Izerdi tantak negar malkoekin nahasten zitzaizkien atzo migranteei Melillan, CETI etorkinak behin-behinean hartzeko zentroaren aurrean. Arratsaldeko zazpiak ziren, baina eguzkiak gogor jotzen zuen oraindik. Joan den ostiralean Maroko eta Espainia banatzen dituen hesia gurutzatu eta bizirik atera zirenek lehen aldiz ikusi zuten eguzkia, bost egunez berrogeialdian egon ondoren. Komunikabideak bertan ziren; baita Melillako herritar batzuk ere, CETItik irten berri ziren 133 migratzaileekin batera. Baina, hala ere, isiltasun lehor batek hartzen zuen dena.
2.000 migratzaile inguru izan ziren joan den ostiralean muga igarotzeko ahalegina egin zutenak. Horietatik, 37 hil ziren, oraindik Espainiako eta Marokoko gobernuek argitu ez dituzten arrazoiak direla medio. GKEek zabaldutako datuen arabera, 500 pertsona migrantek lortu zuten muga pasatzea. Horietatik batzuk berehala bueltatu zituen Espainiako Poliziak Marokora. Beste 133, berriz, Melillako CETI zentroan sartu zituzten; COVID testetan negatibo eman zuten arren, bost egunez egon dira bakartuta.
Melillako herritarrek eta bakartzetik atera ziren migranteek deitu zuten elkarretaratzera, zentroaren aurrean. Kartulinetan eta manta mehe batzuetan idatzitako aldarrikapenak zeramatzaten batzuek eskuetan: besteak beste, Espainia eta Maroko: Zergatik hiltzen dituzue umeak?, Espainiar agintariak masakre honen konplizeak dira eta Ukrainiarrei loreak bidaltzen dizkiete, eta beltzok infernura bidaltzen gaituzte.
Migranteen ahotsak
CETIaren aurrean, komunikabideei begira zegoen migratzaileen taldea. Apurka, jendearen artetik atera eta komunikabideen parean hitza hartzera atera ziren migratzaileak, banan-banan. Batzuek arabieraz hitz egin zuten; besteek, ingelesez, eta gutxi batzuk bietan aritu ziren. Hitzak ulertu ez arren ere, aurpegian ondo ikusten zitzaien nekea, amorrua eta tristezia. Komunikabideei deitu zieten, beren mezua ahalik eta gehien zabaltzeko. Asilo eskubidea aldarrikatu zuen horietako batek: «Melillan sartzen bazara, eta babes internazionala behar duzula frogatuz gero, babes hori eman behar dizute. Baina gu sartu ginen, eta Poliziak gasa bota zigun; pistolekin erantzun zuen. Beraz, nola eska dezakegu asiloa horrela? Emadazue aukera bat asilo eskaera egiteko». Adierazpen horiek egin ondoren, Espainiako presidenteari mintzatu zitzaion: «Pedro Sanchezi galdetzen diot: nola esan dezake Marokoko Gobernuak eta Poliziak lan ona egin dutela?».
Duela egun batzuk galdu zituen lagunak gogoratu zituen, berriz, gazte batek: «Ez dakit nire lagunak non dauden». Izan ere, azken egunetan zenbait GKEk jakitera eman dutenez, muga zeharkatzeko azken saiakera horretan Marokoko aldean hil zirenak lurperatzen dabil gobernua, identifikatu gabe eta autopsiarik egin gabe. Hori horrela, hildakoen familiartekoek eta ingurukoek ez dakite muga gurutzatzera zihoazenetatik asko bizirik ote dauden, Marokon jarraitzen duten, edo ostiralean hil ziren. «Muga zeharkatu duen jende asko galduta dago orain; Marokok nire lagunak hil ditu. Ez ditut nire lagunetako asko ikusi, ez dakit bizirik dauden edo ez. Eta beraiek ikusteko beharra daukat», bukatu zuen gazteak.
Steven izeneko gizon bat ere jarri zen mikrofonoen aurrean. Azaldu zuenez, Hego Sudanekoa zen, baina urteak zeramatzan Europara iristeko bidaia luzean. Libiako egoera nabarmendu zuen: «Jende asko ezagutu dut Libian dagoena; hamazazpi urte edo hamar urte daramatzate batzuek han, Europara iristeko aukera baten bila. Libian beltz asko hiltzen dira, agian egunean ehun, edo gehiago. Lagun asko hil dira bertan. Ihes egin behar genuen, eta Marokora etortzen saiatu ginen, bizitza salbatzeko». Bidean galdu dituen lagunak oroitu zituen berak ere: «Gure lagunetako asko hil dira. Ez daukagu dirurik, ez daukagu botererik, ez daukagu ezer. Gure bizitza salbatu besterik ez dugu nahi. Ez gara kriminalak».
«Ez genuen beste aukerarik»
Beste aukerarik ez zutelako etorri ziren hona. Hori azaldu du hitza hartu duen beste gizon batek ere: «Ez gara Europara etorri gustuko dugulako. Etorri behar izan dugu, gure herrialdean ezin garelako bizi. Zuen buruari galdetzen badiozue zergatik etortzen diren ehunka pertsona urtero, une oro egunero... Zer nahi dute Europarengandik? Egin diozue galdera hori zeuen buruari? Ezetz uste dut. Baina hona etortzen gara beste aukerarik ez daukagulako. Ez daukagu askatasunik gure herrialdeetan, ezin dugu hezkuntzarik jaso...». Ahotsa hautsi zitzaion gizonari: «Hautsita nago. Nire bihotza hautsita dago. Zazpi urte daramatzat bidaian hona heltzeko, eta sufrimendua oso gogorra da jada».
Isiltasuna nagusitu zen CETIaren aurrean, berriro ere. Mikrofonotik, Melillako emakume batek dei egin zien kazetariei, errepideaz bestaldeko belardi batera hurbiltzeko: «Olibondo bat landatuko dugu, hildakoen omenez». Migratzaileek hartu zituzten aitzurrak, txandaka. Eta zulo bat egiten hasi ziren lurrean. Beste batzuek loreontzi batzuetan sartutako olibondo txikiak zekartzaten. Lekua uzten zioten gurpil aulki batean zegoen mutil beltz bati. Txalo batzuk entzun ziren olibondoak lurrean sartzean, goibel. Kazetariek taldeari eskatu zioten olibondoaren aurrean jar zitezen, argazkiak ateratzeko. Migratzaile batzuek ezin izan zioten negarrari eutsi, eta lurrean makurtu ziren.
Bukatzeko, azken astean sareetan eta komunikabideetan zabaldutako irudiaren antzerakoa osatu zuen taldeak: muga gurutzatu berri, lurrean pilatuta ageri ziren migranteak. Belar lehorraren gainean etzan ziren pixkanaka, eta gizon bat geratu zen multzoaren erdian, zutik: Gelditu migranteen bortxazko itzulketak zioen esku artean zeukan afixak.