airearen kalitatea hondatzen du. Pilatuz gero, eraikin batzuen egonkortasuna kolokan jarri, eta hainbat azpiegitura onda ditzake, bereziki euriarekin nahasten bada. Errautsaren ondorioz, La Palmako aireportua itxita egon da hainbat egunez, eta, beste batzuetan, hegazkin konpainiak eurak izan dira hegaldiak bertan behera utzi dituztenak. Azken egunetan, gainera, haizeak inguruko uharteetara ere eraman ditu errautsak.

Airearen kalitatearekin lotuta dago sumendiak eragindako beste arazo bat. Errautsak, sumendiak igorritako gasek, labak sorturiko ke hodeiek, eta, bereziki, tokiko orografiak eta meteorologiak eragin nabarmena dute airearen kalitatean. Zenbaitetan, itxialdiak ere ezarri dituzte gune jakinetan. Urriaren 11n, esate baterako, labak Los Llanos de Aridaneko industrialde bat zeharkatu zuen, eta zementu fabrika bat hondatu. Hodei toxiko bat sortu zen, eta Kanarietako larrialdi zerbitzuetako arduradunek itxialdia ezarri zuten zenbait eremutan.

Adibidez, atzo ohartarazi zuten Los Llanos de Aridanen airearen kalitatea oso txarra dela: sufre dioxidoaren kontzentrazioa metro kuboko 616 mikrogramokoa izan zen asteazkenean, goizeko 8:00etatik 9:00etara —baldintza normaletan, kontzentrazioa 100 mikrogramo baino gutxiagokoa da metro kuboko—.

Lehen leherketa gertatu eta laba isuriak hastearekin batera, segurtasun eremua ezarri zuten. Haren hedadura nabarmen handitu da erupzioaren bilakaeraren eraginez. Suntsiketa eta arrisku eremua biltzen ditu gune horrek. Hartan, laba ibaiek jadanik suntsitu eta lurperatu dituzten eta oraindik arriskuan dauden etxebizitzak, eraikinak, negozioak eta kaleak daude, errautsez estalita. Isiltasuna da nagusi haietan, eta sarrera oso mugatuta dago. Espainiako Guardia Zibilak zaintzen ditu sarrera-irteerak, eta gutxi batzuk igaro dezakete haiek ezarritako kontrola: zientzialariak, bertako kargu politikoak eta teknikariak, etxetik gauzak atera nahi dituztenak eta beren uztak eta animaliak zaindu nahi dituztenak soilik sar daitezke. Arau urraketak gogor zigortzen dituzte, gainera. Kazetarien sarrera librea galarazita dago irailaren 21az geroztik. Baimen bereziak behar dira kontrol postuak zeharkatzeko. Gobernuak iragarri du segurtasun neurri horiei eutsiko dietela egoerak hobera egin artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.