Irlandako Konstituzioan emakumea etxeko lanekin lotzen duen artikulua, hari batean

Irlandako Errepublikako Konstituzioa erreformatzeko bi proposamen bozkatuko dituzte gaur. Emakumeak etxean duen rola aipatzen duen artikulua ezabatu ala ez erabaki ahal izango dute, baita familia ezkongabeak lege nagusian onartu ala ez ere.

Zenbait gizarte eragile, tartean Treoirreko kideak, baiezkoaren aldeko kanpainan, sare sozialetara igotako argazki batean. TREOIR
Zenbait gizarte eragile, tartean Treoirreko kideak, baiezkoaren aldeko kanpainan, sare sozialetara igotako argazki batean. TREOIR
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko martxoaren 8a
05:05
Entzun

Irlandako Errepublikan egungo garaietara egokitu nahi dute 1937. urtetik indarrean duten konstituzioa. Gaur, lege nagusiaren 39. eta 40. zuzenketa proiektuak bozkatuko dituzte, erreferendum bidez. Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan, irlandarrek erabakiko dute ea emakumeak eta etxeko lanak lotzen dituen artikulua ezabatu ala ez. Familiaren definizioa zabaltzea ere bozkatuko dute.

«Emakumeak, etxean duen bizimoduagatik, laguntza bat ematen dio estatuari, eta laguntza hori gabe ezin da guztion ongizatea lortu». Irlandako Errepublikako Konstituzioaren 41.2.1 artikuluak dio hori. Eta honela jarraitzen du hurrengo puntuan: «Beraz, estatuak ahaleginak egingo ditu amak behartuak izan ez daitezen premia ekonomikoak direla-eta etxeko lanak alde batera uztera». Bi puntuak ezabatzeko aukera izango dute gaur. Eta, horien ordez, artikulu bat gehitzea proposatu dute; horretan, «familiako kideen arteko zaintzaren» garrantzia nabarmenduko lukete.

Bestetik, gaur-gaurkoz, Irlandako Errepublikako Konstituzioarentzat familia ezkontzatik eratorria da, nahitaez. Hau da, lege nagusiak ez ditu familiatzat jotzen bikote ezkongabeak, guraso bakarreko familiak eta guraso ez diren tutoreek gidaturikoak. Gaurko galdeketan erabaki ahal izango dute definizio hori zabaldu ala ez; ezkontzetatik eratorritakoak ez ezik, «harreman iraunkorrak» ere familia gisa izendatuko lituzkete hala.

«Ez da azken geltokia gizarte parekideagorako bidaian, baina bide horretan emandako pauso bat da».

DAMIEN PEELOTreoir elkarteko zuzendaria

Treoir guraso ezkongabeentzako informazio zerbitzu nazionaleko zuzendaria da Damien Peelo. Salatu du gaur egun familia ezkongabeek lege aldetik ez dutela ezkonduen babes bera, eta horrek zailtasunak eragiten dizkietela, esaterako, zergak ordaintzekoan edo alarguntza laguntzak jasotzekoan. Gainera, familia horietako asko estigmatizatuta daudela uste du. Arrazoi horiek medio, lege nagusia aldatu behar dela uste du: «Konstituzioan familia mota guztien babesa behar dugu, etorkizuneko gobernuek atzerapausorik eman ez dezaten».

Proposamenak aipatzen duen «harreman iraunkorrak» kontzeptuak, ordea, zalantzak eragin ditu. Zenbaitek argudiatu du ez dela behar bezain definizio argia. Peelok, baina, zehaztasun falta hori goraipatu du: «Gehiago zehaztu izan balute, zenbait familia kanpoan utziko lituzkete».

Irlandako Errepublikako Hauteskunde Batzordeko zuzendari Marie Baker ere iritzi berekoa da. Joan den astean RTE telebista publikoan esan zuenez, konstituzioan gehitu beharreko terminologiak «zehatza izan behar du, baina ez zehatzegia»; horrela, oraindik kontuan hartu gabeko adibideak ere onartu ahal izango baitira etorkizunean. Gainera, Bakerrek jakinarazi zuen zuzenketak onartuz gero legegintza arduratuko dela «harreman iraunkorrak» zein diren eta zein ez erabakitzeaz.

Sakontasuna eztabaidagai

Erreferendumean beste aldaketa bat ere proposatzekoak ziren; Genero Berdintasunerako Hiritarren Biltzarrak gomendatu zuen genero berdintasuna eta diskriminaziorik eza terminoak konstituzioan txertatu behar zirela. Azkenean, ordea, gobernuan dagoen koalizioak ez du horrelakorik gehitu proposaturiko zuzenketetan. Leo Varadkar lehen ministroak adierazi zuenez, lege nagusiak jada badio herritar guztiak berdinak direla.

Zuzenketa hori ez proposatzeak kritika ugari eragin ditu aldaketa sakonagoak nahi dituztenen artetik. Treoirreko zuzendariak ere uste du aldaketa gehiago egin zitezkeela: «Berdintasun printzipioak gehitu zitezkeen, laguntza pertsonalerako eskubidea, desgaitasunak dituztenentzako laguntza gehiago... eta ez dute egin». Halere, haren iritziz, hori da jorratu beharreko bidea: «Ez da azken geltokia gizarte parekideagorako bidaian, baina bide horretan emandako pauso bat da. Borroka ez da martxoaren 8ko emaitzak jakin ostean amaitzen».

Modu berean, zaintzaren inguruko artikuluak ere sortu du harrabotsa. Besteak beste, Equality Not Carekanpaina jarri du abian elbarri talde batek. Salatzen dute familiartekoen zaintza aitortzen duen formulak kalte egiten diola elbarriek bizitza independentea egiteko duten eskubideari. Peelok, aldiz, ez du era berean ulertzen zaintzaren inguruko artikulu proposamena: «Esan nahi du estatuak aitortzen duela familiek egiten duten zaintza lana; ez dio ardura hori familiena baino ez denik».

Konstituzioa «modernizatzen»

Irlandako Errepublikan pisu handia izan du historikoki Eliza katolikoak; horregatik, konstituzioko aldaketak pixkanaka egin behar izan dituzte. Azken hamar urteetan onartu dituzten lau zuzenketak eboluzio horren isla dira. Sexu bereko pertsonen arteko ezkontzak onartu zituzten 2015ean; 2018an, abortuari azken trabak kendu zizkioten, eta blasfemia delitua indargabetu zuten; eta, 2019an, dibortzioa onartu ahal izateko baldintzak arindu zituzten. Lehen ministroak azaldu moduan, gaur onartu ditzakete 1937ko konstituzioa «modernizatzeko» beste bi moldaketa.

Oraingoz, onartzeko bidean daude: parlamentuko alderdi politiko ia guztiek —Aontu kontserbadorea kenduta— baiezko botoa defendatu dute, baita Irlandako Emakumeen Kontseilu Nazionalak ere. Gainera, Bussiness Post eta The Irish Times egunkariek joan den otsailean eginiko inkesten arabera, baiezkoak irabaziko du bi galdeketetan. Azken egunetan, ordea, zalantzak areagotu dira, eta Irlandako Errepublikako lehen ministroak eta Treoirreko zuzendariak ez dute «ziurtzat» jo baiezkoa gailentzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.