Gaur goizeko 12:15etan ebakuatu egin behar izan dute Eiffel dorrea, Parisko eraikinik ospetsuena. Frantziako Poliziak dei anonimo bat jaso du, bonba abisu bat, eta, badaezpada ere, dorrea eta inguruak hustea erabaki dute. Bi ordu geroago, ordea, berriz ireki dute, beharrezko egiaztapenak egin ostean.
Probak egin bitartean, segurtasun perimetro bat jarri dute. Inor ezin da gerturatu oinez, eta inguruko trafikoa ere moztu dute. Aurten jaso duten lehen bonba abisua izan da.
The Eiffel Tower has been evacuated after a bomb threat 'after man shouts Allahu Akbar'#EiffelTower#France#Islamophobia#allahuakbarpic.twitter.com/TeVUpzIzzt
— Amit Sahu (@AmitSahu_Journo) September 23, 2020
Hainbat hedabidek azaldu dutenez, pertsona batek «Allahu akbar» (Ala handia da) oihukatu du, eta dena lehertzearekin mehatxatu ere bai.
Monumentuak milioika bisitari izaten ditu urtero, eta nahiko ohikoak izaten dira mehatxuak: bere buruaz beste egiten dutenenak, greba egiten dutenenak edo, gaur bezala, bonba abisuak. Koronabirusaren ondorioz, martxoaren 13an itxi zuten Eiffel dorrea, eta 104 egun itxita egon ostean zabaldu. Bigarren Mundu Gerratik itxita denbora gehien eman duen aldia izan da.