Irlanda batu berri baterantz

'Brexit'-aren garaipenak errealitate politiko berri bat ekar dakioke Irlandari; Sinn Feinek Irlanda batzeko plana aurkeztu du. Hegoaldean gora egin du batasunaren aldeko jarrerak

Arlene Foster Ipar Irlandako lehen ministro unionista, Martin McGuinness errepublikanoarekin, Downing Streeten, Londresen. FACUNDO ARRIZABALAGA / EFE.
Dublin
2017ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Brexit-ak gertaleku berri batean paratu du aurki independentziaren mendeurrena eta, hortaz, zatiketaren urtemuga gogoratuko duen uhartea —Irlandako hegoaldeak 1922an eskuratu zuen independentzia Erresuma Batutik—. Iparraldea eta hegoaldea zatitzen dituen 480 kilometroko muga lausoa da egun, baina ikusteko dago muga hori sendotzen den edo guztiz desagertzen, uhartea berriz batzeko aukera paregabea izan baitaiteke gertaleku berria.

Sinn Feinek bi agiri garrantzitsu argitaratu ditu azken asteotan alderdia brexit-aren osteko errealitate politikora egokitzeko. Iparraldeak Europako Batasunean estatus berezi bat lortzeko argudioak izeneko dokumentuan, luze gabe lortu beharreko xede funtsezko bat da ardatza: Ipar Irlanda EBren esparruan geratzea nolabait —eta, beraz, baita hegoaldeko estatutik hurbilago ere—. Irlanda Batu baterantz agirian, berriz, luzera begira uhartea batzeko estrategia proposatzen da. Bigarren agiri horren hitzaurrean, honela dio Gerry Adams alderdiburuak: «Brexit-a albiste txarra da Irlandako herritarrentzat, hala iparraldekoentzat nola hegoaldekoentzat. Hala ere, haren ondorioz, inoiz ez bezalako aukera sortu da bereizketatik, sektarismotik eta banaketatik harago etorkizunari berriz begiratzeko eta, hala, uharteko jende guztiaren interesen arabera Irlanda batu berri eta adostu bat eratzeko».

Aukerak

Erreferendumean remain-aren alde egin zuten Ipar Irlandan; EBn jarraitzearen alde egin zuten herritarren %56k. Sinn Feini zenbait bide zabaldu zaizkio aspaldiko aldarrikapenari heltzeko, baina, aldi berean, kezkak ere sortu zaizkio, eta ez soilik alderdi errepublikanoari, baizik bake prozesuari berari ere bai.

Mugaren bi aldeetakoek ekaineko erreferendumaren aurretik eta ondoren azaldu duten kezkarik handiena: zer eragin izango lukeen brexit-ak bai iparraldeko eta bai hegoaldeko ekonomian. Sinn Feinek batasunaren alde erabilitako arrazoibidea ere ekonomikoa da. Brexit-ak ziurgabetasuna dakar; Irlanda batu batek, aldiz, «ekonomia egonkortuko luke, eta negozioek aurrera egiteko moduko giro bat sortuko litzateke», alderdiaren arabera.

Argudiobideak bat egiten du Kurt Huebner irakasleak berriki plazaratu duen ikerlan batekin: haren kalkuluen arabera, uharte bateratu baten ekonomiak 35 bilioi euroko onura sortuko luke urtean, eskualdean bertan.

Hegoaldean bestelakoa da eta izan da ikuspegia. Fianna Fail eta Fine Gael mugaren inguruko galdeketa bat egitearen aldekoago azaldu dira berriki, ohi ez bezala, baina interes ekonomikoek bultzatuta batik bat. Enda Kenny lehen ministroak hala eskatuta, joan den hilean brexit-aren ondorioei aurre egiteko eta alor ezberdineko interesak uztartzeko foro nazionala egin zuten Dublinen.

Irlandaren batasuna hegoaldeko esparru politikoan eztabaidatzea —Sinn Feinen diskurtso normaletik harago—, bere hutsean, bide aldaketa txiki baten adierazgarri izango da agian. Brexit-az geroztik egindako inkestetan ere, agerian geratu da batasunaren aldeko jarrerak tinko egin duela gora hegoaldean: bi herenek babestu dute. Edonola ere, iparraldeari laguntzeko zerga gehiago ordaindu behar ez izatea dago sostengu horren atzean, zeren, gehiago ordaindu behar balitz, herenek baino ez bailukete babestuko batasuna.

Foroan, baina, ez zen ordezkari unionistarik izan. DUP Alderdi Unionista Demokratikoko Ian Paisleyk, buruzagi historikoaren semeak, buelta ironiko samarra eman dio berriki historiari, ohartarazi baitu hegoaldeak ez duela, edonola ere, «behar adina diru» iparraldeari eusteko. Duela mende bat unionistek zerabiltzaten argudioak guztiz iraultzea da hori.

Komunitate unionistari dagokionez, tratu berriren bat egingo balitz, neurri zahar batzuk berri batzuekin uztartu beharko lirateke unionisten interesak zaintzeko. Hona hemen proposamenetako batzuk: parlamentuan boto haztatua ezartzea gai garrantzitsuetan; britainiar herritartasuna aukerakoa izatea; eta beharbada proposamenik harrigarriena dena: «Ordena Laranja aitortzea nazioko kultur bizitzaren barruan».

Nahiz eta erreferendumaren emaitzaren ondorioz egoera politiko berri bat piztu den, iparraldeko protestante unionista loialisten komunitateko kide gehienek uhartea batzearen kontrako iritzia dute oraindik ere, inkestek diotenez. Gerry Adams, hala ere, baikor dago: «Baldintzak aldatu egiten dira, eta jendearen jarrerak ere bai. Bestelako aukera batzuk ikusten dituzte. Unionista asko eta asko deskubrimenduranzko bidaia txiki batean sartuta daude oraintxe, eta ez gutxietsi hori».

Sinn Feinentzat, Ipar Irlandarentzat EBren barruan estatus berezi bat lortzea da lehentasuna. Alde horretatik, EBk onartzen dituen antzeko harreman malgu batzuk aipatu ditu; Danimarkaren eta Groenlandiaren artekoak.

Kezkak eta erronkak

Alderdiak funtsezko kezkak eta erronkak ere azpimarratu ditu: zer eragin izan lezakeen muga gogor batek, zer lekarkeen merkatu bakarrerako sarbiderik ez izateak, eta zer gertatuko litzatekeen bake akordioak bertan behera geratuko balira. Sinn Feinen ustez, «brexit-ak azpiak jaten dizkio Ostiral Santuko Akordioari, hots, bake prozesuaren oinarriaren estatusari eta haren instituzio, konstituzio eta lege osotasunari». Jokalekuak, baina, bestelako zehar kalteak izan ditzake; azken bi hamarkadetan errepublikanoen estrategien alde lortutako babes aski bateratua bertan behera geratzea. Ez da kasualitatea azken hilabeteetako linboan gertatu dena: IRA Berria delakoarekin lotura duten disidenteak, akordioaren kontrakoak ere badirenak, saiatu dira egoerarekin pozik ez dauden errepublikano batzuen kexak eta frustrazioak baliatzen. Eta alderdi errepublikano iraultzaile bat ere sortu da, Saoradh izenekoa —askapena gaelikoz—, urrunago iristeko «baliabide politiko» gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.