Irlandako Errepublikako lehen ministroak dimisioa emango du, arrazoi «pertsonal eta politikoengatik»

Fine Gael alderdiko buruzagitza ere utziko duela jakinarazi du Varadkarrek. Koalizio gobernuak esan du ez dituela hauteskundeak aurreratuko.

(ID_13718675) (FILE) IRELAND GOVERNMENT
Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroa, artxiboko irudi batean. STEPHANIE LECOCQ / EFE
ander perez zala
2024ko martxoaren 20a
13:40
Entzun

Erreakzioak aintzat hartuz gero, agerian geratu da iragarpena sorpresa bat izan dela: Leo Varadkarrek gaur jakinarazi du utzi egingo duela Irlandako Errepublikako lehen ministroaren kargua. Arrazoi «pertsonalak eta politikoak» argudiatuta, Varadkarrek esan du gobernuan zazpi urte egon ondoren «jada ez» dela gobernuburu kargurako «pertsonarik onena», eta beste norbaitek «hobeto» lortuko duela agintean dagoen koalizio gobernua «berriz hautatua» izatea hurrengo hauteskundeetan.

«Fine Gaeleko [FG] buruzagi eta presidente gisa dimisioa ematen ari naiz, eta taoiseach [lehen ministro] kargua utziko dut nire ordezkoa postu hau hartzeko moduan dagoenean», azaldu du oraindik ere Irlandako Errepublikako gobernuburu denak, Dublinen egin duen agerraldi batean. Egutegiaz, Varadkarrek esan du bere alderdiari eskatu diola buruzagi berria datorren apirilaren 6rako aukeratzeko, eta, hortaz, parlamentuko behe ganberak Pazko ondoren izango luke aukera hurrengo lehen ministroa izendatzeko —datorren apirilaren 9ko data aipatu dute hango hedabideek—. «Lidergoaren zereginetako bat zera da: jakitea noiz den beste norbaiti makila pasatzeko garaia. Eta hori egiteko ausardia izatea», adierazi du agerraldian.

Irlandako Errepublikako lehen ministroak ez du azaldu zeintzuk diren dimisioaren arrazoi zehatzak, baina duela bi aste erreferendum bat egin zuten familiaren kontzeptua modernizatzeko eta emakumeek gizartean duten rolaz konstituzioan jasotakoa aldatzeko, eta gobernuak defendaturiko aldaketen kontra bozkatu zuten herritarrek; zehazki, ezezkoa eman zioten emakumeek etxean duten rola aipatzen duen artikulua ezabatzeari (%73,9), baita familia ezkongabeak lege nagusian onartzeari ere (%67,7). Hortaz, baliteke horrek ere baldintzatu izana lehen ministro kargua uzteko erabakia.

«Lidergoaren zereginetako bat zera da: jakitea noiz den beste norbaiti makila pasatzeko garaia».

LEO VARADKARIrlandako Errepublikako lehen ministroa

Varadkar 2017an hautatu zuten lehen aldiz Irlandako Errepublikako gobernuburu —kargu horretara iristen politikaririk gazteena izan zen—, eta postu horretan egon zen 2020ra arte. Urte horretan egindako parlamentuko behe ganberarako hauteskundeetan, haren alderdia hirugarrena izan zen ordezkaritzari dagokionez —eta FF Fianna Fail, lehena—, eta gobernabiderako akordioan jaso zuten legegintzaldiaren lehen zatian (2020-2022) gobernuburuorde karguan egongo zela, eta bigarrenean, lehen ministro postuan.

Hain justu, FFko Micheal Martinek, egungo gobernuburuorde eta Atzerri ministroak —lehen ministro ohia (2020-2022) ere bada—, «harrituta, oso harrituta» dagoela esan du bere koaliziokidearen erabakiaz galdetu diotenean, eta ez zuela «batere espero». Aitortu du «gaur arte sekula» ez dela halakorik gertatu, «alde askotatik begiratuta», baina berehala jarri du arreta gobernabidean, azalduta koalizio gobernuak «programa argia» duela gobernatzeko.

CG Aliantza Berdea alderdiko buru Eamon Ryan ere harrituta agertu da, eta Varadkar pertsona «konprometitu» gisara deskribatu du. Eta hark ere, Martinek egin bezala, adierazi du hiruko aliantzak —FGk, FFk eta CGk osatua— bere horretan jarraituko duela. «Ituna zutik dago», esan du Ryanek.

Lau faborito

Irlandako Errepublikako hedabideen arabera, hauek dira faboritoak FGren hurrengo buruzagi bilakatzeko: Simon Harris Goi Mailako Hezkuntzako ministroa, Simon Coveney Enpresa eta Merkataritzakoa, Paschal Donohoe Gastu Publikorakoa eta Helen McEntee Justiziakoa. Eta, beraz, ezustekorik ezean, horietako bat bilakatuko litzateke Irlandako Errepublikako lehen ministro datorren hilabetean.

Varadkarren dimisioaren ostean hauteskundeak aurreratzeaz, koalizio gobernuak esan du ez duela hori egiteko asmorik, eta aliantza horren egonkortasuna ez dagoela zalantzan. Parlamentuko behe ganberarako hurrengo bozak beranduenez 2025eko martxoan egingo dituzte; horren aurretik, datorren ekainean, herriko hauteskundeak eta Europako Parlamenturakoak egingo dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.