Poliziaren aurrean deklaratu behar izan du berriki Blessing Chinsingak. Malawiko Unibertsitatean Zientzia Politikoak irakasten ditu, herrialde arabiarren erreboltak erabili zituen, adibide gisa, ikasleen aurrean. Polizia etxera eraman zuten, protestarako hazia ereiten jardutea leporatuta. Chinsingari babesa adieraztera ehunka lagun irten dira kalera, eta indarrez itzali dituzte protestak. Bingu wa Mutharika Malawiko presidenteak berak ere esku hartu du polemikan, egonkortasuna askatasun akademikoaren gainetik dagoela esanez.
Nola ikusi dira iparraldeko matxinadak Malawin?
Altxamenduek urduritasuna zabaldu dute agintarien artean, badakitelako ez dutela gobernatzen herritar xumeen interesak zainduz. Pribilegioez abusatzen dute, eskualde zehatz bateko, edo hobeto esanda, tribu zehatz bateko herritarrei mesede egiteko. Horregatik, beldur dira iparraldeko gertakariek izan dezaketen ondorio kutsakorraz. Ikusi dute gizon eta emakume arruntek posible dutela gobernu autokratikoak boteretik kanporatzea herri mugimenduen bidez. Eta horrek hotzikara eragiten die.
Saharaz hegoaldeko beste gobernuetan ere antzeko erreakzioa sumatu al duzu?
Izututa daude denek. Eta hori gertatzen da gobernu gehienek ez dutelako zilegitasunik, herritarren nahiak betetzen asmatu ez dutelako. 90eko hamarkadaren erdialdera, demokraziarako trantsizioa izan zen herrialde ugaritan. Herritar askok hura bigarren independentzia gisa bizi izan zuten, euren bizimodua hobetuko zuen mugarri gisa. Baina oso gobernu gutxik lortu dute hauteskunde demokraziatik haratago joatea. Jende gehiena okerrago bizi da, ez dute hobekuntzarik igarri. Horrek guztiak zilegitasuna kentzen die gobernuei, eta iparraldeko gertakarien efektu kutsakorraren beldur dira.
Zeintzuk dira altxamendu bat gertatzeko behar diren baldintzak? Ba al dira baldintza horiek hegoaldean?
Nagusiki bi baldintza dira beharrezko: agintarien jarduna oso makurra izatea eta jendearen zailtasun ekonomikoak ere muturrekoak izatea. Lehenengo baldintza, hala ere, nahikoa izan daiteke errebolta bat sustatzeko. Libiako kasuan argia da hori. Malawin baldintza horiek badaude, baina egoera ez da hain muturrekoa, ez da jendea altxamendu batera bultzatzeko bestekoa.
Gerta al daiteke antzeko zerbait beste herrialderen batean?
Egia esanda, ez dut uste. Alde kultural eta politikoak ikusten ditut. Afrikako iparraldeko herrialdeek diktadoreak izan dituzte orain arte, eta hegoaldeko herrialderik gehienetan, gutxienez, askatasun politikoa hedatuxeago dago. Frustrazio eta etsipenaren neurria desberdina da. Hegoaldeko gobernu gehienek kontzesio bakan batzuk eginak dituzte, eta jendeak baditu bere frustrazioak bideratzeko moduak. Holakorik ez da izan iparraldean.
Islamaren faktorea ere ezin da ahaztu. Saharaz hegoaldeko herritar gehienek beldurra diote heriotzari, eta iparraldean, berriz, martiri bihurtzea txalotu egiten da.
Zer eragin izango dute orduan matxinadek?
Afrika iparraldeko matxinadek lortu dutena da jendea animatzea era ireki eta ausartean espazio berriak sortzera eta gobernuei buruz hitz egitera, kexei buruz hitz egitera. Iparraldeko errebolten aurretik ez zegoen horrelakorik. Ziurrenik, ez da iraultzarik gertatuko, baina efektu orokor bat aitortzea garrantzitsua da.
Bestalde, agintarien eta herritarren arteko balantza, bigarrenen alde jarri da. Altxamenduakmugak jartzen ari dira hainbat agintariren gehiegikeria lotsagabeei.
Interneteko sare sozialek zer betekizun izan dute altxamenduetan?
Sare sozialek gaitasun itzela dute, mobilizazioa bultzatzeko, ideiak partekatzeko eta, kexa batzuetatik abiatuta, egoera orokorraren inguruan ikuspuntu bateratua lortzeko. Saharaz hegoaldeko herrialde gehienetan, hala ere, sare sozialen efektua oso mugatua da. Landa eremuan bizi da populazio gehiena, Interneterako sarbidetik oso aldenduta. Eta altxamendu hauek ezin dute arrakastarik izan masa kritikoa inplikatuta ez badago.
Afrikako Batasunak izan behar al luke jokabide aktiboago bat, batez ere giza eskubideak arriskuan dauden kasuetan?
Hala behar luke, baina ez da horrelakorik gertatuko, Afrikako Batasuna lagun zaharren klub bat baita. Oso buruzagi gutxik dute ausardia beste buruzagi bat atzamarrarekin seinalatu eta demokraziatik aldenduta dabilela salatzeko. Oso gutxik esan dezakete, gainera, moralki besteak baino jokabide zuzenagoa dutela. Eta egoera horrek ez du posible egiten adostutako ekintzarik. Kasurik onenenean ekintza erretorikoren bat egingo du. Logika oso sinplea da: Bibliak esaten duen bezala, ezin da lagunaren begiko lastoa salatu nork bere begian habea badu.
Nola eragingo diete errebolta hauek kontinentearen etorkizunari?
Bidegurutze garrantzitsu bat izango dira gertakariok gobernatzeko bidean. Agintarien eta herritarren arteko harremana aurrerantzean ez da berdina izango, nahiz eta perfektua izatetik urruti egongo den. Buruzagiek beti izango dituzte gogoan matxinada hauek, bai orain bai etorkizunean. Ezin dutela nahi dutena egin ikasi dute. Zilegitasuna nahi badute herria errespetatu beharra dutela ikasi dute.
Desberdin begiratuko dio munduak Afrikari?
Bai, zalantzarik gabe! Munduak ikusi du Afrikako herritarrek badutela gaitasuna autodeterminaziorako. Gure etorkizuna molda dezakegun herritar gisa ikusiko gaituzte hemendik aurrera, eta hori oinarria izango da barnetik sortutako demokrazia baterako.
Blessings Chinsinga. Malawiko aditu politikoa
«Iraultzak mugak jartzen ari dira hainbat agintariren gehiegikeria lotsagabeei»
Saharaz hegoaldeko agintariak urduri eta kezkatuta sumatzen ditu, ikusi dutelako gizon eta emakume arruntak gai izan direla, herri mugimenduen bidez, gobernu autokratikoak boteretik kanporatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu