1949an Irlandako Errepublika sortu zenetik krisi politiko eta ekonomiko larriena pairatzen ari da. Dublingo gobernua erori egin da, eta datorren asteartean iragarriko du Brian Cowen taoiseach edo lehen ministroak zein egunetan izango diren hauteskundeak. Otsailaren 25a aukeratu duela egiaztatzen bada, egun hori beltzez marraztu beharko du Cowenen Fianna Fail alderdiak. Inkesta guztien arabera porrot historiko eta lazgarria izango baitu alderdi kontserbadoreak, Irlanda hegoaldeko estatuaren ardatza izan denak.
Tigre Zeltiarraren garairik oparoenetan hauteskundeak irabazi eta azken hamalau urteetan agindu du Fianna Failek (patuaren gudariak, gaelikoz). Haren lagun eraikitzaile, espekulatzaile eta bankariekin osaturiko Golden Circle edo urrezko zirkulua delakoaren alde gobernatu izana leporatzen diote herritar askok.
Bere alderdia gainbeheran dagoela onartu du Tony McCormack Tullamore hiriko Fianna Faileko zinegotzi eta Offaly Merkataritza Ganberako presidenteak. Konderri horretakoa da Cowen ere, eta haren gertukoa McCormack. Irudian, batera agertzen dira McCormack —ezkerrean— eta gobernuburua.
Zein da Fianna Failen ardura krisian?
Urteotan hartutako erabakiak herria hobetzearen alde izan dira, eta ez etekin pertsonalerako. Zoritxarrez erabaki horiek ez dira herritarren gustukoak izan. Gobernuaren erorketarekin horixe ikusten ari gara orain.
Joan den urtearen amaieran Nazioarteko Diru Funtsak eta Europako Batasunak maileguen trukean neurri ekonomiko garratzak inposatu zituzten Irlanda hegoaldean. Ba al zen krisitik ateratzeko bestelako biderik?
Fianna Failek NDF eta EBrekin batera lau urteetarako plangintza jarri zuen abian. Ezarri diren neurriak oso erasokorrak eta mingarriak dira, baina orain gauden lekuan gaude eta aurrera egin behar dugu; abagune hau gainditu behar dugu, eta ezin izanen dugu holakorik egin minik hartu gabe. Nik neuk enpresa txiki bat daukat, eta nire langile eta neronentzat zein gogorra izaten ari den ikus dezaket. Urtarrilean bertan gure soldaten murrizketa nabaria egin behar izan dugu. Diru gutxiago dago ekonomian. Enpresa asko itxi dituzte, eta horrek esan nahi du zergetan diru gutxiago jasotzen dela. Udalen aurrekontuaren %54 hortik etortzen da. Diru sarrera horien ezean herrien azpiegiturak ezin dira mantendu, eta, horrela, enpresa berriak ez dira etorriko. Itxaropena dugu etorkizuna hobeagoa izanen dela.
Astebetean sei ministrok dimisioa eman dute, Cowenek alderdiaren kargu nagusia utzi du eta Micheal Martin Atzerri ministroak hartu du, hauteskundeak bitan aurreratu dituzte, Alderdi Berdeak gobernu koalizioa utzi du, Aurrekontu Legea zintzilik dago... Presio ikaragarri honen pean, zein da egoera alderdi barruan? Hondatzen ari den itsasontzia al da?
Espero dut ezetz. Arestian esan dudan bezala, urte hauetan hartu diren erabakiak herriaren alde hartu dira, ez etekin politikoetarako. Herria mina sentitzen ari da, eta, zoritxarrez, horren ondorioz inkestek diote boto asko galduko ditugula [2007ko %41etik %8ra iragartzen dute batzuek]. Hala ere, behin gure programa aurkezten dugula eta hauteskundeak hurbildu ahala, balitekeemaitzak hain txarrak ez izatea eta inkestetan gora egitea. Dena den, kolpe handia hartuko dugu. Orain alderdi osoa buruzagi berria sostengatzeko eta oposizioa borrokatzeko batu behar da.
Zer eskain diezaieke Fianna Failek hautesleei?
Galdera ona da hori. Fianna Failek beti herriarentzat lan egin du. Azken urteetan gure politikak eta hartu ditugun erabakiak oso mingarriak izan diren arren, etorkizunean ekonomia berriro altxatzeko zuzenak izan direla probatuko da. Esperientzia dugu, eta, aukera emanez gero, herri hau atzeralditik aterako dugu.
Zein da jendearen animoa eta giroa zure konderrian? Zer iritzi dute haien bizilagun Coweni buruz?
Jendea atsekabetuta dago. Hain ongi ezagutzen dugun gizon horrek, herriaren alde hainbeste on egin duen gizon horrek bere bizitza osoa politikan eman du, eta beti herrialdea bere aurretik jarri du. Offalyko parlamentaria izan den 26 urteotan asko egin du gure herriarentzat. Atsekabea dugu ere taoiseach moduan hasi zen momentutik [finantza ministroa zen Bertie Ahern lehen ministroak 2008ko maiatzean dimisioa eman eta Irlandako Gobernuaren buruzagitza hartu zuenean] hedabideek ehizatu zutelako. Unerik okerrenean jaso zuen ardura. Europa eta mundu osoa atzeraldian sartu zen. Tamalez, guk, merkatu irekiko ekonomia txikia izanik, bereziki nozitu dugu mundu mailako krisia, beste batzuk baino gehiago. Hauteskundeei begira jendeak mina sentitzen du, eta ekonomialari ezagun batek esan zuenez,«dena ekonomian datza, gizagaixo hori!»; beraz, zoritxarrez, jendeak bere poltsikoan pentsatuz bozkatuko du.
Askok diote aurpegi berriak behar dituela alderdiak, belaunaldi gazteagoek hartu beharko luketela lekukoa aro berri baterantz abiatzeko. Zu horien artean zeundeke. Nola sartu zinen politikan?
Etxean betidanik politikaz mintzatu gara mahairen inguruan. Azken urteetan Merkataritza Ganberako presidentea izanik harreman estuak izan ditut udalarekin. Gauza gehiago egiten ahal dira barruan lanean arituz eta ez kanpotik begira; beraz, hauteskundeak iritsi zirenean bakarrik alderdi batera joan behar nuen, eta hori Fianna Fail zen. Zorionez, hautatu egin ninduten, eta garai gogor hauetan aurrekontu orekatsuak osatzea zail xamarra izan arren, horretarako gaude eta gustura egiten dut lan.
Tony McCormack. Fianna Faileko zinegotzia
«Irlandako jendea minduta dago, eta hauteskundeetan kolpe handia hartuko dugu»
Otsailaren amaieran hauteskundeak egingo dituzte Irlandan, eta, itxura guztien arabera, oposizioak garaipen zabala lortuko du. Fianna Fail gobernuko alderdiaren lana defendatu du, ordea, McCormackek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu