Irango kosmosaren barruan, planeta bat da Teheran. Planetarik garrantzitsuena. Hiriburuan mugimendu bat dagoenean, herrialde osora zabaltzen da». Mikel Aiestaranek bere herrialde kuttunean kokatu du iraultza edo udaberri arabiarrak izenez ezaguna izan zen fenomenoaren abiapuntua: 2009ko Iraultza Berdean. Erreformistak ultrakontserbadoreei aurre egiteko atera ziren kalera, 1979tik, iraultza islamikoa ezarri zenetik inoiz ikusi gabeko protesta larrienetan. «Mugimendu Berdea antolatu zuten, aldaketak eta irekiera aldarrikatzeko. Kolore berdeak, islamaren koloreak, hiruburuko kaleak hartu zituen».
Ekialde Hurbileko egungo egoera sakon ulertzeko, ezinbesteko data bat aipatzen du kazetariak. Ruhola Khomeini Frantziako erbestetik Iranera Islamiar Errepublika ezartzera itzuli zenekoa. «1979an jaio arren, zahartuta dago errepublika, baina inguruko herrialdeekin alderatuta, sistema egonkorrenetakoa da, bizirik irauteko trebetasun berezia duena».
Xiiten gotorleku nagusia da Iran. Eta islamaren bi adar nagusien arteko arrakala zabaltzen ari den honetan, ideologia politikoak ere badiren bi ikuspuntu horiek erabateko eragina dute geografia oso baten bizimoduan. Suniten eta xiiten arteko zatiketak zeharo baldintzatu du, kazetariaren ustez, egungo panorama beltza. «Kanpotik ikusita, denek denen kontra diharduten gerra bat dela dirudi, baina ez da horrela. Hil edo biziko gerra da; zu edo ni. Odola odolarekin ordaintzen da, eta mendekua ezinbestekoa da. Erlijioak eta tradizioak bat egin dute, eta horrek azaltzen du azken urteetako odol isuria».
Eremu mortua
Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak liburuaren erronketako bat da, hain zuzen ere, odoleztatuta dagoen eremu konplexu bezain liluragarri horren egoerari erreparatzea. BERRIA, Elkar eta Jakinek elkarlanean argitaratutako Aleka bildumako laugarren lanak 2011ko matxinadei erreparatu die, aintzat hartuta orduko hartan astindutako ia arabiar herrialde guztiak orduan baino okerrago daudela orain. Itxaropena lehertu zen, plazaz plaza, herriz herri, mugak zeharkatuz, bata bestearen atzetik, sistema zaharren eremu mortuan udaberria loratuko zela zirudien, baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera, eta eremu antzu bihurtu da berriz ere gune hura: huts egindako estatuak, errepresioa, anabasa, estatu kolpeak, gerrak...
Endemikoaketa konpartituak ziren herritarrak plazetan protesta egitera eraman zituzten arrazoi politikoak, sozialak eta ekonomikoak. Baina zeintzuk izan ziren arrazoi horiek? Zein testuingurutan sortu ziren? Zer gertatu zen iraultzak aldi berean eta eremu berean bata bestearen ondoren kateatzeko? Zein da herrialde horien gaur egungo errealitatea? Zerk baldintzatu du iraultza kontrairaultza bihurtzea?
Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuzak erantzun dituzten galderak dira horiek. Ekialde Hurbila bertatik bertara ezagutzen duten hiru euskal kazetari horiek iraultzen arrastoetan ibili dira, gatazken muinak azalduz, sustraietara joanez, jatorriak eta ondorioak aletuz, baina, gatazkek sakonean ertz asko dituzten heinean, baita hegiei begiratuz ere, geopolitikoei eta geografikoei, urrun geratzen zaigun mundu batera gerturatuz, lekukotasunak jasoz, eta, beste ezeren gainetik, ikusitakoa kontatuz, begirada propioz, kazetaritza ariketa zorrotzean; azken batean, kontakizun bat dakar saiakera liburu honek.
Aiestaranek, Irandik abiatuta, beste hiru herrialdetan kokatu du bere kontakizuna: Irak, Siria eta Palestinan. Irakeko 2003ko AEBen inbasioa izango da beste mugarria. Washingtonek herrialdea suntsitu eta sekten arteko harremana apurtu zuela dio kazetariak. Bagdadeko argazki bat dakar: «Inbasioak Ekialde Hurbileko hiriek duten xarma lapurtu zuen, eta hiriak kaiola itxura hartu du».
Siriako gerraz ere luze aritu da —«mundu gerra txiki bat», haren hitzetan—, eta testuinguru horretan sortutako munstroaz: Estatu Islamikoa. Egun bizitoki duen herrialdearekin amaitu du kazetariak bere atala. Israelek Palestina historikoa okupatu zuela 50 urte bete dira aurten, eta gerra haren ondorioak gaur egungo okupazioak ezarritako statu quo-an islatzen direla dio Ayestaranek: «Zisjordaniako okupazioak ez du etenik. Estatu juduak Jerusalem anexionatu du».
Liburuaren hasierara itzulita, baina, xehetasun batean erreparatu du kazetariak. Irango olatu berdea izan zen, kazetariaren ustez, iraultzen abiapuntua: «Honek esan nahi du jaiotzez ez zela arabiarra». Mugimendu hori amaitu eta bi urtera, kaleak eta plazak diktaduren kontra bete zirenean, iraultza arabiarra deitu beharrean esnaera islamiarra deitu zioten protestei Teheranen.
Mugak zeharkatuz
Tunisia, Egipto, Libia, Yemen... Iraultzek Ipar Afrika osoa zeharkatu zuten orduan. Ane Irazabalek, bada, iraultzen abiapuntu ofizialean hasi du bidaia. Tunisia da udaberri arabiarretatik eratorritako eredu arrakastatsu bakarra, eta horren ezaugarriei heldu die kazetariak: «Iraultzaren pozak eta tristurak, garaipenak eta porrotak, eta batez ere kontraesanak. Ezen matxinadaren sinbolo den herrialdeak beste guztiek baino jihadista gehiago esportatzen baititu Siriara».
Egiptoren argazkia oso bestelakoa da —bi herrialdeen erkaketa egin du kazetariak gakoen bila—. Tahrir plazan ozen mintzatu ziren oposizioko ahots guztiak isilarazi egin dituzte berriro. «Egipton hiru pertsonaren desagerpena salatzen da batez beste egunean. Ekintzaileen atxiloketa estrajudiziala oposizioa isiltzeko taktika eraginkorra bihurtu da Abdel Fata al-Sisiren erregimenarentzat».
Karlos Zurutuza kazetariaren eskutik dator azken zeharkaldia, ertz geografikoetatik, kartografian azaldu ohi ez diren herrien arrastoetatik, aitorpenik eta ahotsik ez duten horietatik, agerian utziz iraultzak ez zirela arabiarrak izan —edo ez soilik arabiar iraultzak bederen—, aldi berean beste hainbeste iraultza izan zirela.
Itzaleko suak izena du liburuaren azken atalak. Rojavako kurduak, hirugarren bideari jarraikiz —ez gobernuarekin, ez eta oposizio armatuarekin ere—, erresistentziaren ikur bihurtu ziren Sirian. «2012ko udan, Siriako kurduak euren eskualdearen jabe bilakatu ziren; ez zen tiro hotsik entzun, baina abian zen iraultza isila bezain sakona». Abdullah Ocalanen proiektu politikoa ari dira hezurmamitzen.
Libiako amazigen egoerari ere erreparatu dio Zurutuzak. Huts egindako estatu batean nola bereari eutsi dioten. Eta amaitzeko, eta zirkulua itxiz, nazioarteko hainbat adituk diotenari helduz, iraultzen abiapuntu izan zen eremura joan da kazetaria; Mendebaldeko Saharara, Sahara okupatura, alegia.
Gdeim Izik kanpalekua izan zen, hainbat ahotsen ustez, iraultzen sua piztu zuena, eta «egia izan ala ez» desafioa izan zela azaldu du kazetariak, «protesta eta manifestazio oro debekatuta dauden eskualde batean».
Iraultzen arrastotik
'Iraultza arabiarrak' izenez ezagun egin zen fenomenoa abiapuntu hartuta, hainbat herrialdetako egoera geopolitikoaz aritu dira Mikel Aiestaran, Ane Irazabal eta Karlos Zurutuza kazetariak 'Ekialde Hurbila, muinak eta ertzak' liburuan. BERRIA, Elkar eta Jakinen Aleka bildumako laugarren lana da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu