Irudi sinbolikoak Irlandan

Ronan Kerr polizia katolikoaren hilketaren aurrean batasuna erakutsi nahi izan dute buruzagi unionistek eta errepublikanoek. Lehen aldiz, DUPeko agintari batek, Robinsonek, meza katoliko batean hartu du parte.

Belfast
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Irlanda iparraldeko gizartearen aldaketak argazki sinboliko batzuk eman zituen atzo, Ronan Kerr joan den larunbatean hildako polizia katolikoaren hiletan, Tyrone konderriko Beragh herri txikian. Batetik, hilkutxa GAA Gaelic Athletics Association elkarteko kideek eraman zuten, oraintsu arte poliziei debekatutako kirol jarduera bateko ordezkari esanguratsuek. Bestetik, poliziaren hiletan Gerry Adams eta Martin McGuinness buruzagi errepublikanoak Peter Robinson lehen ministro unionistaren ondoan zeuden.

Lehen aldia da DUP Alderdi Unionista Demokratikoko buruzagi batek meza katoliko batean parte hartzen duela. Unionisten artean erradikalena izan da beti DUP, eta kutsu erlijiosoa ere izan du, haren sortzailea Ian Paisley apaiz protestantea delako, katolizismoari buruz epelak bota izan dituen politikaria. Ez da lehen aldia, ordea, Robinsonek polizia katoliko baten omenezko ekitaldi batean parte hartu duela. 2009ko martxoan RIRA eta CIRA talde disidente errepublikanoek bi soldadu britainiar eta polizia katoliko bat hil zituzten tiroz. Testuinguru garrantzitsu batean etorri ziren gertaerok. Izan ere, hilketen biharamunean, urteetako tirabiren ondoren, Londresek Polizia eta Justizia eskumenak Irlandako iparraldeko gobernuaren esku utzi zituen. Prozesuaren aurka dauden talde armatuek ez zuten beren helburua lortu.

Alta, ordutik hamaika ekintza egin dituzte, eta soilik azken hemeretzi hilabeteetan bost bonba itsatsi dituzte polizien kotxeen azpietan, eta bi agente larri zauritu dituzte. Denbora kontua zen joan den asteburuan izandako emaitza lortzea.

Atzo erakutsitako batasunak ez ditu amaitu Poliziari buruzko eztabaidak. Kerr hil eta berehala, politikari unionista batzuek polizia gehiago eskatu zituzten, eta Sinn Feini (SF) leporatu ziotenjoan den astean poliziaren azken erreserba desegin izana. SFk, berriz, gogor kritikatu du Poliziako kideen artean katoliko eta protestanteen ordezkaritza berdintzeko plangintza amaitzea.

Poliziaren aldaketa

Orain dela 90 urte, iparraldeko estatua sortu zenean, RUC Royal Ulster Constabulary gehiengo unionistaren Polizia gisa sortu zuten. Gutxiengo nazionalistak RUCen ankerkeria pairatuko zuen hurrengo hamarkadetan. 1998an Ostiral Santuko Akordioak nazionalisten eskaera historikoa, RUCen desegitea, jaso ez bazuen ere, polizia zerbitzua eraldatuko zuen plangintza hasi zuten.

Chris Patten politikari kontserbadore ingelesak hartu zuen plangintza hori zehazteko ardura. Horren ondorioz, 2000. urtean PSNI Police Service Northern Ireland sortu zen. Historikoki RUCeko kideen %90 komunitate protestante unionistakoak izanik, nazionalisten aldeko diskriminazio positiboa bultzatzen ere hasi ziren. Baina helburua bete gabe gelditu berri dute plangintza. Hamaika urte igaro ondoren, polizien %30 soilik dira katolikoak. Horietako bat zen Ronan Kerr, larunbatean bonba itsatsi baten bidez hildakoa. Azken promozioko kidea zen, eta aste gutxi zeraman lanean.

«Katoliko bat, irlandar bat, gaeliko bat akabatu dute», esan dutefutbol gaelikoko taldeko haren kideek. Peadar Heffronek, poliziak duen futbol gaelikoko taldearen kapitaina eta gaeliko hiztunak, hankak galdu zituen iaz antzeko eraso batean.

Adamsen deia nazionalistei

Nuala Kerr hildako poliziaren amak semearen heriotza ezerezean gera ez dadin eskatu du: «Gure herriaren onerako polizia indar neutrala nahi dugun honetan gertatu da. Polizia katoliko guztiei ez geldiarazteko eskatzen diet. Denok batera altxatu behar dugu guztiontzako berdintasunaren alde. Ez dugu garai ilunetara itzuli nahi». Hitz horiek bere egin ditu Adamsek, eta «gazte katoliko, nazionalista, errepublikano eta bestelakoei» Polizian sartzeko eskatu die. Hauxe da lehen aldia SFko buruak hain era argian holakorik eskatzen duela. Martin McGuinness Irlanda iparraldeko lehen ministrorde errepublikanoak «bakearen eta herriaren etsai» deitu die Kerren hiltzaileei.

Buruzagi errepublikanoen hitzok mugimendu horrek azken urteetan izandako bilakaeraren ondorio dira. Gatazka urteetan, RUCeko kideak ziren IRAren helburu nagusietako bat. 300 polizia baino gehiago hil eta 9.000 inguru zauritu zituen IRAk. Kerr «gutako bat» da, esan du orain McGuinnessek.

SFrentzat ez da erraza izan Polizia onartzea, eta luze eztabaidatutako keinua izan da. Hala egin ezean, DUP alderdi unionista nagusiak argi utzi zion ez zuela gobernua partekatuko, bake akordioak agindu arren. 2003an, McGuinnessek «polizia indar erantzule, ordezkatzaile eta sekurokratarik gabeko» baten alde hitz egin zuen, eta 2006an, Saint Andrewsko Akordioan, SFko buruek Polizia onartuko zutela adostu zuten, baldin eta Polizia eta Justizia eskumenak eskualdatzen bazituzten. Azkenean, 2007. urteko urtarrilean, SFko batzarkideen %90ek Polizia onartzearen alde bozkatu zuten. Ados ez zeuden kide batzuek mugimendua utzi arren, otsailean egindako hateskundeetan SFk inoizko emaitzarik onenak eskuratu zituen eta Ian Paisley etsai amorratuarekin gobernua osatu zuten.

DUPen barruan ere zauri handiak eragin ditu SFrekin gobernatzeak eta Poliziaren gaiak. Polizia eta Justiziaren eskumenen eskualdatzeak krisiak sortu zituen alderdi eta gobernuaren barruan. Izan ere, unionisten gotorleku ziren erakunde horiek ez zituzten gobernukide berriekin partekatu nahi.

SFk Erresuma Batutik banatzeko prozesuaren sakontze gisa saldu zuen botere berriak jaso izana, baina «traizioa» ikusi zuten prozesuaren aurkako errepublikanoek, eta ordutik, Poliziaren lana aztertzeko, auzo eta herrietako batzordeetako kideak talde armatuen jopuntuan daude.

2009an jaso zituen azkenean Stormonteko Parlamentuak eskumen berriak, eta Alliance alderdiko buru David Ford izendatu zutenJustizia eta Polizia ministro. Fordekin batera, bi lehen ministroek —Robinson unionistak eta McGuinness errepublikanoak— eta PSNIko buru Matt Bagottek beste argazki historiko bat osatu zuten Kerren hilketaren hurrengo egunean. Bake prozesua kolokan jartzeko gero eta indartsuago borrokatzen ari diren talde armatu errepublikanoen aurrean batasun irudi indartsua ematea zen haien helburua. Atzokoa ere ildo horretako irudia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.