Espainiako CGPJ Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko hogei kideek, euren karguak hartu eta hilabete pasatxora, CGPJko presidentea aukeratu dute: Isabel Perello magistratua. Perello postu horretan izango den lehen emakumezkoa bilakatuko da —Auzitegi Gorenaren buruzagitzan ere egongo da—, eta, izendapen horri esker, bost urteko blokeoa amaitu dute; botere judizialaren gobernu organoak, hortaz, normal funtzionatu ahalko du hemendik aurrera.
Perello ez zen PSOEk izendaturiko epaile taldearen lehen aukera, baina azkenean adostasun figura modura agertu da CGPJko kideen artean. Are, azken-azkenean aurkeztu dute haren hautagaitza —gaur bertan sartu dute hautagaien zerrendan—, aintzat harturik PP Alderdi Popularrak izendaturiko magistratuek haren profila nahiago zutela eta, beraz, errazagoa izango zela bozketa arrakastatsua izatea.
Eta hala gertatu da, Perellok botoen hiru bosten langa —hamabi botokoa— aise pasatu baitu gaur eguerdian egin duten bozketan: hogei kideetatik hamaseiren babesa jaso du, PPk izendaturiko hamarrena, eta PSOEk eta Sumarrek izendaturikoetatik laurena. Beste hautagaiak, Ana Ferrerrek, aldeko lau boto bildu ditu.
Espainiako botere judizialaren gobernu organoaren berritzea bost urtez egon da blokeatuta, PSOEren eta PPren arteko ezin ulertuak luze iraun baitu. Espainiako Konstituzioaren arabera, Espainiako Kongresuak 2018ko abenduan berritu behar zituen CGPJko kideak, baina bi alderdi horien arteko akordiorik ezak nabarmen atzeratu du zeregin hori; azkenean, Europako Batzordearen bitartekaritzari esker lortu zuten ados jartzea, joan den ekainean. Gerora, alderdi bakoitzak kontseiluko kideen erdiak izendatu zituen: hamar PSOEk eta Sumarrek, eta beste hamarrak PPk.
Hogei kide horiek hasiera-hasieratik adierazi zuten ezinbestekoa zela blokeo egoeratik ateratzea, aurreko lau saiakerek huts egin baitzuten. Eta, horretarako, ohi baino protagonismo handiagoa izan dute, beste aldietan ez bezala, haien esku utzi baitzuten CGPJren presidentetzaren izendapena; izan ere, orain arte, Espainiako politikako bi alderdi nagusiek hitzartzen zuten botere judizialaren gobernu organoaren buruzagitza noren esku utzi.
CGPJren presidente izango denak ibilbide luzea egina du auzitegietan: esaterako, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean (1994-2003) eta Auzitegi Gorenean egin du lan (2009tik).
Espainiako Justizia ministroa, pozik
Perelloren izendapena argitara atera eta gutxira, Felix Bolaños Espainiako Justizia ministroak X sare sozialean idatzitako mezu baten bitartez esan duenez, aukeraketa «albiste ederra» da, eta «oso pozik» dago lehen aldiz emakumezko bat egongo delako CGPJren eta Auzitegi Gorenaren buruzagitzetan.
PPren Espainiako Kongresuko talde parlamentarioaren bozeramaile Miguel Tellado ere pozik agertu da bozketaren emaitzarengatik, eta, batez ere, prozesu hori guztia «presiorik gabe» egin dutelako: «Independentzia judizialean aurrera egitea suposatzen duten gauza guztiak onak dira herrialdearentzat».
Espainiako botere judizialaren gobernu organoaren zereginak, besteak beste, hauek dira: justiziaren administrazioa kudeatzea, eta auzitegien eta epaileen independentzia bermatzea eta zaintzea estatuko beste botereen aurrean.
Joan den urteko azaroan, CGPJko kide guztiak oraindik ere PPk izendaturikoak ziren artean —2013ko osaerari erantzuten baitzion, eta alderdi horrek gehiengo osoa zuen Kongresuan—, eta botere judizialaren gobernu organoak Kataluniako buruzagi independentistentzako amnistia lege posiblearen aurkako adierazpen bat onartu zuen —Espainiako Kongresuak ez zuen oraindik onartua lege proposamena—, argudiatuz horrek zuzenbide estatuari «eraso» egiten diola.